Euskadiko Orkestra
Zuzendaria: Robert Treviño. Egitaraua: J. Haydnen 8. sinfonia, Arrastiria; A. Lauzurikaren Txillida-Goraipamenak; eta S. Rakhmaninoven 3. sinfonia. Lekua: Donostiako Kursaal auditoriuma. Eguna: Otsailaren 16a.
Austrian zehar bidaiatzea ahalbidetu dion kontzertu-biraren ostean, Euskadiko Orkestrak programa heterogeneoa eskaini du gure herrian, bere zuzendari titularra den Robert Treviñoren zuzendaritzapean.
Joseph Haydnen 8. sinfonia eskaini zen lehenik, jada Esterhazy familiarentzat lanean ari zenean idatzitakoa; aurreko bi sinfoniekin batera, egunaren sasoiak irudikatzen ditu trilogiak: goiza, eguerdia eta arrastiria. Aukeraketa zorrotza egin du Treviñok oraingoan, ganbera-orkestra gisa aritu baitziren musikariak, zutik, concerto grosso-en parekotzat hartu daitekeen osaketan. Esango nuke, oro har, tempomantsoek eta, tarteka, nahasiek oztopatu egin zituztela obrak eskatzen dituen argitasuna zein norabidearen zentzua. Minueta bereziki nahasia suertatu zen, hari boskotea guztiz garatu ezinik batuta herrenaren ondorioz. Flautak izan zuen, hala ere, fraseatze bikainetan luzimendurako aukera.
Antonio Lauzurikaren Txillida-Goraipamenak-ek osatu zuen lehen zatia, eskultorearen jaiotzaren urteurrenari helduta egindako enkargua. Txillidaren hainbat obratan agertzen da gorazarre hitza, eta horietan hartu du inspirazioa Lauzurikak. Bere hitzetan, «oso desberdinak diruditen baina horren desberdinak ez diren bi munduren arteko elkarrizketa bat sortzea» du helburu, non ideia fisikoek «isla metaforikoa» izan dezaketen musikan. Metafora literalak ia; izan ere, Legazpiko Txillida Lantokitik ekarritako burdinazko piezak baliatzen ditu Burdinaren eta altzairuaren gorazarrea egiteko, eta iruditeria usatuetan darabilgun soinu-giro etereoa dakar Grabitazioaren gorazarrea zatian. Dinamika eta kontraste eza nagusi —partituran edo interpretazioan, ez dakit—, dena beteegia zegoela zirudien une oro, baina edukirik gabe.
Rakhmaninoven 3. sinfonian orkestraren koloreak hauteman zitezkeen azkenik, Treviñoren ohiko errepertoriotik hurbilago eta, hortaz, erosoago. Zurezko haizeen fraseatzea berriro nabarmen, tempolasaietan bidea eginez eta amaierako Allegro-an kontzertuan gailendu zen hutsunea betez.