Chicagon 1990eko hamarkadaren erdialdean Drag City zigiluaren inguruan loratu zen eszenaren barruan ezagutarazi zuen bere burua Edith Frostek (San Antonio, AEB, 1964). Hain zuzen ere, Calling Over Time (1997) bere lehenengo diskoan eszena haren parte ziren hainbat musikarik parte hartu zuten, tartean Jim O’Rourke eta David Grubbs, biak ala biak post-rockari eta minimalismoari lotutako musikariak. Frostena, ordea, beste kontu bat zen, lotuagoa countryari, folkari eta psikodeliari. Landa psikodelia pentsakorra, Frostek berak deskribatu zuen moduan. Aurten, hogei urtez disko luzerik argitaratu gabe egon ondoren, lan berria atera du, In Space, Drag Cityrekin berriro ere.
1997tik 2005era lau disko atera zituen Frostek, eta bat-batean dena utzi eta San Antoniora itzuli zen, etxera. «Gainezka egin nuen musikaren inguruko kontuekin, musika industriaren errutinarekin», azaldu berri du. Nolanahi ere, segitu zuen Drag Citykoekin harremanetan, askotan galdetzen baitzioten ea kantu berririk bazuen: «Mark Greenbergek urtean behin behintzat esaten zidan: ‘Munduak Edith Frosten beste disko bat behar du!’. Nik, garai horretan, kantu bat-edo idazten nuen urtero, apenas saiatu gabe. Baina horietako bat bidali nien, eta ‘bikaina da. Noiz zatoz grabatzera?’, erantzun zidaten».
2020aren hasieran lau eguneko grabazio saio bat egin zuen Jeff Tweedyren (Wilco) The Loft estudioan, baina bat-batean, pandemia iritsi, etxera itzuli eta sei hilabetez mugitu ezinik gelditu zen. «Disko proiektua tiradera batean gordeta utzi genuen. Hala ere, hasiera ona izan zen, eta uste dut lauzpabost kantu osatu genituela».
Iaz, 59 urterekin, ADHN (arreta defizitaren eta hiperaktibitatearen nahasmendua) diagnostikatu zioten Frosti. «Jabetu nintzen nire joeren edo behar batzuen jatorriaz». Hala ere, diskoa bukatu behar zuela erabaki zuen, beretzat inportantea zela. Eta Drag Citykoak laguntzeko prest izan ditu beti. «Jende ona da».
In Space Frosten aurreko lanari lotzen zaio, folkaren eta psikodeliaren arteko eremuan mugitzen baita berriz ere, baina baditu ezberdintasunak ere iraganeko lanarekin konparatuta. Frostek gitarra alde batera utzi du —Sima Cunninghamek jo du diskoan—, teklatua hartu du aurrenekoz, eta horrek berak beste ehundura bat eman die zenbait kanturi (Another Year).
In Space-n, Carole Kingen esparru melodiko klasikora hurbiltzen da Frost (Back Again), poparekin jolasten du Laura Veirsek bezala (Hold On), loarinean entzuteko moduko melodiak sortzen ditu (In Space), eta baita lauhazka doazenak ere (Little Sign), maitasun adierazpen batekin agur esan baino lehen (I Still Love You).