75. Musika Hamabostaldia

'Egmont'-en doinu eta hitzei, gogoz

Beethovenen eta Schumannen lanez gain, Usandizaga donostiarraren obra bat emango du EOSek gaurko emanaldian

Euskadiko Orkestra Sinfonikoko musikariak, Jun Maerklen aginduetara, atzo, orkestraren egoitzan. JUAN CARLOS RUIZ / ARP.
Donostia
2014ko abuztuaren 22a
00:00
Entzun
Operaren ohiko bi saioen ostean, emanaldi sinfonikoak bueltan dira Kursaaleko auditoriumera Euskadiko Orkestra Sinfonikoaren kontzertuarekin. Gaur ariko da orkestra, 20:00etan, Jun Maerkl zuzendari alemaniarraren batutapean. «Egitarau klasiko eta erromantikoa» aurkeztuko dutela azaldu dute antolatzaileek, Ludwig van Beethoven, Robert Schumann eta Jose Maria Usandizaga musikagile donostiarraren obrak interpretatuz. Usandizagaren Enarak obrako bigarren ekitaldiko Pantomima lana joko dute lehenik. «Hau interpretatuz, Euskal Herriko kultura sustatzea dugu helburu», azaldu du Maerklek. Drama lirikoa da euskal operaren aitzindari den Usandizagaren hori; zarzuela, aditu batzuen ustez, eta opera, berriz, beste batzuen aburuz. Zirku bateko kideen gorabeherak kontatzen dira han, garai hartan nagusitzen ari ziren adierazpen molde berriei loturik. «Musika atsegina da, bai musikarientzat, bai publikoarentzat».

Horren atzetik, Robert Schumann musikagile erromantikoaren 3. sinfonia interpretatuko dute, Renaniarra ere esaten zaiona, eta, zuzendariaren esanetan, Schumannen sinfoniarik «ederrena». Saioa agurtzeko, Ludwig van Beethovenen Egmont lana emango dute. «Obra boteretsu eta zoragarria da», azaldu du Patrick Alfaya Musika Hamabostaldiko zuzendariak. «Johann Wolfgang van Goethe idazlearen lan batean oinarrituta idatzi zuen lan hau Beethovenek, eta askatasun politiko eta erlijiosoaz dihardu. Gutxitan interpretatu izan da osorik obra hau, hasiera baita indartsuena». Kontzertu honetan, baina, lan osoa entzuteko aukera izango da, eta, orkestra sinfonikoarekin batera, Raquel Lojendio sopranoa eta Alex Brendemühl aktorea ariko dira. Narratzailearen rola jokatuko du Brendemühlek, jatorrizko obran idatzirik dagoen moduan, testua alemanez irakurriz. «Horretarako, tonu poetikoa hartuko du, aktore guztiak interpretatzeko hotsa etengabe aldatuz», adierazi du zuzendariak. Fagot jotzaile zenean ezagutu zuen aktoreak lan hori, baina alderdi narratiboa «erabat ezezaguna» zitzaiola azaldu du. «Ilusio handiz jaso nuen sinfonia hau narratzeko ardura, baina zaila da partitura eta orkestraren pareko agertzea».

Raquel Lojendio izango da abeslaria. Aurretik ere interpretatu izan du lana, baina lehen aldiz ariko da alemanez abesten. «Aukera bikaina da jatorrizko hizkuntzan kantatu ahal izatea». Hala ere, izan ditu zailtasunak: «Obra honek niretzat duen zailtasunik handiena azaltzen duen fatalitatearen gainean argia jarri beharra da. Bestalde, aktore lanak egin behar izan ditut, testuak fideltasun handia eskatzen baitu. Testuaren gainean sortutako hari musikala da, finean, lan hau. Gainera, Beethovenen lanak beti dira zailak kantari batentzat; beldur diogu Beethoveni; haren lanak ez daude Mozartenak bezain ondo finkatuta».

Artistek eta orkestrak Hamabostaldiko emanaldirik «aipagarri eta goraipatuena» izatea espero dute.

Magios Ensemble zuzenean

Euskalerriaren Adiskideen Elkartearen 250. urteurrenaren harira, eta Hamabostaldiko Musika Aitzaki zikloaren barruan, Magios Ensemble taldeak Kondearen inauteria sainetearen bi emanaldi eskainiko ditu gaur eta bihar. Bergarako Errekalde jauregian eta Azkoitiko Insausti jauregian (Gipuzkoa) izango dira, hurrenez hurren, bi emanaldiak, 20:00etatik aurrera.

Xabier Munibe Idiakez, Peñafloridako kondea, izan zen Euskalerriaren Adiskideen Elkartearen sortzailea, eta hark konposatutako sainete lirikoa da Kondearen inauteria. Hamabostaldiak ohar bidez adierazi duenez, elkartea «herritarren garapen kulturala, intelektuala eta zientifikoa bultzatzeko asmoz sortu zuten», eta musikari «garrantzi berezia» eman zioten. Horren adibide dira Munibek konposatutako lanak.

Bergara eta Azkoitia herri esanguratsuak izan ziren RSBAP-EAErentzat, bi herrietan eduki baitzuen egoitza. Azkoitiko Insausti jauregia, gainera, elkartearen «ernamuina» izan zen, Munibek antolatutako solasaldietan sortu baitzen taldea sortzeko ideia.

Muniberen konposizioez gain, Juan de Lonbide, Juan de Durango, Gaspar Sanz, Juan del Vado eta beste hainbat musikagileren obrak interpretatuko dituzte, barroko garaiko piezak guztiak ere. Isabel Alvarez sopranoak zuzenduko du Kondearen inauteria, eta interpretatu ere egingo du. Harekin ariko dira Cesar Carazo, Adriana Ubani, David Azurza, Carlos Oramas, Borja Rubiños eta Carlos Zabala.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.