«Txillidak zioen bere grafia itsasoko olatuen antzekoa dela: denak berdinak eta denak ezberdinak», azaldu du Edorta Kortadi Donostiako D’Museoko zuzendariak. Eduardo Txillida. Kartelak erakusketa ikusgai jarri dute elizbarrutiaren museoan, irailaren 29ra bitarte. Museoaren arduradunekin batera, Eduardo Txillida eskultorearen lagun talde batek parte hartu du antolakuntzan. 52 kartel daude orotara, eta horiek guztiak, Andoaingo (Gipuzkoa) bildumagile batenak dira, Euskal Herriko Unibertsitateko psikologiako irakasle batenak, hain zuzen.
Bilduma hiru ataletan banatzen da: batetik, kirol ekitaldiei dagozkien kartelak topa daitezke, futboleko munduko txapelketa zein Olinpiar Jokoak iragartzen dituztenak; bestetik, gizarte izaera duten kartelak daude, hala nola, manifestazioak eta aldarrikapenak. Eta azkenik, Txillidaren ibilbide artistikoa islatzen duten kartelek osatzen dute bilduma, Europan eta Amerikako Estatu Batuetan egindako erakusketen berri ematen dutenak.
Txillidaren «izaera iragankorreko» karteletan bi joera nagusi antzeman daitezkeela azaldu du D’Museoko zuzendariak; lerro lodien eta arinagoen artekoa. «Lerro lodiak dituzten kartelek grafismo handiagoa dute. Tinta beltza modan egon zen hamarkada batzuetan. Garai horretan, [Cristobal] Balentziaga jostunak ere sarri erabiltzen zuen kolorea izan zen, adibidez», gehitu du. Halaber, hutsarekin duen «nolabaiteko jolasa» dela adierazi du, baita orbanaren euskarria dela ere. Bestalde, Kortadiren esanetan, lerro arina duten kartelek izaera «bolumetrikoa eta eskultorikoa» dute.
Txillidak Gurtuz IV obra eman zion Santa Maria parrokiari (Donostia) 1975. urtean. Lerro zuzeneko harzuriz egindako eskultura bat da, eta, Kortadiren esanetan, adierazgarria da artistak nola erauzten duen harria materia kanporantz ateratzeko. «Horri esker, ezkutuan dagoena agerian uzten du, eta hutsuneari garrantzia eman», gehitu du. Obrak alderdi negatiboa eta positiboa irudikatzen ditu, eta museoko zuzendariak honela azaldu du dikotomia horren arrazoia: «Txillidak esan ohi zuenez, norbanakoak sufrimendua eta mina bizi arte, normalean, ezin da zerbait positiboa sortu». Eskultoreak egindako dohaintza hori eskertzeko xedez antolatu dute erakusketa hori.
Bildumagilearen zirrara
Afixak bildu dituen bildumagilea Txillidaren laguna zen —ez du bere izena eman nahi—. Alemaniako kazetari baten bitartez ezagutu zuen eskultorea, eta, Txillidaren gaitasunaz ohartuta, haren kartelak gordetzen hasi zen. Ekinbide hori dela-eta lortu dute erakusketa antolatzea. Bildumagile horrek, gainera, Alemaniara joan-etorrian ibili ziren zenbait artistaren grabatuak eman dizkio museoari. Horien artean dira, Xabier Egaña margolariaren lanak.