Toni Morrison

Egiazko fikzioak

Toni Morrisonek zapalkuntzatik idatzi zuen, arraza, sexu eta klase gatazkak ardatz hartuta. Literaturako Nobel saria jaso zuen lehen emakume afro-amerikarra izan zen. Astelehenean hil zen, 88 urterekin.

JUANJO MARTIN / EFE.
Ainhoa Larrabe Arnaiz.
2019ko abuztuaren 7a
00:00
Entzun
Aitonak harrokeriaz errepikatzen zigun Biblia irakurtzen zuela legez kanpo zegoenean. Orduan jakin nuen hitzek boterea zutela». Hala dio Toni Morrison idazleak (Ohio, AEB, 1931-New York, 2019) bere ibilbideari buruz estreinatu berri den Toni Morrison: The Pieces I Am dokumentalean. Timothy Greenfield-Sanders zinema zuzendariak urtarrilean aurkeztu zuen filma, eta idazle estatubatuarrari buruzko biografia zinema aretoetatik dabilen bitartean iritsi da berria: astelehenean hil zen Morrison, 88 urte zituela, New Yorkeko erietxe batean. 11 eleberriren egilea da; haur literaturan ere jardun zuen, baita hainbat antzerki pieza ondu ere. Nolanahi ere, afro-amerikarren eskubideen aldeko defentsagatik ere bazen ezaguna Morrison. Literaturako Nobel saria jaso duen lehen —eta azken— emakume afro-amerikarra izan zen; 1993an eman zioten saria.

Eskubide zibilen aldeko borrokan eta arrazakeriaren aurkako mugimenduetan jardun zen, eta horrek isla izan zuen bere ibilbide literarioan. Arraza, sexu eta klase gatazkak ardatz hartuta ondu zituen eleberriak, eta, jatorri errealista duten eta sarritan ahozko tradiziotik jasotako istorioak biltzearekin batera, fantasia ere uztartu izan zuen guztietan. 1970ean idatzi zuen The Bluest Eye, lehen eleberria, 40 urte zituela. Morrisonek kolpea eman zuen hasieratik, bai estilo aldetik, baita istorio aldetik ere. Nobelan, Pecola izeneko haur beltzaren istorioa jaso zuen, zeinak begi urdinak nahi dituen; aitak bortxatu egingo du, eta zoratu egingo da.

Aurten aurkeztu duten dokumentalean, Angela Davis ekintzaile feminista eta idazlearen lagunak Morrisonen idazketa prozesua deskribatzen du. Davisek dio tarte libreetan paragrafoak idazten aritzen zela, bi haurren zaintzaren eta dedikazio betea eskatzen zioten lanen zurrunbiloan: «tartean, auto pilaketetako geldiuneetan».

Barneko maitasuna ardatz

Morrison familia xume batean jaio zen, eta gertuenen bizipen eta zauriek eragina izan zuten harengan. Idazleak Ardelia Willis amonaren eragina nabarmendu izan zuen behin baino gehiagotan. «Lan aspergarriak egiten aritzen ginenean, istorioak kontatzen zizkigun, denbora arintzeko». Haren hitzetan, irudimenaren zati bat amonari zor zion horregatik. Nerabezaroan, Morrison etxe garbitzaile aritu zen, harik eta herriko liburutegi publikoan lanean hasi zen arte. Orduko jardunak liburuak barra-barra irakurtzeko modua eman zion. Gerora, ikasketak bukatu, eta Albanyko unibertsitatean eta Princetonekoan aritu zen irakasle, eta New Yorkeko Random House argitaletxeko editore lanean ere murgildu zen. Besteak beste, Henry Dumas, Toni Cade Bambara, Angela Davis eta Gayl Jones idazle afro-amerikarren lanak hedatzen jardun zuen argitaletxean, eta orduan erabaki zuen The Bluest Eye lehen eleberria kaleratzea.

Gero etorri ziren Sula (1973), Song of Salomon (1977) eta Tar Baby (1981) nobelak. 1987an argitaratu zuen bere liburu sonatuenetakoa: Maitea (1987) —Beloved jatorrizkoan; Anton Garikanok euskaratu zuen, 2005an, Alberdania argitaletxearekin—. 1988an, eleberriak Pulitzer saria jaso zuenfikzioaren kategorian, eta gero zinemarako ere egokitu zuen Jonathan Demme zine zuzendariak. Lanak esklabotzaren gaia zuen ardatz, eta Margaret Garner estatubatuarraren istorioan oinarritu zen idazteko —Garnerrek alaba hil zuen hura esklabo bihurtu aurretik—. Errealismoa eta fantasia; bi-biak elkartu zituen Morrisonek eleberrian. Honela laburtzen zuen idazleak Baby Suggs liburuaren protagonistetako baten ahotan; hirurogei urtez esklabo eta hamar urtez libre izan ondoren, zera zioen: «Munduan zorte txarra ez, zuri-jendea dago».

Nolanahi ere, maitasunari buruzko trilogia baten lehen liburua da Maitea —gero ondu zituen Jazz eta Paradaise dira trilogiaren bigarren eta hirugarren lanak—. Honela aitortu zuen idazleak berak: «Maitearen bilaketa etengabekoa da guztien arteko lotura: zure baitan dagoen izate hori, maitatzen zaituena, eta beti hor dagoena zuretzat».

Jazz eleberriaren urte berean kaleratu zuen Morrisonek Playing in the Dark: Whiteness and the Literary Imagination (1992) saiakera: afro-amerikarrekAEBetako literaturan zuten tokia aztertu zuen liburuan. Handik urtebetera jaso zuen Literaturaren Nobel saria, 1993an: «Lengoaia sexista, lengoaia arrazista, lengoaia teista; denak dira menderakuntza lengoaiaren forma tipikoak, eta ez dituzte onartzen ezagutza berriak eta ideien elkargune berriak [...] Lengoaiak ezin du inoiz esklabotza irudikatu, ezta genozidioa eta gerra ere. Haren indarra, haren zoriontasuna, hitzekin ezin adieraz daitekeenera jauzi egitea da».

Hainbat liburu kaleratu zituen saria jaso ondorenean ere: Paradise (1997), Love (2003), Home (2012) eta God help the child (2015) liburuak dira utzi dituen azkenak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.