Eta Itoiz taldeak bere lehenengo diskoan sartu izan ez balu Lau teilatu kantua? Orain, Itoiz diskoa argitaratu eta 43 urtera, galdera inozoa eman dezake, baina orduan, 1978an, taldekide guztiak ez ziren balada akustiko soil hura rock progresiboa eta garapen korapilatsuak nagusi ziren bilduman sartzearen aldekoak. Horren adibide dira Estanis Osinalde taldeko garai hartako bateria jotzailearen hitzak: «[Jose] Garatek eta Juan Carlosek [Perez] soinu akustikoa asko maite zutelako sartu zen. Nik askoz gustukoagoak nituen beste kantu batzuk». Lau teilatu-k, baina, diskorako urratsa egin zuen, eta kostatu zitzaion, baina, diskoa argitaratu eta bi urtera, euskal musikaren klasiko bilakatua zegoen: gaur egun ere gordetzen du kategorizazio hori.
Itoizen aurretik, Indar Trabes izan zen. 1974an sortu zuten, Ondarroa (Bizkaia) eta Mutriku (Gipuzkoa) inguruan mugitzen ziren bost gaztek: Juan Carlos Perez (Mutriku, 1958; ahotsa eta gitarra), Jose Garate Foisis (Ondarroa, 1958; baxua), Joseba Mendizabal (Mutriku, 1957; gitarra), Estanis Osinalde (Mutriku, 1957-2007; bateria) eta Antton Fernandez (Eibar, 1959; teklatuak). Indar Trabesek jaietako dantzaldietan egin zuen bidea, halakoetan ohikoak ziren beste batzuen kantuak joz, baina saio haietan, rock progresiboaren atzerriko artisten kantu batzuk emateaz gain (Pink Floyd, Focus, Jethro Tull), Perezek idatzitakoak ere jotzen zituzten. Ez da inportantziarik gabeko datua: Itoiz (1978) osatzen duten zortzi kantuetatik zazpi Indar Trabesen errepertorioan zeuden.
Jon Eskisabelek idatzitako Itoiz. Hari xingle bat liburuan (Paper Hotsak, 2005) kontatzen dutenez, Lau teilatu-ri dagokionez, ohi zuen bezala, musika egin zuen lehendabizi Perezek. Entseguetara eraman aurretik, Foisisi erakusten zizkion gitarrarekin ateratako ideiak, eta, Lau teilatu-renak erakutsi zizkionean, baxu joleak ikusi zuen akorde haiek «zeozer berezia» zutela. «'Entzun zer atera dudan!', esan zidan. Entzun nuenean, ni ere harrituta geratu nintzen».
Eskisabalen liburuan Perezek aitortzen duenez, ez du gogoratzen musika sortu zuenerako hitzak idatziak zituen edo ondoren egin zituen. Baina bai, ordea, Mutrikuko jaietan ezagututako neska bergarar batekin izandako maitasun harremanaz ziharduela. «Kanta honen hitzak hiperrealistak dira. Kontatzen duen istorioa da gertatzen dena. 18 urteko mutil gazte baten maitasunezko istorio bat da», kontatu zuen Perezek berak 2008an egindako dokumental batean, eta, hori baino urte mordoxka bat lehenago, ETBko Katu kale saioan Itoizi buruz egindako monografiko batean, kantariak zioen Lau teilatu-k bazuela osagai inportante bat herri kantu bilakatzeko. «Oso hitz xaloak ditu, nerabeak, baina, aldi berean, batzuetan ez dira ondo ulertzen, eta hori bada herri kantetan gertatzen den zerbait. Azkenerako, hitzek [jatorrian zuten] esanahia ere galdu egiten dute».
Osinaldek Eskisabelen liburuan dioenez, Lau teilatu Bergarako Angiozar auzoko jaietan jo zuen aurrenekoz Indar Trabesek, baina, ez zenez dantzaldietarako egokia, ez zuten askotan jotzen. Eta jotzen zutenean ere, ez zuen harrera berezirik izaten.
Kanturik pertsonalena
Itoiz Donibane Lohizunen grabatu zuten,Mixel Ducauk, Beñat Amorenak, Robert Suhasek eta Jean Phocasek sortutako Bacchanalen estudioan —ordurako Errobiren lehen disko luzea ere han grabatua zen—, eta diskoa grabatzera sartu baino pixka bat lehenagora arte ez zen garbi egon Lau teilatu grabatuko zuten ala ez. Osinaldek eta Fernandezek uste zuten lehen disko hartan sartuz gero diskoaren ildo sinfoniko-progresiboa lausotu egingo zela; Perezentzat, berriz, bere kanturik pertsonalena zen, eta diskoan egon behar zuen. Eztabaidatu zuten, eta azkenean Perezen —eta Foisisen— nahia gailendu zen.
Itoiz osatzen zuten beste kantu askoren aldean —Phuntzionariat, Goizeko deiadar, Hilzori I eta II, Foisis jauna...—, garapen oso soilekoa da Lau teilatu. Horregatik, ezberdina zelako, kantuaren hitzak ez zituzten sartu diskoko enkartean. Perez: «Konturatzen ginen gauza handi bat genuela esku artean, baina erakutsi nahi ez bagenu bezala egiten genuen».
[youtube]https://youtu.be/vMomt_s2nVY[/youtube]
Kantuak ez zuen berehalako arrakasta lortu —ezta diskoak ere—, baina apurka-apurka zabalduz joan zen, eta 1980ko hamarkadaren hasieran, formazio berri batek Itoizi jarraipena eman zionean, hura izan zen kontzertuetan jendeak gehien eskatzen zion kantua. Perezek aitortzen du kantuak kontraesanak piztu zizkiola behin baino gehiagotan: «Gure lagun rockzaleentzat, kantua memelokeria zen; ez jotzeko eskatzen ziguten. Guretzat oso garrantzitsua zen haien iritzia, eta ez genuen aurre egiteko indarrik. Ia-ia justifikatu egin behar izaten genuen kantua egin izana».
Denborarekin, Itoizen eta euskal musika modernoaren klasiko garrantzitsuenetako bat bilakatu da Lau teilatu, eta hamaika dira haren bertsioak egin dituzten artistak: EH Sukarra, Nahi ta Nahiez, Rumba Norte, Carl Watermak... Euskal Herritik kanpo ere izan du oihartzunik, eta, hala, Umpah-pah talde kataluniarrak Bordell diskoan (1994) grabatu zuen kantuaren bertsio bat —euskaraz—, eta La Puça taldeak katalanez eman zuen, berriz, L'any de la picor (2018) lanean.
[youtube]https://youtu.be/oPONfnYIRVc[/youtube]
«Gu baino indartsuagoa da Lau teilatu». Azken puntua Perezek.