«Areto honetan dagoena ez da erakusketa bat; JAI-n bizi izandakora, han egindakora eta egiteke dagoenera hurbiltzeko ariketa bat da. Gure gorputzetan daramaguna eta lantegian utzi duguna». Hala dio JAI Jardun Artistikoaren Institutuan parte hartu duten artisten obrak ezagutarazteko antolatu duten proiektuaren kartelak. Eta ongi islatzen du Gasteizko Artium museoko A4 aretoan ikusgai dagoena: bideo instalazioak, performancetik sortutako objektu multzoak, argazkiak eta margolanak bildu dituzte. Ez dira artelan hutsak, hala ere; bi hilabeteko lan prozesu baten emaitzak dira. Egonaldi baten aztarnak.
Gasteizko Artium museoak eta Donostiako Tabakalera zentroak elkarrekin jarri zuten martxan sorkuntza artistikoa bultzatzea helburu duen JAI programa. Tutoreen eta irakasle talde baten laguntzaz, Akane Saraiva, Antonio Menchen, Cecile Brousse, Charlotte Nordgren Sewell, Diego Diez, Izaro Ieregi, Ibon Landa, Jara Navarlaz, Mikel Escobales eta Rocio Agudo artistek beren proiektuak landu zituzten uztailaren 1etik abuztuaren 28ra, Donostian egindako egonaldi batean, eta orain bertan garatutakoa ezagutarazteko erakusketa bat antolatu dute: Zerbait gertatzeko, derrigorrezkoa desbideratzea jarri diote izena, eta atzo aurkeztu zuten, Gasteizen.
«Ospatzea inportantea da; batez ere, bizitzen ari garen momentu hauetan», adierazi zuen Clara Monterok, Tabakalera zentroaren Kultura zuzendariak. Izan ere, azaldu zuen proiektua otsailean aurkeztu bazuten ere, konfinamendua tarteko, «zalantza ugari» izan zituztela aurrera egin edo ez erabakitzeko. «Aurten egin duguna prototipo bat izan da, baina prototipoa bera ere mirari bat izan da», zehaztu zuen. Izan ere, zalantzak zalantza eta zailtasunak zailtasun, lortu dute hasierako asmoak gauzatzea. «Aurrera egitea erabaki genuen, JAI-ri lehenengo aukera ematea, eta, horregatik, are poz handiagoa daukagu lortu dugunarekin».
Lehen aldia da bi kultur zentroek halako ekimen bat martxan jartzen dutena. Hain zuzen ere, biek «elkarlanerako erakutsitako borondatearen emaitza» dela zehaztu zuen Beatriz Herraez Artiumeko zuzendariak. Eta bereziki azpimarra egin zuen nazioarteko artista gonbidatuek «eskola bultzatzeko» egindako ekarpenean.
Metodologiaren ariketa
Euskal Herriko nahiz nazioarteko hamar gaztek hartu dute parte ekimenean, eta askotariko diziplinak uztartu dituzte beren lan prozesuetan. Praktika artistikoa ardatz izan duen udako eskola baten gisan funtzionatu du JAI-k oinarrian, baina Ibon Aranberrik azaldu zuen haren egiturak ez duela eskola baten antzik izan, «ez baitu plan pedagogikorik izan».
Zehazki, gonbidatu bakoitzak azaldutako jakintza praktikoaren bitartez gauzatu du bere jarduna artista bakoitzak: alegia, transmisioaren bitartez finkatu dute beren metodologia, eta aurretik landutako edo pentsatutako asmo oro bazter uztera behartu dituzte parte hartzaileak. Horretarako Aranberri bera arduratu da, Asier Mendizabal eta Itziar Okarizekin batera, parte hartzaileei tutoretza lanak egiteaz. «Metodologia ariketa bat bilakatu da oinarrian, eta erakusketarekin amaitu bada ere, helburua da edukiak erakusketa gune batera nola transferitu daitezkeen ulertzea. Erakusketaren ideia ez baita artista bakoitzak bere lana erakutsi ahal izatea, baizik eta esperientzia hura erakusketa espazio batera eramateko modu bat garatzea».
Itziar Okarizek azaldu zuen prozesua une oro «kolaboratiboa» izan dela, nola Tabakaleran, hala Artiumen. Eta gaineratu zuen emaitza hori erakusketan islatzen dela artelanek «elkar erreakzionatzen» dutelako. «Nahastuta daude, elkarren ondoan jarrita, eta horrek askotariko irakurketak sortzen ditu, transmisio horren erakusgarri izan daitezkeenak». Abenduaren 20ra arte izango dira ikusgai.
Egonaldiaren aztarnak
Gasteizko Artium museoan ikusgai daude hamar artistak Tabakalerako JAI Jardun Artistikoaren Institutuan udan zehar garatutako proiektuak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu