Warren Ellis 1996an batu zitzaion The Bad Seeds taldeari, Nick Cavek The Birthday Partyren abentura amaitutzat eman eta bakarkako ibilbideari ekin zionean sortutako bandari. Let Love In (1994) eta Murder Ballads (1996) diskoetan ere entzun zitekeen Ellisen biolina, baina, The Boatman's Call-ez geroztik (1997), hark The Bad Seedsen barne egituran duen pisua hazi besterik ez da egin. Ez hori bakarrik. Cavek bere alderdi bortitzena azaleratzeko abian jarri zuen proiektu paraleloan (Grinderman), ondoan izan zuen Ellis, eta azkeneko hamabost urteotan hainbat soinu banda idatzi dituzte lau eskutara bi musikariek. Cavek berak aitortu izan du Ellisengan aurkitu duela ez bakarrik bere kolaboratzaile estuena, baita lagunik onena ere. Elkarlan horren azken fruitua orain dela aste gutxi batzuk iritsi da, Carnage, Ellisek eta Cavek konfinamendu garaian prestatu eta grabatutako lan esanguratsua.
Carnage sorpresaz iritsi zen plataforma digitaletara joan den otsailaren 25ean —argitalpen fisikoa izateko maiatzaren 28ra arte itxaron beharko da—, iragarri gabe baitzuten Cavek eta Ellisek euren arteko elkarlan diskoa. Haiek ere aitortu dute ezusteko lana izan dela beraientzat, itxialdi garaian hiru egun eskasetan konposatu baitzituzten diskoa osatzen duten zortzi piezak. Cave bere etxeko bulegoan hasi zen idazten, «ia modu konpultsiboan», eta, Ellisekin elkartu ondoren, letren gainean inprobisatzen sortu zen musika. «Sormen ikaragarriko prozesu oso azkar bat izan zen», azaldu du Ellisek diskoaren inguruko azalpenak emateko banatutako oharrean: «Zortzi kantuak, modu batean edo bestean, lehenengo bi egun eta erdian sortu ziren, eta, gero, geure buruari esan genion: 'Egin dezagun disko bat! Ez zegoen aurrez pentsatutako ezer». Amaierako oharra, bestalde, Cavek: «Zerutik erori zitzaigun, opari bat bezala».
Ellisen eragina
Cavek beti behar izan du konplize bat The Bad Seedsen barruan. Garai batean Blixa Bargeldek eta Mick Harveyk bete zuten rol hori, baina azken horrek taldea utzi zuen 2009an, eta ordudanik Ellis izan du lankide estuena Cavek. Biolina jotzen hasi zen —gogoratu behar da The Dirty Three talde instrumentaletik datorrela Ellis—, baina azkeneko urteetan, The Bad Seedsen diskoen moldaketak egiteaz gain, hainbat tresna jotzen ditu taldean. Horrek berak aldaketa ekarri dio The Bad Seedsen soinuari, Push The Sky Away-z geroztik (2013), loop atmosferikoek lehen antzeman ezin zitezkeen eremuetara eraman baitute musikari australiarraren musika. Skeleton Tree (2016) lanak sakondu egin zuen bide horretan, melodia ia minimalistetan jarrita fokua, eta The Bad Seedsen azken lanak, Ghosteen lazgarriak, muturrera eraman zuen proposamena, Caveren barne zauriak soinu paleta ia aszetiko baten bitartez azaleratuz.
Carnage ez da asko aldentzen trilogia horrek markatutako bidetik, baina ez da haren jarraipen huts bat ere. Hand in God hasierakoan pianoaren eta hari ia zinematografiko batzuen babes hutsarekin hasten da abesten Cave, «zerutik datorren» Jainkoaren eskuari erreferentzia eginez, baina berehala, eta oinarri elektronikoek lagunduta, letania ia beldurgarria bilakatzen da kantua. Old Time ere —hau ere elektronika sare ilun batek, erritmoa sutsu markatzen duen perkusio batek eta noizbehinka azaleratzen den biolin karrankariak sostengatua— ez da giro deseroso horretatik aldentzen.
[youtube]https://youtu.be/DNNlOLj9i28[/youtube]
Bestelakoa da Carnage, diskoaren pieza nagusietako bat eta, egileek adierazi dutenez, amaitzea gehien kostatu zitzaiena. Koru zerutar batzuen eskutik, azken urteetan bere obra zipriztindu duen kutsu ia mistikotik jotzen du Cavek, zerua, maitasuna, ibaiak eta mendiak nahasten dituen letra ia baltsamiko bat lagun duela. Aitzitik, oso bestelakoa da White Elephant. Erritmo industrial batekin eta in crescendo doan orkestrazio batekin hasten da abesten Cave, baina, bat-batean, kantuak irauten duen sei minutuen erdi-erdian, Caveren aspaldiko zaletasun batek egiten du agerpena: gospelak.
[youtube]https://youtu.be/hRbI18yfgA8[/youtube]
Albuquerque lasaitik aurrera —zeinen hitzetan inoiz baino agerikoagoa baita itxialdiaren eragina: «Ez gara Amsterdamera joango /ezta Afrikako laku horretara ere, maitea/ ez gara inora joango / aurtengo ezein momentutan ere/ ezpada han amesten zaitudala»—, diskoak tonu ia liturgikoa hartzen du, pausatua, baltsamikoa askotan, Balcony Man-en doinu minimalarekin eta azken esaldi profetikoarekin agurtu arte: «Hiltzen ez zaituenak eroago bihurtzen zaitu».
[youtube]https://youtu.be/9ikxOXzdPuw[/youtube]
Cavek berak esaldi bakarrean laburbildu du zer den Carnage beretzat: «Disko basati baina ederra da, hondamendi kolektibo batean sortua».