Arte Ederrak ikasi bitartean, eskulturarekin zerikusia zuten derrigorrezko irakasgaiak besterik ez zituen jaso Sahatsa Jauregi eskultore, artista eta Euskal Herriko Unibertsitateko irakasleak (Itaparica, Brasil, 1984). Ikasketak amaitu ostean piztu zitzaion, ordea, diziplina horren ingurukointeresa. Ordutik, egunerokoan aurki ditzakeen objektuekin eraikitzen ditu figurak; askotan bakarrik, beste askotan lagunen laguntzarekin. Euskal Herritik kanpo, Palman eta Gironan (Herrialde Katalanak) ere egin ditu erakusketak, eta, horrez gain, zenbait sari jaso ditu: Gure Artea, 2019an; eta Arco azokan, berriz, Madrilgo Erkideagoaren saria, aurten. Gasteizko Artium museoak Flux Cored erakusketa antolatu du orain artistaren lanarekin, eta irailaren 3ra bitarte egongo da zabalik.
Soldatze teknika berezia erabili duzu Artiumeko obrak egiteko.
Ez da hain berezia, berez; soldatzeko ohiko teknika da. Flux Cored izeneko haria erabiltzen du: metalezko tutu batek gasa gordetzen du barruan, eta gas horrek, elektrizitatearen bidez, metala soldatzeko bidea ematen du. Teknika hori erabiltzen hasi nintzenean, materiala bilatzeari ekin nion, eta hariaren deskribapenetan berezitasunak aurkitu nituen. Guztiz deskriptiboak ziren, baita poetikoki estimulatzaileak ere, eta interrelazioetara estrapolatu nitzakeela pentsatu nuen.
Nolako deskribapenak ziren?
«Nukleo urgarriko bihotza duen tutua», adibidez. Edota: «Gorputz bik bat egiten dutenean, oxidoa babesteko atmosfera sortzen dute». Partikula horiekin, eskulturarako materialtasun jakin bat lantzea otu zitzaidan: eskulturak gauza zurrun bat babestea, eta gauza zurrun horrek beste material bat gordetzea bere barnean. Horien arteko harremana eta tentsioa interesatzen zitzaizkidan.
Zein izan zen erakusketarako abiapuntua?
Orain dela hiru urte, bildumarako pieza batzuk erosi zizkidaten, eta horiek testuinguruan jarri nahi zituzten. Lehenengo pausoa izan zen pieza horiei begira jartzea eta neure buruari galdetzea: «Zer egingo dut zuekin?». Autokomisariotza egin nuen orduan, eta erakutsi ez nuen pieza bat aukeratu nuen lan egiten hasteko.
Ezaugarri berezirik ba al zuen?
Elementu oso deigarri bat zuen, bai: indartsuz eta superheroiz mozorrotzeko erabiltzen den gomazko bularra. Teknologiaren eta makinen bitartez gorputzak nola aldatzen diren islatu nahi nuen. Hiperrealista eta egiazkoa zen, baina esajeratua eta hiperbolikoa ere bai; errealitatearen fikzioa seinalatzen zuen. Azkenean, ordea, ez nuen erakusketan jarri.
Erakusketarako bereziki sortu zenituen obra gehienak; aurretik egindako lan bakarra dago.
Bai, manikiaren buruarena. Piezak testuinguruan jartzeko zerbait identifikatu nuen horretan ere: gorputzen irudikapen zatikatua. Gainera, haragi koloreko maniki batek esanahi propioa du, eta pieza horrek, besteek ez bezala, egun egiten ditudanen antza du.
Zure lanetan bereziki errepikatzen diren bi elementu daude: hankak eta takoiak. Zergatik?
Gorputzaren eta generoaren interpretazio soziala nola egiten den interesatzen zait. Eta horrek nola hiperbolizatu dituen bi generoekin zerikusia duten elementu asko. Haien jatorriaren fikzioa seinalatu nahi dut; egia gehiago egon daiteke Isabel Pantoja imitatzen duen drag show batean, Isabel Pantojan baino.
Zer transmititu nahi duzu?
Sentsualitatea, sexualitatea eta desira hor egotea gustatzen zait. Uste dut alboraturik egon den ardura eta pasioa dela, nire testuinguruan behintzat, eta horrek mugitzen ez bagaitu, ez dakit zerk mugituko gaituen. Horrek eta umoreak ere bai. Nik badakit askotan zein eragin duten nire eskulturetan jartzen ditudan arrautza frijituek. Arintasun horretatik aritzea gustatzen zait.
«Inork nahi ez dituen objektuekin» egiten dituzu eskulturak.
Hautsa eta distira biltzen duten objektuak gustatzen zaizkit. Zaharkiturik daude, baina garai bateko distira gordetzen dute. Dekadentziaren ideia nola islatzen duten gustatzen zait. Aipatu dudan mozorroaren ideiarekin bat egiten dute: gauza biek irudikatzen dute fikzioaren gainbehera.
Nola aukeratzen dituzu?
Buruxkari bat naiz. Badakit zein material bihurtu ditzakedan eskultura, eta oso adi nago beti. Gustua eta interesa entrenatu egiten dira, eta nik begi zorrotza garatu dut. Islarekin zerikusia duten objektuak aukeratzen ditut maiz, inguruan dagoenaren eta lantzen dituzun eraren arabera aldatu egiten direlako. Esaterako, ispiluak.
Objektuak, baina, ez dituzu bata bestearekin iltzatzen. Zergatik?
Azkenaldian asko liberatzen nau pentsatzeak pieza batzuk desagertuko direla eta beste batzuk ez direla berriz erakutsiko. Badago jarrera kontserbatzaile bat egindakoa gordetzeko, baina egindako horrek aurreko garai bati dagokio askotan. Gaurko Sahatsak, agian, ez luke gauza bera egingo, eta, agian, ez du gustuko.
Nola sortu zitzaizun objektuekiko zaletasun hori?
Txikitatik eduki izan dut harreman fetitxista objektuekin. Gurasoek bizimodu nomada izan zuten nire bizitzako lehen urteetan. Gauza guztiak furgonetan sartu, eta azoka txikietara eramaten genituen, saltzeko. 1980ko eta 1990eko hamarkadetan kontrabandoaren ideia presenteago zegoen, eta ondasun materialen mugimendua naturalagoa zen. Horretan aritzen ziren haiek.
Unibertsitatean, berriz, ez zenuen eskulturan interesik.
Eskuraezina, abstraktuegia, bakartia eta oso autonomoa iruditzen zitzaidan. Gainera, lengoaia propioa garatzeko hautazko irakasgairik hartu ez nuenez, ez nuen hori ulertzeko bitartekaritza lanik jaso, eta harmailetan geratu nintzen.
Zeintzuk izan ziren zure ezagutzaren iturriak?
Ezagutza herrikoiak, eskultura instituzionalaren periferietan gertatzen diren gauzak. Baserri bateko hesiak, lorategiko jostailuak eta txorimaloak elkarren artean duten harremanak inspiratzen nau. Ez dira artea izateko sortuak izan, baina sentikortasun bat dute. Artista akademizatua naizen arren, praktika amateur horiek ahalbidetu zidaten eskultura ezagutza teknikorik izan gabe egitea.
Ikasketak amaitzean argi zenuen artista izan nahi zenuela?
Gauzak egin nahi nituela, bai. Neure burua artista ezaguntzat hartzeak eta posizio hori patxadaz bizitzeak barne gatazka sortzen dit oraindik. Gure Artea sariaren ondoren, lasaiago bizi dut hori.
Zergatik sortzen dizu gatazka?
Diziplina kodifikatutzat hartzen du gizarteak artea; egunerokotikoso urruti dagoela uste da. Artista bazara, leku helduezin bat hartu behar duzu, baina denok izan nahi dugu gizartearen parte. Posizio nahiko konplexua da, eta nik eta nire ingurukoek ez dugu erosotasunez bizi. Beti izan dut gauzak egiteko bultzada handia, baina artista izatekoa... Ez.
