Etorkizunari buruzko testu bat idazteko eskatu zion Loraldia jaialdiak Edorta Jimenez idazleari, gero, testu hori oinarri hartuz, literatura, musika eta bertsolaritza batzen dituen emanaldi hibrido bat taularatu ahal izateko, eta, enkargua jadanik betea duen arren, oraindik ere zalantza egiten du egileak. «Gaur egun etorkizunaz hitz egiteak barregura ematen du. Erronka ikaragarria da. Hitz madarikatua da etorkizuna, oso pisu handikoa. Ez dakit hitz horrek existitu beharko lukeen». Etorkizunaren sasoia amaitutzat emanik, beraz, etorkizunaren osteko sasoia irudikatu du idazleak Post-etorkizuna izeneko ipuinean, eta kontakizun hori izango da igandean Bilboko Guggenheim museoan taularatuko den emanaldiaren oinarria. Rafa Ruedak jarriko die musika Jimenezen hitzei, eta Amaia Agirrek hitz horiexek izango ditu oinarri Oihana Arana eta Ane Labaka bertsolariei gaiak jartzeko.
«Fikziozko autobiografia baten atal bat izan daiteke». Jimenezek hitz horiekin azaldu du zer idatzi duen, eta ipuinek egiazkotasunarekin duten harreman bereziaz gogoeta egin du gero. «Ipuinak ez dira ez egia, ez gezurra. Ipuinak dikotomia horretatik kanpo daude, eta, umeek esaterako, oso ondo dakite hori. Ipuina horixe da, ipuina, eta egiaren eta gezurraren kontzeptuetatik autonomoa da hori. Nik kasu honetan lehen pertsona singularra baliatuz kontatu dut ipuina, baina ipuin asmatua da». Are gehiago. «Nik esango nuke ipuin patafisiko bat dela».
«Hitz madarikatua da 'etorkizuna', oso pisu handikoa. Ez dakit hitz horrek existitu beharko lukeen»EDORTA JIMENEZIdazlea
Aipamen zuzenik egin ez badie ere, Jimenezen hitzetan, besteak beste Franz Kafkaren, Lauaxetaren eta Gabriel Arestiren itzala igarriko du entzuleak testuan. Gainera, idazleak iragarri du egongo dela Bernardo Atxagaren Trikuarena poemari egindako erreferentziaren bat edo beste ere. Hain zuzen ere, testu horretatik hautatu duelako Loraldiak aurtengo leloa: Trikua esnatu da. Jimenez: «Erreferentzia literario asko etorri zaizkit testua lantzean, eta neure burua erreprimitu behar izan dut, ez zedin antologia literario bat izan».
Hainbat pertsonaia ezagunen erreferentziak ere txertatu ditu testuan Jimenezek, baina horiek ere zuzenean aipatu gabe. «Entzuleak jakingo du nor diren».
Emanaldiaren formatua klasiko bat da jaialdian. Urtero egiten dute halako bat, urtero etorkizunari buruzko testu batetik abiatuta, baina urtero parte hartzaileak aldatuta. Jimenezek, kasu honetan, argi zuen Rafa Ruedarekin aritu nahi zuela.
Esperimentu bat
Aspaldi ezagutzen dute elkar Jimenezek eta Ruedak. 2010ean, esaterako, elkarrekin ondu zuten Haragizkoak izeneko proiektua. Ordu hartan, Jimenezek Omar Nabarro heteronimoaren pean kaleratutako Haragizko amoreak (Susa) liburuko poemak izan ziren emanaldiaren oinarria, eta, are, Ruedak kantu bilakatu zituen testu horietako batzuk saiorako. Jaime Nieto baxu jotzaileak eta Joseba Barrenetxea argazkilariak ere parte hartu zuten ikuskizunean, eta disko formatuan ere eman zuten argitara gero. Baina Jimenezek aitortu duenez, «luzaroan» ez dira elkarrekin aritu, eta, horregatik, Loraldiaren enkargua jasotzean, berehala jo zuen Ruedarengana.
«Modu instrumentalean joango naiz irakurraldi osoa girotuz, noizbehinka baita ahotsen batekin lagunduta ere»RAFA RUEDAMusikaria
Oraingoan, Jimenezen testua lagunduko duen soinu giro bat sortzea izan da musikariaren erronka. Rueda: «Modu instrumentalean joango naiz irakurraldi osoa girotuz, noizbehinka baita ahotsen batekin lagunduta ere». PiLT taldearen azken diskoko kanta gutxi batzuk ere joko ditu, eta Sex Pistols taldearen No Future abesti ezagunaren doinuak ere tartekatuko ditu irakurketan. Edonola ere, musikariak esan du parte hartzea «oso xumea» izango duela.
Hamaika emanaldi egina da Jimenez, baina ez du gogoan oraingoaren modukorik egin izana. Bertsolariekin batera izan da oholtzan gutxi batzuetan, baina sekula ez du haiekin batera emanaldi oso bat prestatu. «Hau esperimentu bat da».
«Literatura idatzia, musika eta bat-bateko jarduna uztartu eta elkarrekin ondo korapilatzea izango da helburua»AMAIA AGIRREGai jartzailea
Amaia Agirrek egingo ditu testuaren eta bertsolarien arteko bitartekari lanak. Jimenezen kontakizuna oinarri hartuta, hura arituko da Ane Labakari eta Oihana Aranari gaiak jartzen. Eginak ditu antzeko saioak lehenago ere, Loraldian bertan haietako batzuk, eta, dioenez, aurten «xamurragoa» da lana, besteak beste Jimenezek eta Ruedak jada adostua dutelako elkarrekin nola aritu. Agirre: «Edortaren kontakizunak niri iradokitzen didan ideiaren bati tiraka edo esaldiren batetik abiatuta jarriko dizkiet gaiak bertsolariei. Literatura idatzia, musika eta bat-bateko jarduna uztartu eta elkarrekin ondo korapilatzea izango da helburua».
Museoko entzungelan izango da saioa, 12:30ean hasita.