Itxi begiak, eta entzun: «Aldapeko sagarra, hor adarraren puntan, xiru-liru, xiru-liru. Aldapeko sagarra hor adarraren puntan». Orain, ireki: hamabi gazte, oholtza gainean, ikusleei begira, zuzen, zintzo eta prestu. Mututu da biolina, eta atzetik pianoa. Eta, bat-batean, aztoratu dira hamabi gazteak, hara eta hona, zurrumurruan. Batek buruan lore ureztagailu bat du, besteak denboraren txapela. Bada gerrian flotagailu begidun bat duena ere. Eta zer esan kaxa gorbatadun erraldoia soinean duenari buruz. Nork dio opera ikuskizuna ezin dela jolasa (ere) izan?
Jolasa baita Easo abesbatzak astelehenean Donostiako 85. Musika Hamabostaldian estreinatuko duen Egia ala geRuza opera ikuskizunaren oinarrietako bat. Izenburua bera ere hitz jokoaren parte dela azaldu du Marta Garcia libretoaren egileak: «Gezurraren ordez, geruza jarri dugu, azken finean, hizkuntzak geruza ezberdinak dituelako. Hitzen bidez errealitatearen geruza horiek deskribatzen ditugu nolabait, eta joko horri jarraikiz garatu dugu obra». Jolasa bi hizkuntzatan gauzatzen da, euskaraz abestu eta gaztelaniaz hitz egiten baitute.
Lewis Carroll (1832-1898, Erresuma Batua) idazlearen obrak izan dira Garciarentzat inspirazio-iturri; Aliceren abenturak lurralde miresgarrian (1865) eta The Hunting of the Snark (1876) bereziki. Matematiketan eta logikan aditua zen Carroll, eta, libretoaren egileak azaldu bezala, bere lanetan hizkuntzarekin jolasten da une oro. «Hortik abiatuta erabaki nuen hizkuntzarekin zerikusia duten pertsonaiak sortzea, pertsonaia abstraktuak, kategoria gramatikalak, adibidez, eta bakoitzak bere ezaugarri horren arabera antzeztea nahi nuen». Horrez gain, Carrollek bere idazlanetan umorez idazten duela adierazi du Garciak, hitz jolas «dibertigarriak» eginez: «Modu batera edo bestera, gaizki ulertuak egon daitezke, edo hitz batek esanahi bat baino gehiago izan, eta, egoera horretan, une barregarriak sortzen dira».
Libretoko pertsonaiak
Egia da protagonista nagusia, eta galduta dago: ez daki ez nondik datorren, ezta nora doan ere. Bidean pertsonaia ugarirekin egingo du topo, eta, horiei galderak egingo dizkie, baina ez du argitzeko adina erantzun jasoko. «Azken finean, ezjakintasun horretan hizkuntza nola jolasten den eta gu nola bideratzen gaituen ikusiko da, hor dago obraren gakoa», azaldu du libretoaren egileak.
Garciak pertsonaia horiek hizkuntzaren elementu gisa definitu ditu, eta horren arabera jokatuko dutela azaldu. «Adibidez, lehen ekitaldian, Nor eta Zer pertsonaiak ezagutuko ditu; bigarrenean, Zeinua eta Esanahia. Bi horiek bikiak dira, nahiko bereziak. Hirugarrenean Bla izeneko pertsonaia agertuko da. Horrentzat, hizkuntza ez da nahikoa mundua deskribatzeko, eta, orduan, hitz berriak sortuko ditu, esanahi berri batekin. Horiek horrela, hasieran Egiak ez dio ezer ulertuko, Bla bere hizkuntzan ari delako». Laugarrenean, «Aditz Denbora jaunarekin» egingo du topo protagonistak, eta azken ekitaldian, Subjektuarekin eta Predikatuarekin. Halaber, Ez pertsonaia sarritan agertzen dela aipatu du libretoaren egileak, eta horrek are gehiago nahasten duela protagonista.
Iraide Urbistondok jokatuko du Egiaren rola, eta, pertsonaia horiekin duen harremanaz galdetuta, batzuekin «ongi» moldatu arren, besteak «arraroegiak» direla erantzun du. Nolanahi ere, protagonistaren rola betetzea «plazer hutsa» dela aitortu du Urbistondok: «Duela zortzi urte hasi nintzen abesbatzan [egun hamasei ditu], txikitatik pasio handiz bizi izan dut. Oso urduri nago emanaldiarengatik, baina gogotsu». Astelehenean Viktoria Eugenia antzokian (Donostia) izango badira ere, igandean, Urnietako (Gipuzkoa) Sarobe arte eszenikoen gunean egingo dute jendaurreko entsegua, 17:00etan. Azken bi asteetan, estreinaldira bitarte, bertan egin ditu taldeak entseguak.
Lantaldea
David de Oliveira zuzendariak gidatuko ditu zortzi eta hamasei urte bitarteko 63 gazte: abesbatzako 35 haur, hamabi bakarlari eta 16 musikari, hain zuzen. Horretarako, Guillermo Amaya eszena zuzendaria eta Lucia Arzallus musika zuzendaria izango ditu alboan. Emanaldiko parte diren hirurak «oso eskertuta» daude Amayaren parte hartzearekin. Hamalau urtez oberspielleiter —arte eszenikoan dagoen eszena zuzendaria— gisa lan egin du Saxonia Behereko Antzokian, Hildesheim-Hannoverren (Alemania). Mundu osoan zehar ibili da antzerki, hainbat musika eta opera proiektutan. Amayaren lan egiteko modua nabarmendu du zuzendariak: «Antzematen da jende profesionalarekin lan egiten duela, banan-banan lantzen dituelako gauzak, eta bertatik bide berri asko zabaltzen dituelako». Garciaren ustez, oso pedagogikoa da Amaya; izan ere, saiatzen da haur bakoitzari ulertarazten bere pertsonaia nondik datorren.
Zuzendariak azpimarratu du prozesu «luzea» izan dela, abeslari bakoitzari beharrezko egokitzapenak egin behar izan baitizkiote. Iñaki Carcavillaren ardurapean dago orkestrazioa, eta musikan ere aritu da, Walter Slaughterrekin batera. Eszena gaineko atrezzoari erreparatuz, Goretti Figueroaren eta Lara Ponceren lana ikus daiteke, eta Maider Alustiza izan da jantzien diseinuaren arduraduna. Gorka Miranda produkzio koordinazioaren arduradunak esan bezala, «horrelako txikikerietarako jende asko behar da».
Gazteak profesionalak ez izatean, ahotsaren lanketa are gehiago mamitu behar izan dutela gaineratu du De Oliveirak: «Ez da gauza bera geldirik edo mugimenduan zaudenean abestea. Ahotsaren proiekzioa izugarri aldatzen da, eta aste hau aldaketak egiteko baliatu dugu». Hain zuzen, hilaren 15ean elkartu zen talde osoa Saroben, eta, ordutik, jo eta su dabiltza emanaldia prestatzen.
2018an pianista gisa hasi zen De Oliveira opera ikuskizunetan lanean, eta eskarmentua duela sentitzen du: «Lehen alditik nabil hemen inguruan lanean, eta ikusiz ere asko ikasten da, baita piano jotzaile gisa egonda ere. Badakizu non sortu daitezkeen arazoak, eta horiei aurrea hartzen saiatzen naiz». Proiektu musikal horietan guztietan maitasun handiz parte hartu duela ere aitortu du zuzendariak, haren ustetan, ez baita proiektu artistiko bat soilik; alde pedagogikoa ere badu, eta, horri esker, abesbatzako gazteak gogotsu jarraitzen dute bidean. Bilakaeraren berri eman du Garciak: «Hasieran, David [De Oliveira] bera bakarrik zegoen, gero hari laukote batek hartu zuen parte, eta orain orkestra bat ere badugu. Apurka-apurka bada ere, handituz doa proiektua».