Eskultura egiteko modua aldatu da gaur egun?
Bai, Oteiza eta abarren ondorengo belaunaldiak eragin handia izan zuen nik ikasi nuenean: Txomin Badiola, Ibon Aranberri, Pello Irazu... Orain, Interneten, musikaren eta kultura herrikoiaren lengoaiak askoz integratuago daude, eta identitate arazoek askoz gehiago zeharkatzen dute eskultura. Garai hartan, egiten zenuen artearekin distantzia eraikitzeko ohitura zegoen. Orain, askoz ere erreferentzialagoa da.
Eta politikoki aldaketarik bai?
Diskurtso global eta orokorrak krisian daudenean, norberaren politika eta identitatea dira geratzen zaizkigun gauza bakarrak. Gaur egun, zaila da kulturaren eremuan politikoki identifikatuko zaituen alor bat bilatzea. Aurreko belaunaldien abertzaletasun hori ere zeharo galdu da.
Inguruko artistek eragina dute zuk egiten duzun artean?
Azkenaldian askotan pentsatzen aritu naiz norberaren lanaren eta lan kolektiboaren arteko harremanean eta tentsioan. Lan indibiduala defendatzen dut, hortik gauza interesgarriak ateratzen direlako, baina animalia sozialak gara, eta behar dugu edan gure ingurutik. Niri asko gustatzen zait lagunak estudiora gonbidatzea eta, inprobisazioaren bidez, eszena batzuk ahalbidetzeko baldintza teknikoak proposatzea, gero eskulturak sortzeko.
Artiumeko erakusketarako ere hala egin zenuen?
Bai, leiho bat izan da eskulturan kolektiboki lan egitea. Interdependentzia sortzen duten egoera batzuk eragin nituen, oso forma sinple batzuetatik abiatuta. Bi tangek izar bat osatzen dute kontrako norabidean, baina sei tentsio puntu behar dituzte. Hiru lagunek koreografia batzuk egin zituzten orduan, kuleroei forma desberdinak emateko.
Bestelako modus operandi-rik?
Asko gustatzen zait estudiora heltzen naizenean garbitzea, eta estudioa uzten dudanean, deskonektatzea. Nahiago dut arratsaldez lan egin, goizetan besteei begira nagoelako batez ere. Munduak erritmo jakin batean funtzionatzen du, eta zuk horren parte izan behar duzu. Arratsaldeak eta ilunabarrak norberarekin egoteko egokiagoak direla uste dut.
Zer feedback eman dizu publikoak orain arte?
Feedbacka koma artean jartzeko zeozer da. Kritika zuzena egiteko oso ohitura gutxi dago, orokorrean. Oso ona zarela esaten dizute zuri, baina atzetik kontrakoa esaten dute. Hutsune bat dago hor. Nik askotan galdetzen diot nre buruari: «Zer esango du jendeak ni aurrean ez nagoenean?». Uste dut ez daudela egiten duzunaren inguruan kritikoki eta kolektiboki eztabaidatzeko behar bezalako espazio erosoak.
Arcon saritu zaituzte, ordea. Nola sentiarazten zaitu horrek?
Sari bakoitzak bere errealitatea eta oihartzuna ditu. Euskal Herrian urte asko eman ditut modu konprometituan lanean. Sistemaren baldintza propioek, baina,sentiarazten didate bertan egiten den ondarea autokontsumorako dela. Alde horretatik, nekatuta nengoen, eta beste lekuetatik onarpena jasotzea eta obrak saltzeko aukera izatea beti dago ondo. Artea merkantilizatu behar ez den ideiari agur esan genion, XX. mendeari bezala.
Sahatsa Jauregi. Eskultorea, artista eta irakaslea
«Egun, norberaren politika eta identitatea dira geratzen zaizkigun gauza bakarrak»
Garai bateko «hautsa eta distira» duten objektuekin sortzen ditu Sahatsa Jauregik eskulturak, eta horiekin osatu du, hain zuzen, Artiumen ikusgai den erakusketa. Sexualitateak eta umoreak bat egiten dute haren lanetan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu