Bertsolaria, 30-35 urte bitartekoa, gizona, gipuzkoarra. Izen-deituraz, Martin Artola. Lehenengo aldiz iritsiko da Euskal Herriko Bertsolari Txapelketako finalera, Barakaldora (Bizkaia). Hartuko du autoa, abiatuko da harantz, eta errepidean doala errepasatuko ditu ordura arteko zenbait giro, jende, pasadizo. Bada, bi bidaia horiek, fisikoa eta bitala, uztartu dituzte Beñat eta Unai Gaztelumendik Bidea da borroka komikian. Lehenak idatzi du gidoia, eta marrazkietara eraman du bigarrenak. Bertsolari aldizkariak plazaratu du, baina, egileek nabarmendu dutenez, ez da «bertsolaritzari buruzko komikia», ezpada «bertsolaritzatik» egindakoa. Beñat Gaztelumendi: «Bertsolaritza ez da mundu isolatu bat. Unai eta biok bertso munduan hazi ginen, eta bertso mundutik gure belaunaldiko beste edozeinek bizi izan dituen gauzak bizi izan ditugu. Saiatu gara horiek Martin Artolari transmititzen».
Duela bi urte heldu zitzaien enkargua Gaztelumendi anaiei, eta prozesu «luze bezain gustagarria» izan dela aipatu dute. Proiektuari forma emateko lehen bileretatik ikusi zuten antzeko istorioa kontatu nahi zutela biek, eta pertsonaiak zehaztu, pandemiaren itxialdi betean Beñatek gidoia idatzi, eta urte eta erdiz aritu da ondotik irudiak sortzen Unai. «Gidoia irakurritakoan boteprontoan sentitutakoa eraman dut paperera», esan du.
Kezkagai dituzten auziei buruz aritzeko baliatu nahi izan dute argitalpena, eta horri segika trazatu dituzte pertsonaia nagusia eta ingurukoak. Halaxe azaldu du gidoigileak: «Martin Artola Euskal Herriko gatazka singularrean kontatu izan den horren aro jakin batean jaioa da, gerra hizkera batean hezia; bera jaiotzerako hor zeuden ikastolak, euskalgintzako erakunde gehienak, gaztetxeak, musika talde erreferentziazkoak... Horien ondoren eta berandu samar jaio izanaren sentsazioa dauka, eta bere bizitzari aurreko epika horren barruan aurkitu nahi izan dio zentzua; bere ekintzak halako funtzio handiago baten barruan kokatzen saiatu izan da». Helduarora iritsiko da, ordea, eta testuinguru hori aldatuta eta bestelako epikekin nahastuta topatuko du. Horixe komikiaren mamia: «Nola erresistentzian, nolabaiteko subalternitate batean hazi den pertsona bat botere posizio batera iritsiko den, eta nola ez den erabat konturatzen zein den okupatzen duen leku hori».
Haren ondoan, beste lau pertsonaia agertuko dira: Urko, Martinen lagun minena baina batere bertsozalea ez dena, 1990eko hamarkadako nostalgiarekin ari dena militantzia politikoan; Ekhiñe, Martinen txikitako laguna, bertso eskolan eta taldetasuna gauzatzen den beste hainbat momentutan kanpo geratu izan dena; Sara, Martinen kantukidea eta haren arazoak entzun ohi dituena, «hankak lurrera» ekarri ohi dizkiona; eta Iparra, hau ere Martinekin bertso eskolan hasi baina «literatura idatzira» jo duena, izaera «kontraesanezko eta berezikoa».
Unai Gaztelumendi: «Pertsonaiak sinpletu eta karikaturizatu egin behar izan ditugu, baina uste dut islatzen dutela gu zein mundutan hezi izan garen. Pertsonaia horiekin kontatu nahi izan dugu Martinen pentsamendua. Baina jolasetik ere asko dauka guretzat».
Aurretik ere aritu izan dira bi anaiak zenbait proiektutan elkarrekin, baina hau izan da elkarrekin osatu duten «lanik luzeena». Beñatentzat komikirako gidoi bat idatzi duen lehen aldia ere izan da. Aitortu du Unairen aldean ez dela genero horren jarraitzailea izan, eta lan honi ekiteko lehenengo bere gustuko komikiak eskatu zizkiola anaiari. Pasatu zizkionen artetik, Zerocalcare komikigile italiarra bereziki gustatu izana oroitu du: «Tonua gustatu zitzaidan, gauzak gehiegi esajeratu gabe, sinple esate hori. Bai eta ikustea ere nola bizitza normal samar bat ere izan daitekeen komiki baterako gai».
Laugarren bertso-komikia
Beñat Hach Embarek Bertsolari aldizkariko koordinatzaileak lagunduta aurkeztu dute lana Gaztelumendi anaiek. Hark gogora ekarri du duela 30 urte martxan jarritako hedabidea dela Bertsolari, eta, paperean urteko lau zenbaki argitaratu eta bertsolari.eus webgunea elikatzeaz gain, 2015ean ekin ziotela komikiak plazaratzeari, «bertsolaritzatik gai orokorragoak» landuz. Patxi Gallego eta Xabi Payak sinatutako Nork eta Nori eta Adur Larrearen eta Mikel Begoñaren Arditutakoak lanen ondotik heldu da orain, bada, Bidea da borroka.
Datozen hiletan, komikia aurkezteko bira bat egingo dute egileek, bertsoak kantatuz eta zuzenean marraztuz, komikiko gaien inguruan. Lehen emanaldia abenduaren 2an egingo dute, ostegunez, Añorgan (Donostia).
Egin zaituenaren errepidean
Beñat eta Unai Gaztelumendik 'Bidea da borroka' komikia ondu dute, 'Bertsolari' aldizkariarekin. Martin Artola da protagonista, eta eurak hazi ziren munduaren erretratu bat egin dute haren bueltan
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu