Edwyn Collinsek (Edinburgo, 1959) buruko bi isuri pairatu zituen orain dela hogei urte justu. Otsailaren 18an lehenengoa, irratian elkarrizketatzen ari zirenean, eta astebete geroago bigarrena. Ondoren egin zioten ebakuntza ondo atera zen, baina musikari eskoziarrak jakin zuen aurrerantzean arazoak izango zituela hitz egitean, baita psikomotrizitatean ere. Horrek, baina, ez dio murriztu lanerako gaitasuna; ez dizkio apaldu ez kantuak sortzeko ahalmena eta ez kantari gisa dituen dohainak ere. Orange Juice taldeko buru izan zenak disko berria atera du oraintsu (Nation Shall Speak Unto Nation), lehena sei urtean, eta, ostera ere, erakutsi du osasun arazoek ez diotela eragin talentuan, azken diskoan bildu dituen soul ukituko pop kantuek erakusten dutenez.
Eskoziatik pop talde apartak atera ziren 1980ko hamarkadaren hasieran, Erresuma Batuan ez ezik handik kanpo ere oihartzun dezentekoa lortu zutenak: Aztec Camera, The Bluebells, Josef K... eta Orange Juice. Guztien artean, ziur aski, azken horiek ziren ikonoklastenak, punkaren eztandaren erdian azaldu baziren ere hamarkada bat lehenagoko taldeak ere miresten zituztelako, eta haien musika ere punkaren bat-batekotasunaren eta pop melodiak egiteko joeraren artean mugitzen zelako. Eskema itxirik gabe. Hantxe zegoen Edwyn Collins.
Laranja Zuku-ko kideak 1985ean banandu ziren, lau urteko epean hiru disko luze, sei kantuko EP bat eta hainbat single gogoangarri grabatuta, baina Polydor diskoetxearen babes faltagatik akituta. Orduan hartu zuen Collinsek bakarkako bidea. Lehen urratsak ez ziren errazak izan: Warner multinazionalak eta Alan McGee Creation diskoetxeko buruak sortutako Elevation markapean atera zituen Collinsek lehenengo bi singleak 1987an, Don’t Shilly Shally eta My Beloved Girl, baina ez zuten apenas oihartzunik izan, eta Elevation itxi zutenean, McGeek ez zuen, Primal Screamekin egin bezala, Creationera eraman Collins.
Horrela, Alemaniako zale batzuek lagunduta eta Demon diskoetxe independentearen babesarekin grabatu eta argitaratu zuen bakarkako lehenengo diskoa (Hope and Despair, 1989), eta baita bigarrena ere, Hellbent on Compromise (1990). Biak ala biak dira Collinsen manera dotoreak erakusten dituzten diskoak.
Bi mugarri
Estreinako bi disko haiek kritika onak jaso zituzten, baita oihartzun pixka bat lortu ere, baina Collinsen lana ez zen publiko zabalarengana ailegatu. Aitzitik, 1994an iritsi zitzaion ordurako berak ere espero ez zuen arrakasta. Eragilea, A Girl Like You: northern-soula, David Bowieren moduak eta John Barryren soinu banda jazzyak kantu bakarrean biltzen zituen hit eztabaidaezina. «Nik ez nuen oso garbi, baina Vic Godardek esan zidan kantu hura zerrendetako lehen postuetara iritsiko zela. Urte batzuk geroago, Mickie Post ekoizleak esan zidan badirela [New Yorkeko] Empire State eraikinaren azpian lurperatuta ere kanpora ateratzeko bidea aurkituko duten kantu batzuk». Horietako bat da A Girl Like You.
Hori mugarri bat izan zen Collinsentzat. Bestea, nola ez, 2005eko buruko isuri bikoitza, osasun arazo horiek bere etorkizuna bestela plantearazi baitzioten musikariari, ezinbestean. Hitz egiteko gaitasuna asko gutxitu zitzaion —tarte batean hitz eta esaldi gutxi batzuk esateko baino ez zen kapaz—, baina horrek ez zuen makurrarazi Collins, eta, disko berri bat kalean –Home Again (2007), isuriak izan baino lehen grabatua—, berriz zuzenekoak egiten hasi zen, apurka-apurka, 2008an.
Orduz geroztik, Collinsek segitu du kantuak konposatzen, diskoak grabatzen (Losing Sleep, 2010; Understated, 2013; Badbea, 2019), eta baita soinu bandak idazten ere. Horietako bat da The Possibilities Are Endless, Carwyn Ellisekin eta Sebastian Lewsleyrekin batera sortutakoa, Collinsi berari buruzko dokumentalerako.
Zauriak onartuta
Nation Shall Speak Unto Nation disko berriak sasoiko erakusten du Collins. Musikari eskoziarrak ez du galdu kantu bikainak egiteko gaitasuna, eta, gainera, hamargarren lan horretan, bere nortasun ezaugarrie eutsita ere —hor da, lehen planoan, bere ahots sakon eta goxoa—, berrikuntza batzuk ere badakartza. Baina, batez ere, iraganari eta orainari begiratzen dion disko bizizale bat da Nation Shall Speak Unto Nation, zauriak onartu eta etorkizunera begira «saiatzen segitu eta barre egiteko» deia egiten duena, Rhythm is My Old World diskoko azken kantuan bossanova erritmoan aldarrikatzen duenez.
Collinsen aurreko kantu askotan bezala, soularen eragina nabari da momentu askotan, Sound as a Pound bizi eta erritmikoan esaterako, baita Knowledge aurreneko singlean ere, eta The Bridge Hotel musika beltzaren eta musika zeltaren artean mugitzen da, Dexy’s Midnight Runnersen eran.
Azken urteetan ondoan izan dituen musikariek lagunduta —hor dira, adibidez, Carwyn Ellis eta James Walbourne—, Collins balada sentikorren (It Must Be Real, The Mountains Are My Home) eta kantu pizgarrien (The Heart is a Foolish Little Thing) artean mugitzen da, eta, era berean, nolabaiteko sorpresak uzten ditu. Nabarmenena Strange Old World-en agertzen den saxoa da, 1980ko hamarkada hasierako after-punkaren ahaireak jasotzen dituena.
Collinsek iragarri du agurreko bira egingo duela udazkenean, baina diskoak grabatzen segitzeko asmoa duela. Hori ere bada sasoi onaren seinale.