Abereen marruek esnatu dute Galo ordu txikitan. Etxe aurrean sua piztu da, eta aztoratu egin zaio azienda. Aita hil dela ikusi du Galok, garren artean. Jakin nahiko du istripuz izan den edo hil egin duten; hori deskubritu nahi izango du Egarria eleberrian zehar protagonistak. Josu Penadesek idatzi du, eta Alberdaniak argitaratu. Izenburua beharrizan «primitibotik» haragoko sentipena dela aitortu du idazleak: «Hiru egarri mota aurkitu daitezke liburuan: egarri fisikoa, mendeku egarria eta maitasun egarria. Ur-egarriarekin hasiko da kontakizuna, baina, aitaren heriotzaren zergatiaren bila dabilenez, heriotza probokatua izan dela konturatzean, mendeku egarria agertuko zaio».
Sargori handiko egunak dira eleberrikoak, eta egarriak egarria dakarrela azaldu du idazleak: «Asteak dira euririk egiten ez duela, eta erreketan eta iturrietan ia ez dago urik. Ez da erraza izango egarriari gehiago eustea». Baina, egarri fisikoak bide emango die beste batzuei ere: «Maitasun egarria ere badu Galok. 6 urteko zela hil zitzaion ama. Eta haren aitak ez zion bere hazkuntzari atentzio handirik jarri, beste ardura batzuk zituen eta asko ibiltzen zen apustu jokoetan».
Horrek nahi baino gehiago sumintzen du Galo, Penadesen arabera: «Mendeku egarria piztu zaiolako. Agian mendekua hartu beharko die bere aitaren hiltzaileei, halakorik egon bada. Sumintzen duena aitari hartu gurako ziokeen mendekua da, ordea».
Literatura humanoa
Ezaugarri nabarmen bi dauzkate Penadesen lan guztiek: «Batetik, pentsamendu kritikoa bultzatu behar dute, eta, bestetik, proposamen estetiko bat egin behar dute». Eta bat egiten du seigarren liburu honek ere gainerakoekin. Bi ezaugarriak tartekatuta, «tresnak» ematen dituelako idazleak: «Mugiarazten du, ikuspuntu hegemonikoetatik eta hedatuenetatik kanpo bestelako begiradak erakusten ditu, norbere burua eta mundua ezagutzeko». Izan ere, pertsonaiak ditu ardatz lan denetan: «Niri interesatzen zaidan literatura giza kondizioaz ari da. Horregatik jartzen dut arreta pertsonaietan». Uste du, identitatearen eraikuntzarako aukera eskaintzen duela literaturak: «Egoera batean bizitzeko gonbita egiten digu, eta galderak egiteko aukera eskaini. Gizakiaz eta egarriaz ere bai».
Protagonista eta antagonista elkartu ditu eleberrirako; lehena Galo da; bigarrena, haren aita, «aitxe» izendatzen duena, «maitasun keinu gisa». Mendekotasunaren ondorioak nabarituko dituzte bai berak eta bai ingurukoek ere.
Haur izan gabeko gaztea da, Penadesentzat, Galo: «Egun, 13 urte edukiko lituzke mutiko honek, eta dudarik gabe esango genuke nerabea dela. Duela hirurogei urte, ordea, ez zegoen trantsizio hori». Galoren bizitzaren laburpena egiten du idazleak eleberrian, eta kontatzeaz bat, protagonista bera jabetzen da bizi izandakoaz: «Mundura esnatuko balitz bezala. Identitatearen eraikuntzan ari da, nolabait, eta ulertuko du eraikuntza hori bere esku dagoela, eta inguruaren eragina ere erabakigarria zaiola».
Proposamen estetiko bat ere egin nahi izan du eleberri honen bitartez: «Destilazioa izan da erabili dudan kontaketa teknikaren ezaugarri nagusia. Destilazioa egin dut hizkuntza literarioari dagokionez, eta baita kontatzeko moduari dagokionez ere».
Hizkuntzaren aldetik ere bilaketan aritu dela esan du, euskararen galdegaiaren toki egokiena aurkitu nahian: «Nik hizkuntza orea balitz bezala erabiltzen dut. Orea hori lortzeko osagairik onenak zeintzuk diren aukeratzen, erabiltzen eta forma ematen saiatzen naiz».
Familiako sekretuak airera
1950eko hamarkadako kontakizuna da eleberria. Baina, Aritz Galarraga Alberdaniako editorearen ustez, «gaur egungoa da oso». Leku eta une batetik idatzia dago: Bermeo (Bizkaia) du abiapuntu, baina «gai unibertsalak ere » jorratzen ditu.
47 kapitulu labur ditu eleberriak. Suteak abiatzen du istorioa, Galarragak azaldu duenez, eta Galo bera da narratzailea: «Berorika hitz egiten dio norbaiti, ez da zehazten nori, baina imajinatu dezakegu autoritatea dela».
Galoren bizitza kontatu du Penadesek, haren seigarren eleberria den Egarria liburuan. Amarekin eta aitarekin izandako harremanak ez ezik, auzoko dituen Eloisa eta Mikaela ere agertuko dira, baita familiak gordetzen duen sekretua ere.
Egarriak asetzeko hiru motibo
Josu Penadesen 'Egarria' eleberria eman du Alberdaniak. Aita-seme batzuk ditu protagonista
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu