Kritika- Arte eszenikoak

Efektu ikusgarrien lurraldean

Agus Perez.
2024ko azaroaren 28a
05:05
Entzun

'ALICE'

Konpainia: Momix. Sorkuntza, zuzendaritza eta musika collagea: Moses Pendleton. Zuzendari elkartua: Cynthia Quinn. Argiak: Michael Korsch. Jantziak: Phoebe Katzin. Bideoak: Woodrow F. Dick, III. Interpreteak: Jared Bogart, Heather Conn, Nathaniel Davis, Madeline Dwyer, Derek Elliott Jr., Hailey Green, Seah Hagan, Oksana Horban, Adam Ross. Lekua: Bilboko Arriaga antzokia. Eguna: Azaroaren 26a.

Fideltasun handiz etortzen da noizean behin AEBetako Momix konpainia Bilboko Arriaga antzokira, dantzatik eratorritako ikuskizun erdi plastiko erdi onirikoekin, eta oraingo hau Alice deitu da, Lewis Carrollek sortutako Alizia lurralde miresgarrian izeneko ipuinean oinarrituta.

Fantasiaren alorrean kokatzen da liburu famatua, eta horren araberakoa izan da lehen eszena, Aliziaren pertsonaia eskailera hegalari batean kulunkatzen eta lurra ukitu gabe ibiltzen zelarik. Atzeko proiekzioan mendixka ondulatu berdeak eta erreka garden bat ikusten ziren, eta geroko eszena guztiak proiekzioek lagunduta etorri dira, baina itxura nahiko psikodelikoa hartu dute eta zuri-grisean agertu dira neskato protagonista lurralde artegagarri hartan sartu denetik.

Inork ez dezala pentsa, ordea, Carrollen eldarniozko ipuin berez nahasia ezagutuko duela Alice hau ikusita, Pendletonek bere diseinuan liburuaren eszenak irudikatu nahi izan dituen arren. Lasciate ogni speranza, lagunok, ahaztu jatorrizkoari ganoraz segitzeko edozein itxaropen eta abandonatu zaitezte jantzien dotorezian, gorputz trebatuen edertasunean, argien diseinu politean eta musikaren egokitasunean, bide horietatik askoz gehiago gozatuko duzuelako emanaldiaz.

Momixen estiloari jarraituz, ilusio optikoak izan dira nagusi oraingoan ere, baina, berezitasun bezala esan dezakegu antzerkiaren eskuzko baliabide eszenikoekin gauzatu direla haietariko asko, eta ez hainbeste gorputzen kokapen bereziekin, aurrekoetan bezala. Haien artean nabarmena izan da antzokiko oihalen erabilera, baina kasu horretan eszenen arteko etenak markatzeko baliatu dira bakarrik, eta horrek garamatza proposamenaren makaltasun nagusira, Pendleton, osotasun bat bilatu beharrean, zeharo zentratu delako koadro bakoitzaren ikusgarritasunean, eta bistatik galdu du –beste behin ere– sorkuntza oso baten diseinu ez zatikatua. Izan ere, berdin gertatu zaio musikaren arloan ere, oraingo honetan askoz interesgarriagoa eta garaikideagoa izan den arren.

Atsedenaldiaren osteko zatian naipeen proiekzioak, naipe itxurako jantziak eta ordulariaren menpe zebilen untxia ikusi ditugu, baina lehen ekitaldian oinetako argidunen eszena benetan maiztua egin bazaigu, gorputzen gaineko oihal elastikoak are maiztuagoak iruditu zaizkigu ezinbestean. Oro har, emanaldia askoz borobilagoa izan zitekeen bigarren atal errepikatu eta soberako horren ezean. Hobe da ikusleak berriz etortzeko gogoz uztea haiek betekada sentsazioarekin geratzea baino.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.