Egoitz Rodriguez: «Gizartea mintzo da dokumentalean»

'Zerutik sua dator!' estreinatu du Zinebi jaialdian, Bizkaiak 36ko gerran pairatutako bonbardaketen inguruan egindako film batBizkaiko 37 herritan egin dute filmaketa, eta bertakoen emozioak batzen ahalegindu dira

Zerutik sua dator! filmaren aurkezpena, atzo, Bilbon. Eskuinetik bigarrena da Egoitz Rodriguez. MONIKA DEL VALLE / ARGAZKI PRESS.
Bilbo
2011ko azaroaren 17a
00:00
Entzun
«Amabost urte neukezan, egunero egur bille juten nintzen astoagaz eta abioiek etorten zien. Lau urtez abioiek gañetik kendu eziñik, egunero bonbardaketa. Kalamidade asko pasau dogu. Zelako sufrimendue! Gosie alde batetik eta ugerra bestetik. Eztaitsuela etorri halakorik, gerra akabue da». Berangoko Josefina Mota Bilbao, 90 urte, mintzo da horrela. Bizkaiko 3.000 herritarrek jositako amarauna da Egoitz Rodriguez Olea galdakaoztar zinemagileak zuzendutako lana, Zerutik sua dator!, atzo Zinebin jaialdian aurkeztua. Ez da datu historikoez egindako film bat. «Sormenezko dokumentala da. Ez da ohikoa, ez dago gidoirik; gizartea mintzo da; ez dugu off-eko ahotsik erabili», esan du zuzendariak. «Gizarteak eta herriak hitz egin dute». Sentimenduen collage hori zuzentzea, antolatzea eta bideratzea«erronka handia» izan dela adierazi du.

«Ama, zerutik sua dator», esan omen zion neskato batek amari, zerura begira zegoela, bonbardaketa gertatu baino segundo batzuk lehenago. Hortik dator dokumentalaren izenburua. Egoitz Rodriguezen berbetan, suak gauza asko adierazten ditu. «Suak dena txikitzen du, baina suarekin eraiki ere egiten da».

36ko gerraren garaiko bonbardaketez berba egitean, Gernika da mintzagai nagusia, baina badaude orain arte ezkutuan egon diren beste zenbait herritako bizipenak ere. «Memoria gure aurreikuspenen aurretik joan da. Hasieran, gure asmoa 25 herri bisitatzea zen, baina beste herri askotako jendea etorri zitzaigun, eta, azkenean, 37 herritako memoria historikoa batu dugu». 50 lagunen testigantzak jaso dituzte guztira. Gazteenak 8 urte zituen garai hartan, eta zaharrenak 20. Azken honek 102 urte ditu gaur egun. «Ez genuen uste inondik inoraproiektua hain handia izango zenik». Ehun orduko grabaketaren ostean, 54 minutuko dokumentala irten zaie.

Euskal Herritik kanpora zabaldu nahi dute bizkaitar hauen memoria historikoa, zinema dokumentaleko jaialdietara aurkeztuz. «Alemania, Bartzelona eta itsasoz bestaldeko jaialdietara joango gara». Atzo, Zinebin estreinatu zuten. Baina Egoitz Rodriguezek azaldu du ez dela ikusiko zinema aretoetan. «Ez dugu dokumentalaren erabilera komertzialik egingo. Herriarena dena herriarentzat izango da, eta parte hartu duten herritar taldeek erabakiko dute produktua non eta nola zabaldu». Gernikako bonbardaketaren urteurreneko egunaren inguruan ere ekitaldi berezi bat egiteko asmoa dutela adierazi du. Egitasmoa Bizkaiko Foru Aldundiak finantzatu du, memoria historikoa betiko grabatuta geldi dadin, gal ez dadin.

Lau belaunaldi elkarlanean

Zerutik sua dator! egitasmoa hiru zatiz osatuta dago: lekukotasunak, Suak izenekoa eta herrietako taldeen piezak. Egoitz Rodriguezek bere taldearekin batera grabatutako testigantzek osatzen dute lehen atala. Bilbo, Gernika, Otxandio eta Sestaon suaren inguruan batutako herritarrek jorratu dute bigarrena. «Helburua elkarrizketa da, eta lau belaunalditako herritarrak batzea lortu dugu eta bonbardaketen inguruko elkarrizketa bat osatu». Lekukoek, euren kontakizunen bitartez, belaunaldi gazteei ezagutza pasatu diete. Historiaren zati hori partekatu egin dute. Dokumentalaren hirugarren pieza, azkena, herritarrek eurek egindako ikus-entzunezko grabaketak dira. «Kamera digital batzuk banatu genituen, eta bi minutu inguruko sorkuntza lanak osatu dituzte».

Zornotzako abesbatzak, esate baterako, Felipe Arrese Beitia XIX. mendeko idazlearen poema bat hartu du, moldatu eta Bizkargiko tontorrean grabatu dute. «Bertsoak euskal lurrez eta gerraren bidegabekeriaz berba egiten du». Otxandion Izarak lana prestatu dute. Bonbardaketaren biktimen kopurua oso handia izan zen herri hartan, eta kalean etzanda gelditzen ziren gorpuak izara batez estaltzen zituzten. «Lekukoen arabera, denen gorpuak estali ahal izateko izararik gabe geratu ziren herri txiki askotan. Izaren azpian eta ilaran jarritako gorpu haien irudiak beldur-ikara sortzen du. 61 lagun izan ziren Otxandion».

Beste adibide bat Durangokoa da. Udalak programa berezi bat du Alemaniako Dresde herriarekin: urtero zortzina ume batzen dira herri bietatik, eta tailerrak egiten dituzte bakearen aldeko kultura zabaltzeko.Gerraren kontrako mosaiko bat osatu dute.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.