EGOren udako kontzertuak, erronkaz beteak

Euskal Herriko Gazte Orkestrak aurretik jo gabeko obrekin osatu du udako birako kontzertuetako egitaraua. Seohyun Kim korear biolinista izango du lagun.

Ruben Gimeno, Ibone Bengoetxea, Seohyum Kim, Iban Garate eta German Ormazabal, gaur goizean, Donostian. JON URBE / FOKU
Ruben Gimeno, Ibone Bengoetxea, Seohyum Kim, Iban Garate eta German Ormazabal, gaur goizean, Donostian. JON URBE / FOKU
Garazi Karrera
Donostia
2024ko uztailaren 17a
15:18
Entzun

Erakusketa bateko margolanak obraren «bertsio hau» lehen aldiz joko dutela esan du German Ormazabal Euskal Herriko Gazte Orkestrako koordinatzaile nagusiak. Eta hori hala dela adierazteko arrazoia ere eman du: «Iban Garateren narrazioak txertatu ditugulako diot hori, bisita gidatu moduko bat eskainiko baitigu, obraren oinarrian dagoen leitmotiva azalduz». Horrela, entzuleak Modest Mussorgski musikagile erromantikoak konposatu eta Maurice Ravelek egindako doikuntzetatik sortutako obraren xehetasunak ezagutuko ditu. Hain zuzen, Ruben Gimeno orkestrako zuzendari artistikoak obraz «gozatzeaz» arduratu behar direla azpimarratu die kontzertuetako entzuleei: «Ibanek lagunduko digu musika hobeto ulertzen». Mussorgskik pianorako konposatu zuen hasieran Erakusketa bateko margolanak, bere lagun mina zen margolari baten erakusketa bateko pinturei omenaldia egiteko. Hainbat urte geroago, Ravelek orkestrazioa erantsi zion, eta gaur egun hark emandako musikalitateagatik ezagutzen da, batik bat, obra. Mussorgskiren obraz gain, Antonin Dvoraken Haizezko instrumentuentzako serenatak eta Piotr IlitxTxaikovskiren Biolinerako kontzertua joko ditu gaur hasiko duen udako biran.

Hain zuzen ere, gaur goizean aurkeztu dute EGOren bira Euskadiko Orkestraren egoitzan, Donostian. Ormazabalekin eta Gimenorekin batera, Iban Garate aurkezlea, Seohyun Kim biolinista korearra eta Ibone Bengoetxea Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburua eta EGO Fundazioaren patronatuko lehendakaria izan dira. Birako lehen kontzertua Hondarribiko (Gipuzkoa) Itsas Etxea auditoriumean izango da, bihar. Ostiralean, Azkoitiko (Gipuzkoa) Baztartxo udal antzokian emango dute kontzertua; larunbatean, Donostiako Viktoria Eugenia antzokian; igandean, Bilboko Euskalduna jauregian; eta Gasteizen amaituko dute bira, Principal antzokian, hilaren 22an. Ehun musikari gazte eta irakasle baino gehiago elkartu dira hamar egunez orkestrak antolatutako egonaldi artistikoan.

Aurtengo egitarauarekin «arriskatu» egin direla azaldu du Ormazabalek; hain zuzen, Mussorgskiren obraz gain, beste bi lan interpretatuko ditu EGOk, biak ala biak estreinakoz. Batetik, Dvoraken Haizezko instrumentuentzako serenatak obra joko du orkestrak; bestetik, Txaikovskiren Biolinerako kontzertua.Azken konposizio horretan, Seohyun Kimen parte hartzea izango dute euskal musikari gazteek. «Ohorea» da Seohyun Kimek EGOrekin bat egitea, eta «zortekoak» sentitzen direla adierazi dute orkestrako bi arduradunek. «Zuzentzen ari naizenean, zera pentsatzen dut: nola da posible 15 urteko musikari batek horrelako trebetasuna izatea instrumentuarekin? Izugarria da», aitortu du Gimenok.

«Zuzentzen ari naizenean, zera pentsatzen dut: nola da posible 15 urteko musikari batek horrelako trebetasuna izatea instrumentuarekin? Izugarria da»

RUBEN GIMENOEGOko zuzendari artistikoa

Biolinistak, bere aldetik, adierazi du Txaikovskiren pieza «benetan berezia» dela beretzat, duen sakontasun emozional eta teknika bikainagatik. «Gogo handia dut euskal entzuleekin partekatzeko. Esperientzia ahaztezina izango delakoan nago». EGOrekin joko duen aurreneko aldia izango da, eta horrek ere ilusioa pizten diola gehitu du. «Lehen aldia izango dut Euskal Herrian, eta ohore handia da Euskal Herriko Gazte Orkestrarekin jotzeko aukera izatea. Asko emozionatzen eta pozten nau euskal publikoa orkestrako kideekin batera ezagutzeak. Une bereziki zoriontsua izango delakoan nago».

Emozioak eta babesa

Garatek gonbita egin die entzuleei: «Musika klasikoa, musika kultua... nik ez dakit ezer musikaz. Artea, artelanak, koadroak... nik ez dakit ezer koadroez. Bada, Mussorgskiren lan honetan agertzen diren koadroek zer dioten kontatuko dizuegu; hitzez eta musikaz jantzita». Kontzertuan iruditeria berriak sortuko direla dio aurkezleak, bati zein besteari eragindako emozioetatik. «Ikusiko duzue emozioen bidetik orkestra hain gertu izanda badela nolabaiteko gozamena. Buruan geratzen den esperientzia bat da. Horretarako, mugak hautsi behar dira, eta orkestraren doinuetara hurbildu», esan du publikoari zuzenduz.

«Mussorgskiren lan honetan agertzen diren koadroek zer dioten kontatuko dizuegu; hitzez eta musikaz jantzita»

IBAN GARATEKontzertuen aurkezlea

Prentsaurrekoan izan diren partaideak bat etorri dira zaletasunetik bizi ahal izateko «babestua sentitzea ezinbestekoa» dela. Garatek azaldu duenez, «babes horrekin hazten zoaz, hazten eta hezten», eta, horretarako, EGO «oso leku ona» da. Bengoetxeak gazte orkestra «talentua zaindu, hezi eta profesionalizaziorako jauzia egiteko tresna aproposa» dela gehitu du: «Badaukagu harrobia, beraz».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.