Giorgio Bassmatti. Musikaria

«Edertasunaren bila bazoaz, seguru zerbait faltsua ateratzen dela»

Yon Bidaurrekin batera bigarren diskoa kaleratu du: 'Melodias concertantes'. Orkestra instrumentuekin jantzi dituzte pop doinuak.

MONTES & MUGICA.
Igor Susaeta.
2014ko maiatzaren 16a
00:00
Entzun
Giorgio Bassmatti (Donostia, 1974) eta Yon Bidaurren arteko elkarlanaren bigarren diskoa da Melodias concertantes. Lehenak egiten ditu abestiak gitarrarekin, eta bigarrenak jantzia jartzen die doinu horiei. «Batak esaldia hasten du, eta besteak bukatu. Prozesu naturala da», esan du Bassmatti musikari ipurterreak. Jabalina Madrilgo diskoetxearekin atera dute pop malenkoniatsu bezain argiko lana. «Sekulako sustapena egin digute Radio 3 irratian eta. Zortea eduki dugu». Hartara, orain gutxi Madrilen egindako Pop Fest jaialdian gehien saldu den diskoa izan zen haiena. «Nahiz eta ez genuen han jo».

Aproposito (Birra y perdiz, 2010) lehen diskoarekin alderatuta, badu berritasunik bigarrenak. Izan ere, orkestra elementuekin jantzi dituzue pop abestiak, hala nola haize eta hari instrumentuekin. Zergatik?

Aurreko diskokoek beste bizitasun bat zuten, eta honetakoak, aldiz, askoz ere lasaiagoak dira, malenkoniatsuagoak baina baikorrak aldi berean. Hitzetan ere badago aldea... Lehen kolpean, bi astean egin nituen abestiak. Ikusi genuen, gainera, haien artean bazegoela lotzen zituen ideia bat.

Orkestra instrumentu horiek sartu ditugu beti gustatu izan zaizkigulako gisa horretako diskoak egiten dituztenak: Neil Hannon, Joel Alme... Popean beti egon izan da ohitura hori. Gure abestientzako, gainera, aproposak ziren elementu horiek.

Halere, ez duzue bilatu konponketa horien, nobedadearen, nabarmentzea.

Melodias concertantes dauka izena diskoak, eta kontua da sinfonia kontzertantea deituriko moldean ez bakarlariak ez atzeko instrumentuak ere ez direla nabarmentzen. Saiatu gara hori lortzen, nolabait. Ahotsa ere nahiko baxu dago. Irratian gure gisako talde baten abestia aditzen baduzu, konturatuko zara ahotsa ezin ozenagoa dagoela. Elementu guztiak plano berean jarri nahi genituen.

Kantua bera nabarmentzea, alegia.

Bai, kantua bere osotasunean.

Nola sortzen dira kantu horiek? Izan ere, orkestraren elementuak dituzue, baina ez duzue orkestra musikariekin grabatu…

Elementu horiek ordenagailu bidez erreproduzitu ditugu; dena da digitala, ahotsa eta gitarra izan ezik. Yon Bidaurren estudioan grabatu dugu. Tira, saxoa eta tronpeta ere benetakoak dira, horiek digitalki egitea arlotea delako. Ukitu organikoagoa ematen diote soinuari.

Eta horrelako proposamen bat nola defendatzen da zuzenean?

Jon eta biok igotzen gara gitarrekin, eta beste guztia aurretik grabatuta eramaten dugu. Bi aukera dauzkazu. Batetik, tekila botila bat osorik edan ondoren ateratzea, eta dena utikan bidaltzea. Eta bestetik, guk egiten duguna egitea. Gaur egun ezin duzu talde oso bat eraman. Pentsa bospasei musikari eramaten dituzula, eta bakoitzak 150 euro kobratzen dituela. Gu ez gara ezagunak, eta programatzaile bakar batek ereez ditu 1.000 euro ordainduko ez hemen, ez Madrilen, ezta Primavera Sounden ere. Hori bai, argi nuen disko hau ez nuela bakarrik aurkeztuko; lehena, Aproposito, bai, errazagoa zelako... Honek kalitate handiagoa-edo badu.

Pop melodia argitsu bezain lanbrotsuak gailentzen dira ororen gainetik. Edertasun bat, dotoretasuna, lortu nahi duzuela dirudi...

Nik egingo dizut galdera: nola iristen zara edertasun horretara? Askotan margolan bat egiten baduzu, hori egiten duzu, eta gero beste batek esango dizu ederra den edo ez, edo distira berezi bat duen edo ez. Pentsa Nick Drake... Egiten zituen abestiak, inork ez zion kasurik egiten, baina gero ikusi dugu edertasuna kantu horietan. Nahi duzuna egiten duzu; ezin duzu bestela jokatu. Tira, taldea egiten baduzu dirua irabazteko, ba...Bide horretan sartuko bagina, gaizki aterako litzaiguke.

Baina erabaki kontziente bat da edertasun horren bila aritzea.

Ez. Hori ezin da. Edertasunaren bila joaten bazara, seguru zerbait faltsua ateratzen dela, edo topikoz betetakoa.

Hitzak, nahiko kostunbristak direnak, zureak dira.

Bai, badira. Ez dakit beste ezertaz idazten. Abestietan nire bizitza dago islatuta: ez lagunena, ezta ez dakit non irakurri dudana ere. Ez dakit, hori da nire lan egiteko modua... Egongo dira beste modu batzuk! [barrez].

Esan izan duzu abestiak arratsalde batean sortzen dituzula eta horiek bukatzeko gai ez bazara aspertu eta zakarretara botatzen dituzula. Honetakoak ere horrela sortu dituzu?

Bai, bai. Bukatuta dagoela ez badut ikusten, aspertu egiten naiz.

Horrek esan nahi du oso zorrotza zarela zeure buruarekin.

Bai eta ez. Ez naiz, ez naizelako egoten abesti batekin hiru hilabete hitz baten atzetik. Baina zorrotza naiz, ordu pare batean inora iritsi ez naizela konturatzen banaiz beste bati heltzen diodalako. Ez dela ateratzen? Agertuko da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.