Uda garaiarekin batera abiatu du EGO Euskal Herriko Gazte Orkestrak ohikoa duen topaketa. 80 musikari gaztetik gora daude bilduta Musikenen (Donostia) uztailaren 11tik, erresidentzia artistikoan. Bira prestatzea dute helburu: lau kontzertu emango dituzte Ruben Gimenoren zuzendaritzapean: bihar, Hondarribiko (Gipuzkoa) Itsas Etxea auditoriumean izango dira; astelehenean, 17an, Euskalduna jauregian; 18an, asteartez, Gasteizko Principal antzokian; eta hilaren 19an, asteazkenez, Donostiako Viktoria Eugenia antzokian.
Horiez gain, lehenengo aldiz,Donostiako Jazzaldian arituko dira, Europan inoiz eskaini gabeko egitarau batekin, gainera. EGOren harizko orkestra Kenny Barron piano jotzailearekin eta bere hirukotearekin arituko da. Jazzaldiaren abonu egitarauaren parte da kontzertua, zeina Kursaaleko auditoriumean izango den uztailaren 21ean.
Barronek konposaturiko obrak interpretatuko dituzte Jazzaldiko emanaldian. Besteetan, zuzendariak azaldu duenez, Ravelen obra «xarmagarrienetako» batekin hasiko dute kontzertua: «Orkestrazio distiratsua duen obra bat da, Ma Mère l'Oye. Hasieran pianorako konposatu zen, eta haurrentzako pieza bilduma bat da. Harrigarria da, gainera, sortzeko garaian Ravelek erabili zuen testuen fintasuna».
Gorazarre bizitzari
Egitarau berean, Dvoraken Zortzigarren sinfonia eskainiko dute. Gimenoren hitzetan, maisutasunez orkestratua dago, eta bohemiar herri musikan du oinarria. Dvorakek udako etxean zegoela sortu zuen obra. Antza, etxe horretan zegoenean askatasun handiagoa zuen sorkuntza lanetarako.
Oreka handia duen pieza bat da, zuzendariaren ustez: «Aldian-aldian eztanda dramatikoak agertzen ditu, baina euforia bukolikoaren tonua nabarmentzen da gehien. Gorazarre egiten dio bizitzari. Bizirik egotearen poztasuna islatzen du».
1997an sortu zen EGO, Euskal Herriko musikari gazteen elkargune eta formazio izateko xedearekin. Aurten ere, nazioarteko eszenan erreferentziazko lekua duten musikarien estutik ari dira obrak lantzen egonaldian. Deutsche Symphony Orchestratik (Alemania) eta Scottisch Chamber Orchestratik (Eskozia) etorritakoekin, besteak beste.
Sarrerak eskuragai daude orkestraren webgunean.
EGO estreinakoz arituko da Donostiako Jazzaldian, Kenny Barronekin batera
Euskadiko Gazte Orkestrak udan egingo duen bira aurkeztu du. Bost kontzertu izango dira bihartik ostiralera, Ruben Gimenok zuzenduta
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu