EGOk eta EHGAk Pablo Sorozabal omenduko dute, lau kontzertutan

Tolosan, Donostian, Gasteizen eta Bilbon eginen dituzte emanaldiak, abenduaren 30ean hasita. Aurten 125 urte dira Sorozabal jaio zela

EGO Euskal Herriko Gazte Orkestrako kideak. EGO.
Uxue Rey Gorraiz.
2022ko abenduaren 22a
00:00
Entzun
Neguaren hotzean, EGO Euskal Herriko Gazte Orkestra eta EHGA Euskal Herriko Gazte Abesbatza elkarren epelean arituko dira datozen bi asteetarako iragarritako lau kontzertuetan. Zehazki, urteurren baten harira bilduko dira bi taldeak: 125 urte dira Pablo Sorozabal konpositore donostiarra jaio zela, eta haren omenez eginen dituzte emanaldiok. Ruben Gimeno izanen da zuzendari.

Tolosan (Gipuzkoa) ekinen diote birari, Leidor antzokian, abenduaren 30ean. Hiru hiriburutan eginen dituzte ondoko emanaldiak, errenkadan, urte berria ahogozatu bezain laster: urtarrilaren 2an Donostiako Viktoria Eugenian arituko dira; urtarrilaren 3an, Gasteizko Principal antzokian, eta, 4an, Bilboko Euskalduna jauregian.

Irailean bete ziren 125 urte Pablo Sorozabal konpositorea jaio zenetik. Obra sinfoniko eta liriko handiak sortzeagatik egin zen ezagun musikaria, batez ere. Besteak beste, 1966an konposatutako Gernika da haren lanik sonatuenetako bat, eta, hain zuzen ere, EGOk eta EHGAk hori aukeratu dute kontzertuetan interpretatzeko. Gainera, aurten 85 urte dira Gernika (Bizkaia) bonbardatu zutela. Kideek nabarmendu dute lan horrek gaitasun handia duela entzuleen emozioak pizteko. Iritzi hori du Jon Bagues musikologoak: «Arima ukitzen du».

Sibelius, Grieg, Williams

Sorozabalen Gernika ez ezik, besterik ere adituko da kontzertuetan. Jean Sibelius konpositore finlandiarraren Finlandia ere joko eta abestuko dute gazteek. Bi taldeek argudiatu dutenez, «itxaropenari eginiko ereserki bat» da Sibeliusena. 1899 sortua da, finlandiarren abertzaletasuna hauspotzeko. Horrez gainera, Edvard Grieg musikari norvegiarraren Peer Gynt eta Vaughan Williamsen Toward the Unkown Region ere interpretatuko dituzte.

Kontzertu biraren aurretik, EGOko kideek egonaldi artistikoa izanen dute lau egunez. Zehazki, Donostiako Musikenen bilduko dira, 26tik 29ra. Batik bat, ondoko emanaldietarako prestaketak gauzatzea da egonaldiaren helburua. Hori erdiesteko, hainbat irakasle aditu izanen dira gazteen gidari egun horietan.

EGO Euskal Herriko Gazte Orkestrak 25 urte bete ditu aurten.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.