Edurne Ormazabal Tabakalerako gidari

Donostiako Kultura Garaikidearen Nazioarteko Zentroko zuzendari nagusi berria izendatu dute Edurne Ormazabal. Proiektuaren lidergoa eta estrategia orokor bat lantzeko ardura izango du

itziar ugarte irizar
2018ko urtarrilaren 13a
00:00
Entzun
Iragarrita zegoen urtarrilean aurkeztuko zutela Tabakaleraren gidaritzarako figura berria, eta atzo zabaldu zen haren izena: Edurne Ormazabal Azpiroz (Tolosa, Gipuzkoa, 1963) izango da Donostiako Kultura Garaikideko Nazioarteko Zentroko zuzendari nagusi berria. Tabakalerak zehaztu duenez, ondorengo egitekoak izango ditu Ormazabalek lanpostu berrian: proiektua osatzen duten erakunde guztien arteko estrategia komun bat garatzea; nazioarteko proiekzioa indartzea; diru iturri pribatuak sustatzea; eta sortzaile, industria zein ekonomia sarearekin harremanak sakontzea. «Proiektuaren ordezkari» ere bilakatuko da.

Tabakalera sostengatzen duten erakunde publikoek —Eusko Jaurlaritza, Gipuzkoako Aldundia eta Donostiako Udala— aurreratua zuten proiektuaren buru izateko eta eraikinaren gaineko estrategia orokor bat lantzeko ardurak izango zituela zuzendari nagusi berriak. Administrazio kontseiluak erabaki zuen postu berria sortzea, eta atzoko bilkuran denak ados agertu ziren Ormazabalen izendapenarekin. Salbuespen batekin: EH Bilduk hasieratik agertu du postu berria sortzearekiko zalantza, eta, hala, koalizioko ordezkaria abstenitu egin zen atzoko bileran.

Komunikazioan hasieratik

Komunikazioaren arloan egindako bideagatik da ezaguna Ormazabal. Psikologian lizentziatua da, eta Donostiako Herri Irratian hasi zen kazetari gisa lanean, eta, batik bat, EITB taldearen barruan garatu du bere ibilbide profesionala. Besteak beste, ETB1eko Katu-kale saioa aurkeztu zuen hiru urtez, eta Gaztea irratiaren zuzendari izan zen 1990-2008 urte bitartean. Gaur egun, EITB Taldeko komertzial zuzendaria da, eta Donostiako Zinemaldiko ekitaldiak aurkezteagatik ere ezaguna da Ormazabal.

«Aurrekontu handiko proiektuen finantzaketan, kudeaketa lanean eta diziplina askotako lantaldeen zuzendaritzan duen eskarmentua» azpimarratu dute Tabakalerako arduradunek.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.