Egile eskubideak berriro definitu behar direla uste dute hainbat musikarik

SGAEren estatutuak aldatzeko eskatu dute, egun «espekulazioaren eta botere metaketaren alde» egiten dutelakoan

Agentziak
Madril
2011ko uztailaren 27a
00:00
Entzun
SGAE egile eskubideak kudeatzeko Espainiako erakundean izaten ari den krisia dela eta, manifestu bat kaleratu dute hainbat musikarik. SGAEren independentziaren beharra aldarrikatu, eta egile eskubideak berriro definitzeko eskatzen dute. Musikarien artean banatuko dute testua, babes handiagoa lortze aldera.

Duela bi aste Bartzelonan bildu ziren pop, rock, jazz, flamenko eta musika klasikoko hainbat artista. Bilera hartako gogoeten harira idatzi du manifestua Santiago Auseronek, Radio Futurako abeslari ohiak. Testuak dioenez, musikariei kalte egin diete SGAEren ustezko diru desbideratzeek, haren helburuekin bat ez datozen inbertsioek eta «oso eztabaidatua izan den kanon digitalaren araudia onartzeko izan duen eragin politikoak». Egile eskubidearen esanahiari buruzko eztabaida eskatu dute, baita obra baten erabilerak izan behar duen ordainsariari buruzkoa ere, «kopia pribatutik babesteko herritarrei zerga bat ezarri behar izan gabe».

SGAE, industriaren «aliatu»

SGAE bere kudeaketarekin musika industriaren «aliatu» bihurtu dela uste dute: «Korporazio handiekin haien mesederako tratuak egin zituen, eta, aldi berean, lege babesa lortu zuen, obren erabilera partikularra zorrotz kontrolatzeko». Editorialen rolaz ere ohartarazi dute, «errepertorio katalogo handiak kontrolatzen baitituzte». SGAEren finantza sareak duen dimentsioagatik kultur politikan «giltzarri» bilakatu dela uste dute, eta horrek Kultura Ministerioarekin «bere independentzia zalantzan jartzen duten harremanak» izatera eraman duela uste dute. Ministerioaren jarrera ere salatu dute, «araudi eraginkorrik ezean, bere burua alde batera uzten baitu, baina praktikan bere funtzionamenduaren ardatzak itundu ditu SGAErekin».

Horregatik, erakundea eraberritu eta estatutuak aldatu behar direla uste dute, besteak beste, egungo ordezkaritza sistema, «espekulazioaren eta botere metaketaren alde egiten baitu».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.