Idazlea, itzultzailea eta euskaltzaina

Asun Garikano: «Egileak berak bere liburua itzuli beharra zigor bat da»

Atletismoko jauzi hirukoitzarekin konparatu du itzulpengintza Asun Garikanok, baina zorrotz jardutea da itzultzaile eta idazle gisa egin duen ibilbidearen muina. Berriki, euskaltzain oso ere izendatu dute.

Asun Garikano idazle, itzultzaile eta euskaltzaina, Gasteizen. JAIZKI FONTANEDA / FOKU
Asun Garikano idazle, itzultzaile eta euskaltzaina, Gasteizen. JAIZKI FONTANEDA / FOKU
garbine ubeda goikoetxea
2024ko maiatzaren 12a
05:00
Entzun

Asun Garikanok (Tolosa, Gipuzkoa, 1962) ez du ageritasunik nahi izaten. Ezer egin nahi izatekotan, lana egin nahi izaten du. Harentzat helduleku bat da, «errealitateko kaosari bizkarra emateko modu bat». Irakaskuntza izan du ogibidea, eta zeregin horretatik haragokoak, frantses hitzaren zentzuan amateur lanak direla esaten duen arren, arrastoa utzi du denetan. Berea da, besteak beste, Far Westeko Euskal Herria ikerketa lan mardula, eta hark itzulita heldu dira euskarara William Faulkner, Patricia Highsmith, Robert Louis Stevenson, John Steinbeck eta Carson McCullers. Harenak dira, era berean, Bernardo Atxagaren lanen gaztelerazko itzulpenak. Eta euskaltzain ere izendatu dute.

Irakasle, itzultzaile, editore, ikerlari, idazle, euskaltzain oso... Zein da erosoen daramazuna edo zure izaerari hobekien lotzen zaiona?

Guztietan sentitzen naiz nahiko eroso. Niretzat, eguneroko bizitzako gauza arruntei aurre egitea da lanik zailena eta ernegagarriena: Gizarte Segurantzara deitzea, autoa tailerrera eramatea, eguneroko otordua prestatzea… Nahiago dut ordenagailu aurrean aritu, arropa erostera joan baino. Ez dakit zer izan zen lehenago: eguneroko bizitzari aurre egiteko zailtasunak eraman ninduen letra artean babestera, edota, hainbeste denbora letra artean pasatu ondoren, jende gehienari errazak zaizkion gauza horiek egiteko gaitasuna galdu dudan…

Lan horien guztien artetik, Euskaltzaindikoa da berriena.

Sarrera hitzaldia, egiteko daukat oraindik. Atzeko atetik isil-isilik sartzea posible ote zen galdetu, eta ezetz esan zidaten. Behin sarrera hitzaldia eginda, hor ere eroso sentitzea espero dut.

Hizkuntza estandarra dagoeneko arautua dagoela esan liteke. Zein da gaur Euskaltzaindiaren tokia euskalgintzan?

Azken urteetan, Euskaltzaindiak egin dituen lanetatik araugintza izan da gizartean gehien zabaldu dena, eta jende askok horrekin bakarrik lotzen du erakundea, baina bere webgunean begiratu besterik ez dago zenbat lanetan ari den ikusteko. Iker Sailaren barruan, hiztegigintzan ari da batzorde bat, Euskaltzaindiaren Hiztegiari sarrera berriak gehitzen edo zaharrak eguneratzen, hiztegi bat inoiz ez baita bukatutzat ematen. Hilero egiten dugun bileraren aurretik, batzordeak hautatutako lagin bat aztertzen dugu euskaltzainok (kategoria gramatikalak, definizioak, adibideen egokitasuna…), eta proposamenak osoko bilkuran eztabaidatzen dira gero.

Ortotipografia liburuarekin ari da beste batzorde bat, eta horien proposamenak ere denon artean aztertzen dira. Puntuazioari heltzekotan gaude: ea asmatzen dugun frenoa jartzen aspaldi honetan pairatzen ari garen puntu eta komaren inbasioari. Beste lantalde bat Euskara Batuaren Eskuliburua osatzen ari da, azalpen gramatikal labur eta zehatzak online eskaintzen dituen tresna. Onomastika batzordearen azkeneko lana, euskal kostaldeko leku izenak finkatzea izan da. Lehenagoko lanik ez al zegoen pentsa lezake norbaitek, baina, dirudienez, uda partean kostako berri ematen duten kazetariak horren eske zeuden.

«Euskaltzain oso gisa, bi gauza ikasteko denbora izan dut: Euskaltzaindia ez dela tokirik aproposena erretiro lasai bat nahi duenarentzat, eta lan proposamen berriei ezetz esatea osasungarria izan daitekeela».

Beste hamaika batzorde eta eginkizun ere baditu Euskaltzaindiak, eta ez dut zerrenda luzatuko. Hilabete batzuk bakarrik daramatzat euskaltzain oso gisa, baina bi gauza ikasteko denbora izan dut: ez dela tokirik aproposena erretiro lasai bat nahi duenarentzat, eta lan proposamen berriei ezetz esatea osasungarria izan daitekeela.

Zerk motibatu zaitu Euskaltzaindiko erronkari heltzera?

Iraleko eta EIMAko lantaldeak utzi berriak nituen [irakasleak formatzen jarraitzeko eta ikasmaterialak sortzeko programak, hurrenez hurren], eta euskaltzain izatea berriro ere lantalde bateko kide izatea zen; nire ibilbidean ikasi dudana erabiltzeko aukera emango zidan lantalde batekoa, gainera. Hori inportantea da niretzat. Beste arrazoi zehatzago batek ere animatu ninduen. Hezkuntzarako testu hautatuen bilduma bat prestatzekotan nenbilen aspalditik, arlo horretan dagoen beharra ikusita. Euskaltzaindiak bere gain hartu zuen egitasmo hori, eta pentsatu nuen euskaltzain izanda errazagoa izango zela proiektua aurrera eramatea.

Zuk gidatzen duzun testu bankuaz ari zara. Zer da, justuki?

Euskal curriculumarekin lotutako testu hautatuen bilduma bat, DBHko eta Batxilergoko ikasleei zuzendua batez ere. Garai eta euskalki guztietako testuak jasoko ditu, euskara batuaren grafiara eta morfologiara ekarrita eta argazki edo bestelako irudi esanguratsuekin hornituta. Poemen kasuan, bertsio musikalarekin batera. Beste kasu batzuetan, gaiari buruzko dokumental edo filmetara daramaten estekekin. Online eskainiko dira testuak, denak etiketatuta, irakaslea edo ikaslea erraz irits dadin haietara. Eta Euskaltzaindiaren Hizkuntzaren Kalitatearen Behatokiak (HIZBEA) arretaz aztertuta. Erakunde literario sendo baten faltagatik bere garaian inprentako hutsekin edo akatsekin argitaratu ziren testuak merezi bezala editatzen ari gara.

Adibideren bat jarriko zenuke?

Eman dezagun Historia irakasle bat Industrializazioa lantzen ari dela. Bada, bilatzailea erabili, eta garai horri buruzko testigantzak, ipuinak, bertsoak aurkituko ditu. Berdin Lehen Mundu Gerrari edo 36ko gerrari buruzko testuen bila baldin badabil. Hizkuntza irakasleak euskararen historia soziala landu nahi duela? Bada, Kardaberaz, Humboldt, Emeterio Arrese, Piarres Larzabal, Mikel Zarate, Joan Mari Torrealdai edo Koldo Izagirreren pasarteak aurkituko ditu. Noeren ontzia izena eman diogu bildumari. Izan ere, Noe patriarkaren antzeko espirituarekin ekin diogu lanari: erreskata ditzagun gure ondorengoek ezagutu beharko lituzketen euskal testuak, ekar ditzagun lehen planora uholde handiak zeru-lurrak estali baino lehen.

Zer behar da literatura ondo itzultzeko?

Beti aipatzen diren kontu horiek: irakurle ona izatea, interpretazio okerretan ez erortzeko; egilearen estiloarekin, ahotsarekin, bat egiteko gaitasuna, norberarena bazterrean utzita… Itzultzaile guztiek, hangoek eta hemengoek, bete beharreko baldintzak dira horiek. Gure kasura etorrita, jakin behar dugu, beste hizkuntza batean idatzitako obra benetan euskarara ekarri nahi badugu, ezingo dugula hori jauzi bakarrean egin, hain zuzen ere gure hizkuntzaren berezitasunagatik. Atletismoko jauzi hirukoitzarekin konparatzen dut nik. Begia jatorrizko testuan duzula egiten duzu lehenengo jauzia; bigarrena, begi bat jatorrizkoan eta bestea itzulpenean duzula; baina hurrengoan, begia jatorrizkotik kendu, inpultsua hartu, eta euskarazko testuarekin lan egin behar duzu, abiapuntutik urrunduz. Aurreko jauzietan jatorrizkoarekiko leialtasuna gorde baduzu, oraingo honetan euskararekiko leialtasuna erakutsi behar duzu. Euskararen hitzak, egiturak, esapideak erabiltzen ari zarela ziurtatu. Ez dadila testua gelditu erdibidean, bi hizkuntzen artean.

Jauzi hirukoitz hori egin behar du, noski, euskaratik beste hizkuntza batera itzultzen ari denak ere. Gaztelaniara itzultzerakoan, adibidez, jauzi bakoitzarekin dentsitate handiagoko sintaxi batera jo behar da kasu askotan. Gaztelaniatik ingelesera itzultzen dutenek, aldiz, kontrakoa egin behar izaten omen dute: esaldiak zatitu, ingelesak nekez hartzen duelako gaztelaniazko esaldi konplexuen dentsitatea.

«Jakin behar dugu, beste hizkuntza batean idatzitako obra benetan euskarara ekarri nahi badugu, ezingo dugula hori jauzi bakarrean egin, hain zuzen ere, gure hizkuntzaren berezitasunagatik. Atletismoko jauzi hirukoitzarekin konparatzen dut nik».


Literatur itzulpengintzak garapen handia izan du azken urteetan. Lan bikainak euskaratu dira, eta bikain euskaratu ere, baina ez ditu, beharbada, aurreiritzi guztiak gainditu oraindik. Zer diozu zuk? Zer behar du euskal itzulpengintzak?

Zer behar duen? Euskal literaturak behar duen gauza bera: irakurleak. Egunkari honetan bertan irakurri berri dugu euskarazko liburuen salmentak beherantz egin duela nabarmen. Zer esan nahi du horrek? Euskaldunek ez dituztela euskal liburuak maite? Arestiren poema hura dator burura: «Herri honek… jaiak nahi ditu (kontentua, asea, boza)…». Mundua txunditzeko gai gara gure festa eta ospakizunekin, baina, antza denez, euskaldun askori kosta egiten zaio ahalegin minimo bat eskatzen duen lan intelektualari aurre egitea.

Aipatzen duzun aurreiritzi txar hori dela eta, bi multzo egingo nituzke irakurleen artean: itzulpenak irakurtzen dituztenak, eta irakurtzen ez dituztenak. Iritzi txar hori bigarren multzo horretatik dator, nire ustez. Lehenengo multzoan, uste zabaldua da kalitateak hobera egin duela eta itzulpen bikainak egiten direla gaur egun. Bigarren multzo horri dagokionez, ez dakit ba… Hainbestetan entzun ondoren gure lanak ez duela batere balio, ez dakit ez ote genukeen kontraerasora pasatu behar, eta galdetu zer itzulpen irakurri duten azken hamar-hogei urteetan, zer itzulpen zehatzek eragin duten haiengan iritzi txar hori. Noizbait egin dut proba hori, eta erantzunak espero bezain eskasak izan dira.

«Hainbestetan entzun ondoren gure lanak ez duela batere balio, ez dakit ez ote genukeen kontraerasora pasatu behar, eta galdetu zer itzulpen irakurri duten azken hamar-hogei urteetan».

Baduzu arantzarik ofizio horretan?

Beharbada, euskarara gehiago itzuli ez izana. Gustuko liburu bat irakurtzen dudan bakoitzean, nire buruak klik egin eta pentsatzen du: «Euskarara ekarri beharko genuke/nuke liburu hau». Lehenengo itzulpenak ingelesetik euskarara egin nituen (R. L. Stevenson, William Faulkner, Amos Tutuola, Patricia Highsmith…), baina gero Atxagaren lanak gaztelaniaz jartzen hasi nintzen eta azken urteetan gutxi itzuli dut euskarara. Ez dut esan nahi lan hori gustura egin ez dudanik. Egin beharrekoa da, gainera, eta ondo egin beharrekoa, gure literatura zabaltzeko. Behar-beharrezkoak ditugu euskaratik gaztelaniara itzultzen duten itzultzaile trebeak. Orain, sarri ikusten dugu egileak berak egiten duela bere liburuaren itzulpena, baina, zalantzarik gabe, zigor bat da hori. Liburu bat idatzi, zuzendu, berriro zuzendu, argitaletxera bidali, probak zuzendu, azkenean argitaratu, eta hurrengo egunean erdaraz jartzen hasi behar duzu? Nork nahi du hori? Beste leku batzuetan, liburua argitaratu orduko hurrengo obran pentsatzen hasten da idazlea, ez bere liburuaren lehen orria itzultzen.

«Beste leku batzuetan, liburua argitaratu orduko hurrengo obran pentsatzen hasten da idazlea, ez bere liburuaren lehen orria itzultzen».

Edizio munduan egin duzun lana itzalpean eraman duzu. Duela gutxi baina, Bi anai-ren edizio berriarekin batera, aurkezpeneko mahaian ikusi zaitugu. Zerk eraman zaitu pauso hori ematera?

Nire izena ikusi nuen kazetarientzako gonbidapenean. Beste arrazoirik ez zen izan.

Bernardo Atxagaren editorea zara. Beste egileren batena izango zinateke? Norena?

Kepa Altonagaren liburuak, Joseba Sarrionandiaren libururen bat, Anariren poema liburua… eta egile gehiagorenak ere editatu izan ditut. Hamaika testuliburu eta ikasmaterial ere bai, EIMAko kide izan nintzen urteetan. Beti berdin lan egiten dut, testua astiro aztertuz, hau eta bestea konprobatuz. Baina, argi dago, inplikazio maila handiagoa da Atxagaren liburuetan [bikotekidea du]. Beste kasuetan, nik nire lana egin eta egilearen esku geratzen da nire oharrak aintzat hartzea edo ez. Liburua argitaratzen denean, ez dut begiratzen. Atxagaren kasuan, lehen irakurketa dago, bigarrena, hirugarrena, proposamenak, kontraproposamenak, eztabaidak…, biotako batek, normalean berak, «aski da!» esaten duen arte.

Zer da edizio lanean gehien gustatzen zaizuna?

Testuak erritmoa duela sentitzen duzun une hori. Agian hirugarren edo laugarren irakurraldian gertatzen da. Ikusten duzu leun-leun irakurtzen dela, estropezu egin gabe esaldi edo hitz multzo ilunekin, arreta galdu gabe testuaren tonuarekin bat ez datozen hitzen erruz…, eta esaten duzu: kito, prest dago irakurlearen eskuetan uzteko.

Editore izatea akatsak zuzentzea baino gehiago da. Zer da?

Testua zuzena izatea, hori minimoa da. Baina, bai prosa didaktikoan eta bai literarioan, testu argia eta zehatza lortzea da helburua. Sintaxi aldetik argia eta lexiko aldetik zehatza. Eta horrekin batera, ez dadila alferrikako hitzik egon. Gizena kendu eta giharra bakarrik utzi. Terreno labainago batera joanez, editoreak egilearen buruan sartu, eta zer adierazi nahi izan duen igarri behar du. Eta, behar izanez gero, hori adierazteko modu argiagoak edo zehatzagoak proposatu. Estiloa zaintzea da hori, funtsean. Baina irakurlearenganako errespetuak eskatzen duen ahalegin bat ere bada, nire ustez. Ez dut onartzen irakurlearen gain uztea idazleak argi adierazi ez duena deszifratzeko lana.

«Hemendik kanpoko argitaletxeentzat lan eginda ikasi dut zer garrantzia ematen zaion edizio lanari».

Hemendik kanpoko argitaletxeentzat lan eginda ikasi dut zer garrantzia ematen zaion edizio lanari. Zuzentasuna zaintzen da, noski, baina, horrez gain, editoreak liburuari berrogeita hamar orri kentzeko eska diezazuke, edo aldatzeko hasiera, edo jartzeko beste titulu bat… Patricia Highsmithen nobela bat itzultzen ari nintzela konturatu nintzen frantsesezko itzulpenean orri gutxiago zituela, editoreak hainbat pasarte kentzeko eskatu ziolako egileari. Ezaguna da Raymond Carverren kasua ere. Hainbeste miretsi den estilo minimalista hori bere editorearen artaziek sortua da, nonbait. Asko daukagu ikasteko. Euskaraz argitaratzen diren zenbait liburu ikusi, eta susmoa hartzen duzu idazlearen ordenagailutik zuzenean joan direla inprentara.

Zer behar da editore ona izateko?

Denbora! Eta, ondorioz, hilaren bukaerara iristen utziko dizun ogibide bat izatea. Nire kasuan, irakasle soldatari esker egin ahal izan ditut beste lan horiek.

Idazle eta ikerlari gisa, lan mardula hartu zenuen zure gain: Far Westeko Euskal Herria (Pamiela, 2009) argitaratu zenuen. Gero, berriz, Kaliforniakoak (Pamiela, 2013). Zer diozu liburu horiei buruz?

Nevadan egindako egonaldi baten emaitza da Far Westeko Euskal Herria. Hango liburutegi, artxibo eta abarretan arakatu, eta estatu hartan eta Mendebalde Urrun guztian ibilitako euskaldunen ondare idatzia jaso nuen. Esan behar dut, arakatze lan hartan ari nintzela, Pete Aguereberryk Heriotzaren Haranean urrea aurkitu zuenean baino poz handiagoak hartu nituela. Testigantza epikoak, batzuk. Beste batzuk, finezia handikoak. Jean Baptiste Urrutirena datorkit burura. 22 urterekin joan zen Armendaritzetik Buffalora (Wyoming), artzain. Urteen buruan, hango bizimoduaren gauzarik txarrena zein zen galdetu zioten. Erantzuna: «Bakardadea». Gauzarik onenaz galdetuta: «Txakurrik onenaz gogoratzea, hantxe, nire ondoan beti. Uda garaia Sierraren goialdean, loreak, dena jaiotzen, edertasuna eskainiz. Gauez, izarrak milioika, huraxe zen gure lorategia. Ehiza xehea eta arraina erruz. Ardiak mugitu behar zirenean, bazkaleku batetik bestera joatea. Indarrez kantatu eta oihartzuna entzutea».

Far Westeko Euskal Herria argitaratu, eta antzeko lan bati ekiteko gogoz geratu nintzen. Urte gutxiren buruan sortu zitzaidan aukera, Kalifornian egindako egonaldi batean. Hara joan eta nire barruko mulier faber hori aktibatzea, dena bat izan zen. Lehenengo liburuan 1847tik aurrerako emigrazioa aztertu nuen, hau da, Kalifornian urrea aurkitu izanak eragindakoa. Bigarren honetan, Kaliforniakoak (1533-1848) liburuan, euskaldunen parte hartzea Kaliforniaren aurkikuntzan eta kolonizazioan.

Etorriko al da beste libururik?

Une honetan, ez dirudi. Nahiko lan badaukat Noeren ontziarekin.

«Ezaguna da Raymond Carverren kasua ere. Hainbeste miretsi den estilo minimalista hori bere editorearen artaziek sortua da, nonbait. Asko daukagu ikasteko».

«Barne indar batek bultzatu nau itxura batera niretzat ez ziren lanei heltzera»

Tolosan hazi, Gasteizen bizi eta Amerikako Far West maitatu. Bizitoki izan dituen hiriek eta lurraldeek ez diote alferrikako arrastorik utzi.

Umetan zein zen zure ametsa? Zer izan nahi zenuen handitzean?

Ez nuke esango amets baten atzetik ibili naizenik. Inoiz ez dut jomuga batera iristeko planik edo kalkulurik egin. Barne-indar batek bultzatu nau itxura batera niretzat ez ziren lanei heltzera, Faulknerren nobela bat euskaratzera edota euskaldunen emigrazioaren historiarekin lotutako bi liburu idaztera. Barne-indar horrek, gauzak egiteko nahi horrek erabaki du nire ibilbide guztia, ez hau edo bestea izateko ametsak. Hogei urterekin esan balidate itzultzaile bilakatu eta hainbat liburu, euskarara ez, gaztelaniara itzuliko nituela, bi liburu mardul idatziko nituela zertaz eta Estatu Batuetako Mendebaldeko euskaldunez, eta, azkenik, Euskaltzaindiko kide izango nintzela, barre egingo nuen.

Zer da Tolosa zuretzat?

Haurtzaroko eta nerabezaroko herria. Orduko kontuak ekartzen dizkit burura. 60ko eta 70eko hamarkadetan, euskara etxeko hizkuntza zen soil-soilik. Inori ez zitzaion bururatzen ikastetxean edo lagunekin euskaraz egitea. Gure familian, aldiz, euskarekiko atxikimendua erabatekoa zen. Eskolako giroari dagokionez, inolako harremanik ez zegoen oporretan eskiatzera joaten ziren burgesiako neskatilen eta, ni bezala, gizarte klase baxuago batetik zetozenen artean. Batere harremanik gabeko bi talde ziren, inoiz nahasten ez zirenak eta elkarrekin hitzik gurutzatzen ez zutenak. Uler bedi hori literalki: hamarren bat urtez ikasgela berean, eta hitzik ez elkarri. Aldatu ote da hori?

Gogoratzen naiz, baita ere, zein bizirik zegoen gerrako oroitzapena zaharrengan. Amonarekin kaletik, eta, bere adineko gizon batekin gurutzatzerakoan: «Horrek mingaina moztu zion halakori». Edo, beste gizon bat seinalatuz: «Hori etorri zen aitonaren bila, fusilatzera eramateko. Zorionez, Frantziara alde eginda zegoen ordurako». 70eko hamarkada zen, eta besteak entzuteko moduan esan zitezkeen gauza horiek. Tolosarren alaitasunaz ere hitz egin nezake, edo inauteriei buruz, baina hori ezagunagoa da.

Gasteiz?

Hiri baten izena entzun, eta han ezagutu dudan jendeaz gogoratzen naiz. Parisen Andre, Bordelen Liz. Gasteiz aipatzen badidate, aldiz, berrogei urtez Araban bizi izan ondoren, jende multzo handia etortzen zait burura, dena euskaldun berriz osatua: Iralen ikasle izan ditudan irakasle guztiak. Gertutik bizi izan dut ehunka irakasleren euskalduntze prozesua eta, orain esaten den bezala, plazera izan da. Orixek, Bilbon egin zituen urteen ondoren, hango euskaldun berriekin zenbat ikasi zuen esaten omen zuen. Gauza bera nik Gasteizen. Euskaldun berriak dira hemengo nire lagunik onenak ere. Bide batez esanda, inoiz ez dute euskañolez egiten, euskaldun zahar gipuzkoar askok bezala.

Honetaz ari garela, eskaera txiki bat egingo nieke beste eskualdeetatik hemengo ikastetxeetara datozen irakasleei, batez ere gipuzkoarrei: harrokeriak etxean utzita etorri; ez bota ikasleen aurrean euskara kaskarra egiten dela hemen; eta ez irakatsi euskara Zumaiako institutuan irakatsiko zenuketen bezala.

«Begiak beste era bateko edertasuna maitatzen ikasten du Nevadako, Utahko eta Kaliforniako basamortuetan. Eta emozio sakona sentitzen duzu, eremu bakarti haietan ibilitako artzain euskaldunez gogoratuta».

Eta Nevada, Far Westeko Euskal Herria zer da zuretzat?

Haiek bai bazter miresgarriak! Jainkoak, zeru-lurrak sortzen ari zen egun haietan, goiz batean esnatu eta esan balu bezala: «Ba orain, ikusiko duzue zer egiteko gai naizen!». Begiak beste era bateko edertasuna maitatzen ikasten du Nevadako, Utahko edo Kaliforniako basamortuetan. Eta emozio sakona sentitzen duzu, eremu bakarti haietan ibilitako artzain euskaldunez gogoratuta. Jendeari dagokionez, euskal-amerikarrei alegia, aitortu behar dut haiek baino arrasto sakonagoa utzi dutela nigan Far Westeko Euskal Herria-n agertzen diren iraganeko protagonistek.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.