Ane Rodriguez Armendariz. Tabakalerako kultura zuzendaria

«Eginez definituko dugu Tabakalera»

Lau hilabete daramatza Ane Rodriguezek Tabakalera Kultura Garaikidearen Nazioarteko Zentroaren kultur zuzendari lanetan. Hainbat eragilerekin bilerak egin ostean, datozen hilabeteetan kultur proiektu «malgu bat» osatu nahi du

mikel lizarralde
Donostia
2013ko martxoaren 2a
00:00
Entzun
Joxean Muñozek 2010eko udaberrian dimisioa eman zuenez geroztik Tabakalerak igaro dituen zehazgabetasun eta eztabaida garaiak ixteko eta kultur proiektuari bultzada emateko aritu da lanean azkeneko hilabeteotan Ane Rodriguez Armendariz (Hernani, 1978). Hemendik aurrera ere lan handia izango duen jakitun da.

Lau hilabete egin dituzu Tabakalerako zuzendari karguan. Nolakoa izan da egokitzapena?

Halako kargu batera iristean denbora behar izaten da lantaldea ezagutzeko eta orain arte zer egin den ikusteko. Horrekin batera,inguruan zein proiektu dauden ezagutu nahi nuen; hemengoa izan arren, kanpoan egon naizelako denbora dezente. Diagnostiko bat egiteko oso garrantzitsua da eragileen iritzia jasotzea edo haien bizipenak ezagutzea. Bilera asko egin ditut hilabete hauetan. Hori guztia kontuan hartuta, Haritz Azkarraga [Tabakalerako kudeatzaila] eta biok saiatu gara orain arte egin den lanari bidea errazten, eta aurten izango da garaia zeinetan kultur proiektuaren kontzeptualizazioan pentsatzen dugun. Azken batean, garrantzitsua da beharren diagnosia egitea, eta egituratze batera iristea, hainbat erakunde ari garelako lanean eta geure arteko elkarlana bultzatu behar dugulako. Eta horretarako jakin behar dugu bakoitzak zer eredu dauzkan.

Zer ondorio atera duzu egindako bilera horietatik?

Ez dira bilera oso formalak izan, baina asko egin ditugu. Eta ikusi dugu sortzaileen komunitatea oso desegituratua dagoela. Beste garai batean bestelako komunitate bat zegoen. Baina, era berean, hiria oso aktiboa da, eragile asko dago, eta agian falta da erreferentzia bat eragile horientzat guztientzat. Ideiak badaude, baina azpiegiturak eta egituraketa falta dira. Auzoarekin ere, Egiarekin, elkarlana sustatu behar dugu, auzotarrek Tabakalera bizi dutelako eta sufritu ere egin dutelako.

Tabakaleraren egitasmoa abian jarri zenetik oztopo ugari gainditu behar izan ditu eta krisi instituzionalak ere eragin ditu. Horietako garrantzitsuena Joxean Muñozek dimisioa eman zuenekoa. Muñozek utzi zuen kultur proiektu bat. Zenbateraino da zuretzat abiapuntua?

Joxeanen proiektuak beste denbora bati erantzuten dio, beste egitura bati eta beste behar eta nahi batzuei. Eta ni Tabakaleran sartu nintzenerako, proiektua aldatua zegoen. Edukiei dagokienez, Muñozen proiektuak asko erantzuten zien ikus-entzunezkoei, eta industria ere hor sartua zegoen. Agian, horrek erantzuten zion administrazioak egiten zuen eskaera bati. Baina proiektu hori garatu izan balitz, orain izango genuke eraikin bat teknologikoki oso kargatua. Ikus-entzunezkoen alorra beste garai batean dago orain. Ez dut esan nahi krisian dagoenik, baina ez da garai ona, eta, gainera, sortzeko moduak ere aldatu egin dira. Eta halako eraikin bat izango bagenu, ikus-entzunezkoentzat, ezingo genuke beste ezer garatu. Nik espazioekiko eta proiektuarekiko malgutasuna nahi dut. Orain proiektu bat egin dezakegu, baina hemendik hamar urtera, beharbada, aldatu egin behar dugu dena. Gizarteak horrela eskatzen duelako, edo eredu batek huts egin duelako. Alde horretatik, Joxeanen proiektua oso definitua zegoen, erabilera definituentzako... Hori izango da gure proiektuaren aldaketarik handiena. Malgutasuna lortzen saiatuko dela.

Beraz, ez da egongo lotuta eremu jakin bati?

Nik ez dut Tabakalerako proiektua gaika banatu nahi. Proiektuak malgua izan behar du.

Kultur eragileekin bilerak egin dituzu eta malgutasuna aipatzen duzu. Ez dago arriskua Tabakalera kultur agitasmo ororen edukiontzi bilakatzeko?

Ez, ez. Argi izan behar ditugu ardatza eta helburu batzuk. Hau ez da kultur etxe bat izango. Ez da museo bat izango. Eta ez da jaialdi bat izango. Malgutasuna aipatzen dugu, baina eredu baten barruan kokatzen dugu. Hiru ardatz nagusi jarraituko ditu proiektuak: sorkuntza, ezagutza eta erakusketa. Tabakalera kultura garaikidea sortzeko zentro bat izango da, eta jakintza eta berrikuntza sortu nahi du hainbat sormen esparruren bitartez. Hortik abiatuta, gure hasiera gidatuko duten helburuak ezarriko ditugu. Definizio bat dago, eta horren inguruan mugitu behar dute egiten ditugun jarduerek. Hau da, guk proiektu bat diseinatu behar dugu, eta hori egiteko zer behar dauden jakin behar dugu. Behin proiektua martxan dagoela, gauzak sartu ahal izango dira, baina irizpide bat mantenduta.

Muñozek utzi zuenetik zu iritsi arte egin da zerbait kultur egitasmoari lotuta?

Joxean joan zenetik lantaldea ere txikituz joan da, eta horren ondorioz, zenbait arlo ez dira garatu. Badira, baina, bi lan lerro garatuak. Batetik, laborategien arloa, oso lotuta dagoena teknologia, zientzia, artea eta gizartearen arteko lan arloekin. Eta bestetik, Ubik daukagu, hau da, mediateka. Edo mediatekaren garapen bat. Liburutegiak eta mediatekak ez dira, lehen bezala, ezagutza tenpluak, Interneten informazio handia berreskuratu daitekeelako. Eta planteatu nahi dugu pauso bat haratago joango den egitasmoa. Zer zerbitzu eskain dezakegu ezagutza eta ikasketa hori lantzeko? Irakurtzeko ohiturak ere aldatu dira eta hori ere kontuan izan behar dugu. Eta nahiz eta esan dudan ez dudala Tabakalera gaien arabera banatu nahi, badakit hirian ikus-entzunezkoek garrantzi handia dutela, eta arlo horretan ere egingo dugu lan. Gure ekarpena egon daiteke lotua erakusketa esperimentalari, eta sorkuntzaren alorrari ere bultzada bat eman diezaiokegu. Eta jarraipena emango diegu orain arte egindako proiektuei, LABOri eta Zinemaldiarekin gauzatzen ditugunei.

Zer da orain arte landu ez eta etorkizunean jorratu nahi duzuena?

Falta den arloak zerikusi handia du praktika garaikideekin, pentsamenduarekin, gogoetarekin, kritikarekin... hori ondo garatzeko beste diagnosi bat egin behar dugu, eta horregatik diot garrantzitsua dela erakundeen arteko egituraketa aurkitzea. Erakunde kulturalek ezagutza garatzen duten ikerketa eta proiektuak bultzatu behar dituzte. Ildo horretan, adibidez, Donostia 2016rekin eta Artelekurekin lan egingo dugu proiektu batean. Garrantzitsua da geure artean ere elkar ulertzea eta egituratzea.

Artelekuk lekua izango du Tabakaleran? Tabakalerak zein harreman izan behar du Artelekurekin? Tabakalera sormenerako espazio izango bada, zer izango da Arteleku?

Arteleku giltzarria da. Nik Tabakalera ulertzen dut Arteleku eta Donostia 2016ren artean kokatuko litzatekeen proiektu moduan. Bi ardatz horien artean pibotatzen duena. Arteleku publiko espezializatu batentzako proiektu gisa ulertuta, eta kultur hiriburutza hiritarrentzako proiektu gisa. Tabakalerak zubia izan behar du. Kontua da Arteleku orain birdefinitze unean dagoela. Txomin-Enetik ateratzeak gogoeta egitera bultzatu behar du Arteleku. Eta horregatik da garrantzitsua gure artean hitz egitea. Baina kontua izan behar da Tabakalera erkidego mailako egitasmoa dela eta 2015 edo 2016rako erkidego osorako aritu beharko dugu lanean. Artelekurekin etengabe hitz egin behar dugu, ikusteko bi proiektuak norantz goazen.

Zertan bereiziko dira Arteleku eta Tabakalera?

Artelekuren jarduera nahiko gutxitu da azkenaldian, arrazoi bat dela edo bestea dela. Orain birdefinizio garaian dago, etaikusi behar dugu nola batzen ditugun indarrak inguruari on egiteko. Tabakalerak esperimentatzeko moduak sustatu behar ditu, lantalde ezberdinak sortuz. Datorren urtean Santa Teresan egongo da Arteleku, beste espazio batean, eta ikusi beharko da nola egokitzen den. Gu hasiko gara gauzak egiten, probak egiten martxan dauzkagun ildoekin eta ikusten zerk funtzionatzen duen eta zerk ez. Zer eskari dagoen... Orain forma eman behar diogu Tabakalerari, eta horretarako, proiektuaren hasierak malgua izan behar du.

Dena dela, bakoitzak bere bide propioa segituko du?

Oraingoz bai.

Eta Koldo Mitxelena Kulturuneak ere bai...

Koldo Mitxelena oso proiektu ezberdina ikusten dut. Lan lerro jakin bat dauka erakusketa aretoari dagokionez, nahiko zehatza eta indartsua. Baina Tabakalerak beste nonbait kokatu behar du. Ekoizpen esperimentalagoak, gazteagoak, xumeagoak sustatu behar ditu. Hirian badira erakusketa aretoak, baina Tabakaleran erakutsi behar denak beste kutsu bat izan behar du, bertan garatutako ikerketen emaitza, adibidez. Erakusketa areto bat ez da lau koadro izatea. Edo behintzat ez soilik Tabakaleraren kasuan. Adibide bat ematearren: Fiona Tanek erakusketa zoragarria jarri zuen KMn. Artista ezagun baten monografiko bat. Tabakalerak hiriko eskaintza osatuko du, eta formatu eta narratiba esperimentalagoak garatu.

Tabakaleraren oinarrietan aipatzen dira sormena, ezagutza eta exhibizioa. Hirurek pisu bera izango dute?

Hori denborak esango du. Gehien falta zaigun alorra sorkuntzari lotutakoa da. Badaude erakusketa aretoak, jaialdiak, zinemaldiak... badaude erakusteko moduak. Sorkuntzan, aldiz, ez dago horrenbesteko laguntzarik. Eta herri bat kulturalki garatu nahi badugu oinarrietatik hasi behar dugu. Laguntza emanez, sorkuntzarako baliabideak eskainiz. Ezin gara erakusleiho hutsa izan. Konpromisoa izan behar dugu tokiko sortzaileekiko. Hiritarrekiko ere bai. Sorkuntzak beste bultzada bat behar du.

Ezagutzaren arloa nola garatuko duzue?

Orain arte formulazioa izan da «dena dakien irakaslea eta gutxiago dakiten ikasleak». Hori aldatu egin behar da eta ezagutza trukean oinarritu. Belaunaldien arteko interakzioa ere bultzatu beharko genuke, eta horretarako, plataforma batzuk jarri behar dira. Erakunde publikoek ere bultzatu beharko lukete ezagutza, ikerketaren ikuspegitik pentsatuta. Ikerketak garatzeko inbertsioak egin behar dira, eta ikerketa horiek ireki daitezke, sozializatzeko eta errentagarri egiteko. Baina joan behar dugu hiritarren gaitzera.

Tabakalera Kultura Garaikideko Nazioarteko Zentro gisa definitzen da. Zerk emango dio nazioarteko izaera egitasmoari?

Batez ere, beste zentro batzuekin izango dugun elkarlanak.Gaur egun mugak gero etamalguagoak dira, zentro bakoitzak bere sareak egiten ditu,eta sare horiek zabalduz iristen zara nazioarteko izatera. Artisten arteko trukeak eginez eta abar.

Tabakaleraren ezaugarrietako bat espazioa bera da, eraikina bera. Hor dagoeneko obrak hasiak dira, eta bota egin da eraikin zaharra...

Niri asko gustatzen zitzaidan Tabakalera lehen zegoen bezala. Ondare industriala asko defenditzen dut, historiaz gain nortasuna ere baduelako. Niretzat pena da eraikin bati identitate hori kentzea. Orain egiten ari garen berrikuntza lanekin ezin izan dugu dena mantendu, eta nortasun original hori galdu egingo da. Saiatzen ari gara industria kutsu horri eusten. Alde horretatik, kultur proiektuari dagokionez, espazioek malguak izan behar dute, aldaketa handiak izan daitezkeelako. Horregatik, nahiago dugu itxitura handirik gabeko espazioa izan, behin-behinekoak izango diren egiturekin.

Neurriari dagokionez ere, askoz mugatuagoa izan beharko du zuen proiektuak. Askoz metro gutxiago izango dituzue.

Bai, bai, horrek asko baldintzatzen du. Guk 10.000 metro koadro eskas izango ditugu, eraikinean beste bizilagun batzuk izango ditugulako. Hemen egongo dira Euskadiko Filmategia, Etxepare Institutua, Kutxak ere bere lekua izango du bere kultur programa sustatzeko... eta oraindik ere bizilagunak bilatu behar ditugu.

Joxean Muñoz izendatu dute Eusko Jaurlaritzako kultura sailburuorde...

Bai, oso berri ona da, bere profileko norbait hartu izana oso egokia delako. Badaki zer den lan egitea erakunde batean, eta ulertzen ditu eguneroko arazo praktikoak. Tabakalerari dagokionez, ni pertsonalki pozik nago, ezagutzen duelako proiektua, nahiz eta berak beste proiektu bat garatu zuen. Tirabirak ezagutu ditu, eta ikuspegi historiko hori dauka. Oraindik ez dugu bilera ofizialik egin, baina pozik gaude.

Zein dira datozen pausoak?

Asteartean izango dugu urteko lehenengo kontseilua eta hori garrantzitsua izango da. Orain proiektua osotasunean pentsatu behar dugu, jarduerak martxan jartzen ditugun bitartean. 2015ean Tabakalera zer izango den pentsatu. Hori formalizatu behar dugu, aurten egin beharrekoa. Baina eginez joango gara definitzen eta geure lekua topatzen; nik uste dut proiektuak ez direla askorik definitu behar.

Eta 2015erako irekiko da beraz...

Bai, bai! Obrak martxa onean doaz, eta ez dugu alde horretatik beldurrik izan behar.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.