Egiaren aldeko hamasei gezur

Literaturaren zentzu kritikoari eta euskal ipuingintzaren ekosistemari egin nahi izan die gorazarre idazleak. Ohikoa duen baino garapen luzeagoko istorioak bildu ditu

Iban Zaldua, atzo, Donostiako Konstituzio plazan. JON URBE / FOKU.
itziar ugarte irizar
Donostia
2022ko irailaren 13a
00:00
Entzun
«Garai batean erabat sinetsita nengoen egile baten ausardia neurtzeko ezinbestekoa zela bere lanen formei erreparatzea. Baina urteak joan ahala konturatu nintzen idazle ausartak, batez ere, bere inguruan eta bere baitan begiratu eta gero, handik jasotakoak zorrotz ematen ikasi dutenak direla». Iban Zalduaren lan berriaren aurkezpenean partekatu du gogoeta Pello Lizarraldek, eta, ezbairik gabe, egile ausarten artean kokatu du hura: «Idazten hasi zenetik, oso ongi jakin du zer bideri jarraitu behar zion». Ipuina engainua da (Elkar) izena eman dio Zalduak ipuin bilduma berriari, eta inguratzen duen errealitateaz gezurraren bitartez idaztea defendatu du hark ere. «Pellorekin hitz egin izan dut nola badiren idazleak bere fikzioan beretik jartzen ez dutenak. Nahi nuke liburu honen ikur bat izatea niretzat fikzioak duen bertute nagusia: norberetik idaztea ahalbidetzen dizula, norbera lehen planoan jartzeko beharrik gabe, hots, egozentrismoan erori gabe. Norberetik, baina ez norberarentzat».

Zalduaren lan berria, beste behin, liburu «anitza» dela esan du lehenik Lizarraldek — saiakera tankerakoa da azkena, esaterako—, eta aniztasun hori literaturazale izatetik eratorri izana goretsi du. «Gutxi irakurtzen duten idazleak hainbeste ugaritu diren honetan, esango nuke ezohikoa ere badela ikustea zer garrantzia duen literaturak Ibanen lanean». Zalduaren ipuinetan «aurreiritzi gutxiko irakurle bat» topatu du hark, eta galdera bat liburuaren ardatzean: «Hainbeste ertz duen errealitate honen aurrean, ez ote den fikzioa [horietaz aritzeko] modurik eraginkor-zintzoena».

Gezurrek eta beldurrek zeharkatutako pertsonaiak topatuko ditu irakurleak. Lizarralde: «Heroi izatearen muga arriskutsuak zeharkatzeko gai direnen gezurrak, arazoaren muinetik ihes egitearren huskeriatan nahasten direnen digresioak, urteak bete ahala beti lehengoan dagoela sinesten duenaren ameskeria barregarria, ilusio kolektibo handien kaxa irekitzeak eta ixteak eragiten dituen gehiegizko nahigabeak, eta beste».

Ahotsarekin baketuta

Eskerrekin hasita, euskal ipuingintza «oro har» eskertu du Zalduak, eta liburua ekosistema horren gorazarre izan nahi lukeela esan du. Baita literaturaren zeregin kritikoaren gorazarre ere: «Zeregin kritikoaz ari naiz, ez militanteaz edo panfletarioaz».

Aukera baliatu du, halaber, soilik euskal gatazkaz idazten duela uste dutenei erantzuteko. «Beti izan da nire produkzioaren parte, baina ez gehiengoa. Are, agerrarazten dudanetan, askotan ez da inondik ere gai nagusia». Eta halatsu ikusten du lan berrian ere.

Ipuin liburu «konpaktuak» nahiago dituztenen aurrean —«nobelaren inperialismoaren albo kalte bat da»—, askotariko alez osatutako narrazio bildumen alde egin du Zalduak, eta istorioak batzeko beste modu batzuk bilatu behar direla esan du. Kasu honetan, uste du estiloak batu dituela kontakizunak, eta aitortu du, gainera, liburu honekin heldu dela bera bere buruari ahots bat baduela aitortzera. «Horrekin beti izan dut gutxitasun sentimendu bat, agian gaztelaniaz idazten hasi nintzelako. Orain, 25 urteren buruan, ikusten dut baietz, garatu dudala estilo bereizgarri bat euskaraz ere».

Luzera da ipuin berriak batzen duen beste elementu nabarmena. Mardula da liburua —276 orrialde—, baina hamasei ipuin dira denera. Alderaketa bat egiteko, Inon ez, inoiz ez (2014, Elkar) bildumak orri kopuru bertsua zuen, baina 38 ziren ipuinak hartan. Zaldua: «Nire konfort zona abandonatu nahi izan dut, ipuin luzeagoen mesedetan».Hala, ipuinokin «dentsitatea» izan du erronka handiena, eta ipuingintza modernoak bi adar baditu, Poe eta Txekhov, bigarrenaren ukitu errealistagora hurbildu dela aipatu du.

Gehiago ere esan du: «Inpresioa daukat etapa berri baten hasiera markatzen duela liburuak».

Bonus track eran, lantzen ari den manifestu bat ere banatu du aurkezpenean Zalduak: Gezurraren aldeko oktalogoa. «Oscar Wildek XIX. mendean jada idatzi zuen arduratuta zegoela gezurraren dekadentziarekin; orain zainak askatuko zituen». Bera ere auziaz arduratuta, gezurraren, asmazioaren aldarri zuzena egin du literaturarako. «Gezurra eta egia nahasten badira, akabo».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.