Literatura

‘Egile nafarren euskal literaturaren antologia’ lanari buruzko mahai-inguru zikloa hasiko dute bihar, Iruñean

Azaroaren 4ra arte, lau mahai ingurutan parte hartuko dute zenbait literatur adituk. Erdi Arotik gaur arte euskaraz idatzi duten eta idazten duten idazle nafarren lanak izango dituzte hizpide.

Amaia Serranok urriaren 30eko mahai inguruan parte hartuko du. GORKA RUBIO / FOKU
Amaia Serranok urriaren 30eko mahai inguruan parte hartuko du. GORKA RUBIO / FOKU
edurne begiristain
2024ko urriaren 15a
14:21
Entzun

Nafar Ateneoak eta Nafarroako Idazleen Elkarteak mahai-inguru ziklo bat antolatu dute Egile nafarren euskal literaturaren antologia lana ardatz hartuta. Hain justu, Nafarroako Gobernuko Vianako Printzea erakundeak argitaratutako lau liburuk osatzen dute antologia, eta argitalpen horiek publikoari helarazteko asmoz egingo dituzte mahai inguruok. Asier Barandiaran ikerlariak koordinatu du bilduma, eta Erdi Arotik gaur arte euskaraz idatzi duten eta idazten duten idazle nafarren lanen antologiak jasotzen ditu.

Mankomunitatearen egoitzako Ansoleaga aretoan egingo dute zikloa, Iruñean, 19:00etan aldi guztietan, doan, eta literaturan aditu diren zenbait solaskidek parte hartuko dute. Bihar abiatuko dute zikloa, Asier Barandiaranek antologiaren lana aurkeztuta. Ondoren egingo dute lehen mahai ingurua: Garazi Otxagabiak, Aiora Sampedrok eta Alvaro Rabellik parte hartuko dute, Juan Karlos Lopez-Mugertza idazle, ikerlari eta NUPeko irakasleak moderatuta. Jose Mari Satrustegiren, Juango Olasagarreren eta Patxi Zabaletaren testuak aztertuko dituzte.

Urriaren 23an izango da bigarren saioa. Rosa Miren Pagolak, Asier Barandiaranek eta Paulo Kortazarrek hizpide izango dituzte Enrike Zubiri Manezaundi, E. Txibite eta Aurelia Arkotxaren lanak. Josu Jimenez Maia idazle, olerkari eta Nafar Ateneoko euskara arduradun ohiak gidatuko du solasaldia.

Urriaren 30ean, berriz, Sandra Iraizozek gidatutako mahai ingurua egingo dute Amaia Serranok, Asier Barandiaranek eta Xabier Etxanizek, eta hizpide izango dituzte Jokin Muñoz, Mattin Etxamendi eta Xabier Etxanizen obrak.

Azaroaren 5ean emango diote amaiera hitzaldi zikloari. Egun horretan, Jon Martin ikerlariak hitzaldi musikatua eskainiko du, bertsogintza ardatz.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.