EGOk 25. urteurrena borobilduko du neguko birarekin

Euskal Herriko Gazte Abesbatzarekin batera arituko da. Tolosan, Donostian, Gasteizen eta Bilbon izango dira kontzertuak

Euskal Herriko Gazte Orkestraren entsegu bat, artxiboko irudian. ANDONI CANEADA / FOKU
Naroa Torralba Rodriguez.
2022ko abenduaren 29a
15:57
Entzun

Ospakizun urtea izan da aurtengoa Euskal Herriko Gazte Orkestrarentzat. Mende laurden bete du 2022an, eta,German Ormazabal koordinatzaile orokorrarentzat, azken «ospakizuna» izango da bihar Tolosako (Gipuzkoa) Leidor antzokian hasiko den kontzertu sorta. Astelehenean Donostiako Kursaalean arituko dira; asteartean Gasteizko Principal antzokian emango dute kontzertua; eta asteazkenean Bilboko Euskalduna jauregiak hartuko du azken saioa. Ruben Jimeno orkestrako zuzendari titularrak gidatuko ditu denak.

Omenaldi kutsua eman diote urte honi, eta azken emanaldiek ere izango dute berezitasunik: Pablo Solozabalen Gernika izango da obra nabarmenduena —aurten 125 urte bete dira konpositorea jaio zenetik—. Jimenok adierazi du pieza «testu dramatikoa» dela: «Hileta martxa bat den arren, haritz sendo baten gisa mantentzeko beharra azpimarratzen du». Edvard Griegen Peer Gynt, Ralph Vaughan Williamsen Toward the unknown region eta Jean Sibeliusen Finlandia lanak ere biltzen ditu egitarauak. Batera oholtzaratuko dira orkestrako 67 musikari eta Euskal Herriko Gazte Abesbatzaren 48 korista. Ormazabalek azaldu du «elkargune izateko bokazioarekin» sortu zela orkestra, eta Euskal Herriko musika eszenari begira garatu dela urte hauetan.

Entseguak, Musikenen

Prestaketa lanetarako, Musikenek Donostian duen egoitzan egon dira EGOko kideak aste honetan, astelehenetik ostegunera bitarte. Orkestrak ohikoa du egoitza hori erresidentzia artistikorako erabiltzea.

Azken bira honekin amaituko dute urtebete iraun duen ospakizuna; izan ere, 1997an sortu zen orkestra, eta 25 urte bete ditu aurten. Besteak beste, emanaldi bikoitza egin dute Donostiako Musika Hamabostaldian, eta lehen aldiz parte hartu dute truke programa batean, Jocan Kanarietako Gazte Orkestra harreran hartuta.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.