EGOk Tolosan hasiko du neguko bira, astelehenean

Horren ondotik etorriko dira urte hasieran Donostiako, Gasteizko eta Bilboko kontzertuak, hurrenez hurren. Iker Sanchezek zuzenduko ditu gazte orkestrako 79 musikariak. Brittenen eta Beethovenen konposizioek osatzen dute programa.

Iker Sanchez neguko topaketetako zuzendari gonbidatua EGOko ikasleak zuzentzen. JON URBE / FOKU
Iker Sanchez neguko topaketetako zuzendari gonbidatua, EGOko ikasleak zuzentzen. JON URBE / FOKU
Garazi Karrera
Donostia
2024ko abenduaren 27a
14:14
Entzun

Bete-betean asmatu zuen Benjamin Britten konpositoreak (Erresuma Batua, 1913-1976) Gazteentzako orkestra gida sortu zuenean. Ez dago Euskal Herriko Gazte Orkestrako 79 musikarien ustekabe aurpegiak ikustea bezalakorik hori baieztatzeko. BBC Erresuma Batuko irrati eta telebista publikoak eskaera bat egin zion konpositoreari 1945ean: entzule gazteenei orkestra baten funtzionamendua azaltzea. Bada, helburua bete zuela frogatu dute EGOko musikariek gaur Musikenen (Donostia) egin duten entseguan. Izan ere, lehen aldiz elkartu da talde osoa obra jotzeko, eta, ondo hasi badira ere, are hobekiago amaitu dute entsegua. Hortaz, ulertu dute nola funtzionatzen duen orkestra batek.

Hori horrela dela egiaztatzeko, EGOk lau kontzertu eskainiko ditu neguko topaketetan. Tolosako Leidor antzokian izango da lehena, astelehenean, 19:00etan. Gainerakoak datorren urtean izango dira. Donostian urtarrilaren 2an izango da, Viktoria Eugenia antzokian. Hurrengo egunean, berriz, Gasteizen, Jesus Guridi kontserbatorioan. Bilbon izango da azkena, Euskalduna Jauregian. Hiru emanaldi horiek 19:30ean hasiko dira.

Ikuskizuna musika baino gehiago da

EGOk jardunaldi horietarako diseinatu duen programa «ezin hobeto» pentsatua da, Iker Sanchez neguko topaketako zuzendari gonbidatuaren hitzetan. Izan ere, gazte orkestra batekin lan egitean hainbat elementu hartu behar dira kontuan; horietako bat da errepertorio «paregabe» bat ezagutaraztea: «Horregatik, bi maisuren bi obra hautatu ditugu: bata Beethoven da, XIX. mendekoa, eta bestea, Britten, XX. mendekoa».

Aipatutako azken horrekin jarraitu du zuzendariak: «Gazte batek gazteentzat sortutako obra da Brittenena, eta horrek, ikasleari interes didaktikoa emateaz gain, kalitate artistiko handia ere ematen dio kontzertuari». Horrez gain, Henry Purcell konpositore barrokoaren lan batean oinarritutako melodia duela argitu du, eta orkestra sinfoniko baten zati instrumentalak ezagutzeko erreferentzia «bikaina» dela nabarmendu. Gainera, ezagutze hori Kepa Errasti aktoreak «erraztuko» duela adierazi du German Ormazabal EGOko koordinatzaile nagusiak; izan ere, hura izango da narratzailea.

Beethoveni dagokionez, 7. sinfonia interpretatuko dute la maiorrean. Sanchezek azaldu duenez, egileak berak haren «lanik onenetako bat» izan zela aitortu zuen. Lau mugimendu biltzen ditu: Poco sostenuto – Vivace, Allegretto, Vivace eta Allegro con brio. Zuzendariak bigarren zatiari egin dio keinu, pausatua eta barne-barnekoa dela esanez. Bestalde, Wagnerren hitzak ekarri ditu gogora, «dantzaren apoteosia» izendatu baitzuen Beethovenen obra.

Itzulera

Sanchezen lehen aldia izango da EGO zuzentzen; baina aurrez ere izan da orkestraren parte, tronpeta jotzen hasi baitzen 1998an. «Oso esperientzia berezia izaten ari da niretzat; hasi nuen zirkulua ixtea bezalakoa da», adierazi du. Gazteekin lan egitea pilak kargatzearen antzerakoa dela ere aitortu du: «Gogo handiz bizi dute dena, egun batetik bestera izugarrizko garapena izaten dute, eta horrek izugarri betetzen nau. Horien jakin-min goseak neroni elikatzeko ere balio dit».

«Oso esperientzia berezia izaten ari da niretzat; hasi nuen zirkulua ixtea bezalakoa da»

IKER SANCHEZ Neguko topaketako zuzendaria

Ikasleekin jarraituz, Olentzerok egin zezakeen opari «onena» ekarri diela esan du zuzendariak. Hain zuzen, lehen mailako formazio sinfonikoetatik datozen musikari profesionalek osatutako lantaldeak bat egingo du horiekin oholtzan, eta horrela, «musikari gazteenekin bakoitzaren esperientziaz eta ezagutzaz arituko dira». Londreseko orkestra sinfonikoa, Amsterdamgo Royal Concertgebouw eta Eskoziako Chamber orkestra ez ezik, Euskadiko, Bilboko eta Galiziako orkestrek ere parte hartuko dute kontzertuetan.

Sarrerak EGOko fundazioaren atarian eros daitezke.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.