Eduardo Halfon, Sabina Urraca eta Fatma Aydemir ere Literaktumen izango dira

Donostiako literatur jaialdia astelehenean hasiko da, eta aurrez iragarria zuten Adania Xibli eta Enrique Vila Matasen parte hartzea. David Ucles, Sergio del Molino, Fermina Cañaveras, Beñat Sarasola, Unai Elorriaga eta Karmele Mitxelena ere izango dira.

Sabina Urraca idazlea; 'El celo' liburua aurkeztuko du jaialdian. LITERAKTUM
Sabina Urraca idazlea; 'El celo' liburua aurkeztuko du jaialdian. LITERAKTUM
itziar ugarte irizar
2024ko azaroaren 5a
13:40
Entzun

Zita bikoitz batekin hasiko da datorren astelehenean Literaktum jaialdia. Eduardo Halfonek eta Unai Elorriagak beren lanik berrienak aurkeztuko dituzte, Tarántula eta Francesco Pasqualeren bosgarren arima, hurrenez hurren, lehena Okendo kultur etxean eta bigarrena Ernest Lluch kultur etxean, eta halaxe etorriko dira hurrengo egunak ere, proposamenez oparo, hilaren 11n hasi eta azaroaren 24ra bitarte. Denera, 30 ekitaldi baino gehiago izango dira (solasaldiak, aurkezpenak, erakusketak…), eta Letrak zeruertzean izenpean egingo dira denak, idazketaren eta gatazka sozial eta politikoen arteko joan-etorrietan jarriko baitu arreta aurten jaialdiak.

Adania Xibli, Dolores Redondo, Enrique Vila-Matas eta Carmen Molaren izenak iragarri zituzten lehen-lehenik antolatzaileek, eta zerrendara batu direnen artean daude orain Halfon, Fermina Cañaveras, David Ucles, Monika Zgustova, Sergio del Molino, Javier Zamora, Juan Manuel Zaragoza eta Antonio Monegal. Horiek izango dira jaialdiaren gai nagusiari propio loturiko solasaldietan parte hartuko duten idazleak.

Beste zenbait egilek, zehatzago, euren lan berrienak aurkeztuko dituzte: Fatma Aydemir (Demonios), Sabina Urraca (El celo) eta Maximo Huerta (Paris despertaba tarde), besteak beste. Beren azken liburuen inguruan arituko dira, halaber, Karmele Mitxelena eta Beñat Sarasola ere, Zoriona edo antzeko zerbait (Elkar) lanaren bueltan Mitxelena, hilaren 13an; eta Coca-Cola bat zurekin (Susa) nobelari buruz Sarasola, hilaren 18an.

Jaialdia hasi aurretik, berriz, ostegun honetan, Martin Caparros idazle argentinarrak Literaktum aperitifa eskainiko du Ernest Lluch kultur etxean, Antes que nada bere memoria liburua ardatz hartuta.

Jaialdiaren programazio osoa eta zenbait saiotarako behar diren gonbidapenak Literaktumen webgunean eskuragarri daude gaurdanik.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.