Bertsolaritza

«Eginez eta eginez» aurrera egindako bidea

Aurten bete dira 50 urte haurren lehen bertso eskola sortu zela. Eskoriatzako Almen ikastolan sortu zuten, eta, pixkanaka, eskualde osora zabalduz joan ziren eskolak. Jon Iñaki Izarzelaia eta Ainhoa Agirreazaldegi hastapenetan ibilitakoak dira.

Jon Iñaki Izarzelaia eta Ainhoa Agirreazaldegi, Andoainen. JAGOBA MANTEROLA / FOKU
Jon Iñaki Izarzelaia eta Ainhoa Agirreazaldegi, Andoainen. JAGOBA MANTEROLA / FOKU
Amaia Jimenez Larrea.
Andoain
2024ko urriaren 15a
05:05
Entzun

1974, Francoren diktaduraren amaierako urteak. Leintz ibarrean kokatutako —Aretxabaleta, Arrasate eta Eskoriatzak osatzen duten ibarra, Gipuzkoan— kooperatiba batzuetako langileak ziren Xanti Iparragirre, Patxi Goikolea eta Joanito Akixu. Astelehenetik larunbaterako lanaldiak egiten ziren lantegietan garai hartan, baina larunbat ingelesa delakoa jarri zuten martxan, eta langileak larunbatak jai izaten hasi ziren. Denbora librea zutela eta, hiru langileek haurrentzako ekintzaren bat antolatzea erabaki zuten. Bertso eskolak ematen hasiko ziren, Eskoriatzako Almen ikastolan. Ez zuten bertsolaritzaren inguruko ezagutzarik, baina, hala ere, haurrengan euskal kultura sustatzeko ekintza bezala ikusi zuten hura. Horrela sortu zen Almen bertso eskola; haurren lehenengo bertso eskola. Aurten mende erdi bete da ordutik, eta jokatzen ari den Gipuzkoako Bertsolari Txapelketan eskola hura omentzea erabaki dute.

Lehenengo saiora 125 haur joan ziren. Horietako bat zen Jon Iñaki Izarzelaia (Arrasate, Gipuzkoa, 1967): autobusa hartuta joan zen lehen eskola hartara. 8 bat urte zituen, eta oroitzen du nola hasieran ez zuen bertsolaritzarako interes berezirik; «gerora sortu zitzaidan». Hasieran ikastetxeko bi gela hartzen zituztela kontatu du, baina denborak aurrera egin ahala kopurua gutxituz joan zela. «Kantuan eta pozik pasatzen genuen ordua», bertso zaharrak ikasten zituzten gehienbat. Goikoleak zuen harreman handiena haurrekin, haren esanetan; «gaitasun berezia» izan du beti haiekin egoteko.

(ID_17279663110535) (/EZEZAGUNA)
Almen ikastolako eskoletara joaten ziren ikasleen irudi bat.

Nahiz eta hasieran ez zuen bertsotarako zaletasun handirik, saio haiek bertso gosea piztu zioten Izarzelaiari. Goikolearen bizilaguna zenez, haren etxera joaten zen sarritan bertsotan egitera. Bertso eskolaren sortzaileak gustuko zuen entzuten zuen bertso saio bakoitza grabatzea, bai zuzenekoak, bai eta irrati bidez entzundakoak ere. Makina bat kasete zeuzkan gordeta bere etxeko egongelan. «Bertso kontuez ibiltzen ginen etengabe. 'Doinu hau entzun dut, ikasi egin behar duzu', esaten zidan». Patrikan koaderno txiki bat zuela ibiltzen zen beti Izarzelaia, bertsoak bururatu ahala idazteko. Idatzitakoa irakasle zuenari erakusten zion beti: «Beti esaten zidan: 'Oondo dago, baina...', eta nik uste nuen urrea neramala, bai zera!».

Metodologia sortzea

Ainhoa Agirreazaldegi (Bergara, Gipuzkoa, 1978) bertsotan hasi zenerako, Almeneko sortzaileek jada inguruko herrietako beste pertsona batzuei ere sortua zieten grina eskola gehiago sortzeko. 9 urterekin bere herriko bertso eskolara joan zen, Pello Txintxurreta eta Koldo Alberdi irakasle zituela. «Nire lagunak katekesira joaten ziren ordu berean; ni salbatzeko-edo, bertso eskolara joateko aukera eman zidaten gurasoek. Horrelaxe hasi nintzen». 14 urte inguru bete zituenean, ordea, herrian talderik ez, eta Leintz ibarreko beste bertso eskola batera joan zen: Arrasatekora. Hor egin zuen topo Izarzelaiarekin —25 bat urte zituen orduan—. Ostiral iluntzeetan joaten zen Arrasate Euskaldun Dezagun elkartearen egoitzara. Talde horretan bildu ziren gehienak neskak ziren. Bi ordu eta erdiz egoten ziren bertan, «inongo presarik gabe».

(ID_17279662974285) (/EZEZAGUNA)
Ainhoa Agirreazaldegi, ezkerretik hasita hirugarrena, bere kideekin batera. AINHOA AGIRREAZALDEGIK UTZIA

Iparragirrek, Goikoleak eta Akixuk ez zuten bertsotan erakusteko inolako erreferenterik, ez eta materialik ere. Eta eurek sortzea erabaki zuten. Goikoleak saio bakoitzera berak eskuz egindako ariketak eramaten zituen, liburuxka batean. Xabier Amurizak Zu ere bertsolari liburua (1982) eta Hiztegi errimatua (1981) kaleratu zituen, eta horrek, nolabait, erraztu zien bidea eskoletarako. «Horri jarraituz joan zen jendea ikasten silaba zer zen, neurria zer zen, bukaera nola osatu...», kontatu du Izarzelaiak, eta, gainera, ordura arte kalean edo tabernan bertsotan ibiltzen zen jendea bertsoak nola egiten zituen ohartzea ere lortu zen.

«Xabier Amurizaren liburuei jarraituz joan zen jendea ikasten silaba zer zen, neurria zer zen, bukaera nola osatu...»

JON IÑAKI IZARZELAIABertsolaria

Leintz ibarreko bertso eskolen bueltan bildu ziren bertsolariak adin askotakoak ziren, baina hori ez zen oztopo, denak elkarrekin egoteko espazioak sortu baitzituzten sortzaileek. Esaterako, ostiraletan Arrasaten elkartzen ziren afaltzera eta, nola ez, bertsotan aritzera. Agirreazaldegi: «Beti mantendu zuten ohitura hori. Ikasi genuen bertso eskola ez zela bakarrik gela batean bertsotan egitea». Izarzelaiarentzat, lagun talde bat ziren: ez ziren bertsotan egiteko bakarrik biltzen.

Eskoriatzako Apotzaga auzoko Auzo Etxean egindako txapelketak ziren belaunaldi arteko bertsolariak topatzeko beste eremu bat. Izarzelaiaren belaunaldikoak, Agirreazaldegiren belaunaldikoak eta «herri bertsolariak» —adinez helduagoak— elkartzen ziren. Helduak gazteen kontra eta antzeko dinamikak ibiltzen zituzten saio horietan. «Ibarreko euskaltzale eta bertsozale dezente biltzen zituen txapelketa hark», esan du Agirreazaldegik.

(ID_17279662812225) Almen bertso eskola
Izarzelaia —goian, eskuineko lehena—, eta Agirreazaldegi —behean, erdian— bertso eskolako beste kide batzuekin, Arrasaten (Gipuzkoa). BERTSOLARI ALDIZKARIA

Plazaz plaza

Bertso eskolan hasi eta gutxira, bat-batean ia praktikarik ez, eta hasiberritan bertsoak buruz ikasita joan behar izaten zuten prestatzen zizkieten saioetara bi bertsolariak. «Tranpa egitea zen, baina jendeak sinesten zuen», aitortu du Izarzelaiak, barre artean. Oraindik bat-batekoa «guztiz menderatuta» ez zeukala, eskolarteko txapelketan eman zuen izena, eta 14 urtez azpikoen txapeldun izan zen. Koskortuz joan ahala, eskolartekoak alde batera utzi, eta lehiaketa ibilbide moduko bat osatu zuen lagunekin: Zarautz (Gipuzkoa), Gabiria (Gipuzkoa)... trenean, autobusean eta auto-stop eginda ere joaten ziren saioetara.

«Gu makina bat bertso txar egindakoak gara, eta gaur egun gogoeta maila handietara iritsi da bertsolaritza»

AINHOA AGIRREAZALDEGIBertsolaria

Agirreazaldegi ere ibili zen eskolartekoetan, eta urte haietako oroitzapen politak ditu: «Garrantzitsuak ziren saio horiek, bertsolari gisa ikusgaitasuna emateaz gain harreman asko ere eman zizkidan eta». Jartzen zizkieten gaiak ez ziren nolanahikoak: «maila nazionalekoak» zirela azaldu du Bergarakoak. «10-12 urte ingururekin abiadura handiko trenaren inguruan kantatzen genuen».

Urteek aurrera egin ahala, inguruko herrietan ere bertso eskolak nola hasten ziren ikusi ahal izan zuten biek ala biek. Izarzelaia: «Gaur egun bertsolari pila bat daude, mugimendu handia dago, eta hori zerbaitegatik da». Gainera, Agirreazaldegik esan duenez, eurak hasi zirenetik «asko» aldatu da bertsolarien maila bera ere: «Gu makina bat bertso txar egindakoak gara, eta gaur egun gogoeta maila handietara iritsi da bertsolaritza».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.