«Izarra». Zuzenean hitz horrekin deskribatu du Donostiako Zinemaldiak Viggo Mortensen aktore eta zinemagilea (New York, AEB, 1958). Haren 35 urteko ibilbidea aitortu nahi izan du jaialdiak, eta Donostia saria emango dio aurten. Guztira, 50 film ingurutan hartu du parte, baina, lantzen duen generoa edozein dela ere, haren lanaren «kalitatea» nabarmendu du Zinemaldiak, sariaren berri emateko zabaldutako oharraren bidez. Donostiako 68. Zinemaldiairailaren 18tik 26ra egingo da, eta datozen asteetan emango dituzte antolatzaileek hari buruzko xehetasunak. Izan ere, koronabirusak eragindako egoerak erabat baldintzatua egongo da zinema jaialdia aurten.
Kontsentsua badu. Publiko zabalak ezagun du haren lana, eta, era berean, badu kritika espezializatuagoaren onarpena ere. Besteak beste, Aragorn pertsonaiaren rola jokatu zuen The Lord of the Rings trilogia sonatu eta arrakastatsuan, eta mundu mailako ikur bilakatu zuen lan horrek. Bestela ere badu itzalik, ordea. Esate baterako, hirutan egon da aktorerik onenaren Oscar saria jasotzeko hautagaien artean: Eastern Promises (David Cronenberg) filmeko lanagatik 2008an, Captain Fantastic pelikulagatik (Matt Ross) 2017an, eta Green Book filmean jokatutako taxi gidariaren rolagatik 2019an.
Antzerkigintzan hasi zuen bidea, eta Harrison Ford aktorearekin egin zuen bere lehen zinema agerpena, Peter Weirren Witness filmean. 1985ean izan zen hori, eta amish komunitateko kide baten rola jokatu zuen. Genero zineman aritu zen hasieran, nagusiki —Texas Chain Saw Massacre III (1989), Young Guns II (1990)—, eta pixkanaka heldu zen rol gero eta garrantzitsuagoak lortzera. Protagonista izan zen, adibidez, Prison (Renny Harlin, 1987), The Reflecting Skin (Phillip Ridley, 1990) eta The Indian Runner (Sean Penn, 1991) filmetan, eta ezin luzeagoa da hiru hamarkada pasako ibilbidean alboan izan dituen zuzendarien zerrenda. Hala, besteak beste Brian de Palma (Carlito's Way, 1993), Tony Scott (Crimson Tide, 1995), Jane Campion (The Portrait of a Lady, 1996), Ridley Scotten (G.I. Jane, 1997) eta Gus Van Santen (Psycho, 1998) aginduetara lan egin zuen 1990eko hamarkadan, bere aktore ibilbidea finkatuz joan zenean. Bitxia bada ere, Alfred Hitchcocken bi filmen remake-etan hartu du parte Mortensenek; aipatutako Psycho-n, eta A Perfect Murder-en (Andrew Davis, 1998)
Ingelesez egin du ibilbidearen zatirik handiena Mortensenek, baina gazteleraz ere egin ditu filmak. Izan ere, New Yorken jaio arren, Argentinan eman zuen haurtzaroaren zati handi bat, eta orduan ikasitakoei esker aritu zen, adibidez, Alatriste filmean, Agustin Diaz Yanes zuzendariaren esanetara. Baina aktore lanez aparte, ekoizle lanak ere egin ditu Argentinako hainbat film sustatzen.
Tolkien eta Cronenberg
Badira Mortensenen ibilbidea markatu duten idazle eta zinemagileak ere. Horietako bat da J.R.R. Tolkien. Izan ere, Peter Jackson zuzendari zeelandaberritarrak Eraztunen Jauna-ren mundu fantastikoa zinemara eramatea erabaki zuenean, aktore estatubatuarrarekin kontatu zuen Aragornen pertsonaia hezur-haragizko bilakatzeko. Hala, trilogiako hiru partetan (The Lord of the Rings: The Fellowship of the Ring, 2001; The Lord of the Rings: The Two Towers, 2002; eta The Lord of the Rings: The Return of the King, 2003) egindako lanak izar handi eta ezagun bihurtu zuen Mortensen XXI. mendearen lehen urteetan.
Tolkien eta Jackson inportanteak izan dira Mortensenentzat, baina garrantzitsuagoa izan da, akaso, David Cronenberg zinemagile kanadarra. 2005ean egin zuen lehen aldiz harekin lan A History of Violence filmean, Cronenbergen ibilbidean ere mugarri izan zen lanean; eta handik bi urtera mafia errusiarreko kide bilakatu zen Mortensen, berriro ere Cronenbergen aginduetara, Eastern Promises filmean. Pelikula horri egokitu zitzaion Donostiako Zinemaldiko Sail Ofiziala abiatzea 2007an, eta Mortenseni Oscar sarietarako lehen izendapena ekarri zion, nahiz eta Daniel Day-Lewisek eraman zuen garaikurra There Will Be Blood filmean egindako lanagatik. 2011n hirugarrenez egin zuen lan Cronenbergekin A Dangerous Method filmean. Lan horretan Sigmund Freuden rola bete zuen Mortensenek.
Zinema ez ezik, Mortensenek bestelako arteak ere jorratzen ditu, hala nola pintura, musika, argazkigintza eta literatura. Perceval Press argitaletxe independentearen sortzailea ere bada, zeina artean, idazkera kritikoan eta poesian espezializatuta baitago.
Falling da aktoreak zinemagintzan egin duen ibilbideko azken fruitua. Etabaita hasiera bat ere, lehenengo aldiz zuzendari lanetan aritu baita Mortensen lan horretan. Sundanceko jaialdia itxi zuen filmak, eta Canneskozinema jaialdiak ere hautatu zuen filma lehiaketarako, nahiz eta azkenean ez den festibala egingo. Donostiara, hain zuzen ere, Cannesek aurten aukeratutako filmei emandako zigiluarekin iritsiko da, eta Europan lana ikusteko lehen aukera eskainiko du jaialdiak. Mortensenek idatzi du gidoia, eta bera da aktore nagusietako bat ere, Lance Henriksenekin batera. Aita-semeak dira bi aktoreak filmean, eta bien mundu ikuskeren arteko talka da pelikularen muina.
Edizio berezi bateko lehen saria
Donostiako 68. Zinemaldiak Viggo Mortensen aktorearen ibilbideari aitortza egingo dio Donostia sariarekin. 'Falling', zuzendu duen lehen filma, aurkeztuko du aktoreak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu