Edertasun krudeleko poemak

'Aro beilegia' bere lehen poema liburua argitaratu du Lizar Begoñak. Donostia Kulturak eta Balea Zuria argitaletxeak antolatutako DK poesia saria irabazi du lan horrekin

Lizar Begoñak Donostian aurkeztu zuen, atzo, DK III. poesia saria irabazi duen liburua: Aro beilegia. JUAN CARLOS RUIZ / FOKU.
mikel lizarralde
Donostia
2020ko uztailaren 10a
00:00
Entzun
Bere barnean biltzen diren pentsamenduak oihu baten bitartez kaleratzeko nahiak sortutako poema sorta jaso du Lizar Begoñak (Sopela, Bizkaia, 1996) Aro beilegia bere lehen liburuan. «Denok nahi dugu entzunak izan, eta pentsatzen duguna oihukatu. Baina poesiak eta arteak, gaur egun, gero eta zailagoa daukate beste hitzen artean gailentzea, irudien, hitzen, musiken eta objektuen biltegi izugarri bete batean bizi baikara». Donostia Kulturak eta Balea Zuria argitaletxeak antolatzen duten DK III. poesia saria irabazi du Begoñaren liburuak, eta, horrenbestez, argitaletxeak kaleratu dio poema bilduma. Horregatik, idazleak eskerrak eman zizkien, atzo, Donostian egindako aurkezpen ekitaldian, bere hitzei «arnasgune» bat emateagatik. «Idaztea ekintza bakartia da, eta idazlearengandik irakurlearengana dagoen hari hori ezinbestekoa da nonbait existitzeko idatzitakoa. Isolaturik ez hiltzeko».

Gaztetxotan, «ikastola garaian», hasi zen Begoña «poema introspektiboak» idazten, baina denborarekin bere ikuspegia zabaldu egin du, eta, hain zuzen ere, azkeneko bost urteotan idatzitako poemak bildu ditu liburuan, gaur egungo gizarteari zuzenean begiratzen diotenak. Izenburua bera ere, poema batetik ateratako bi hitzek osatzen dute, liburuaren mamia biltzen dutelako. Begoña: «Gure aroak, gure garaiak, presentzia handia dauka poemotan». Olerkien bitartez, oraina «ulertzeko» ahalegin bat egin duela aitortu zuen Begoñak, eta Ez dut ezer ulertzen poema jarri zuen liburua zeharkatzen duen gogo horren isla gisa:«Ez dut/ ezer/ ulertzen./ Alde batetik, arrazoirik gabeko ordena./ Bestetik, khaosa./ Irudiak,/ irudi guztiak./ Hau da, mota guztietako irudiak:/ benetakoak, irudimenezkoak, digitalak./ Objektuak/ eta euren arteko harreman hilak./ Altzariak, eraikinak,/ plazak, bankuak./ Idulkiak/ eta euren gaineko monumentuak./ Eraikin publiko, pribatu,/ urbanizazio, errepide,/ eliza, pisu, txalet, kale./ Jendea; ezaguna, ezezaguna,/ jende zaharra, jende berria, jende digitala,/ jendea oro har./ Ama, ahizpa, aita./ Diru birtuala, billeteak, txanponak,/ kontsumoa./ Ez dut/ ezer/ ulertzen.[...]». Gizartea bera eta haren mekanismoak ulertzeko nahi horren ondorioz, beste «azpigai» batzuk ere landu ditu Begoñak Aro beilegia-n: «Kulturaren eta sortzaileen egoera prekarioa, kontsumoa, turismoa eta mugikortasuna, Internet, sexualitatea, noraeza soziala, sentimendu modu berri eta zaharrak, idazteak sortzen dizkidan kontraesanak...».

Arte Ederretako ikasketak ditu eginak Begoñak, eta aurten, artean eta sorkuntzan oinarritutako masterra egiteaz gain, Bilbo Arten urtebeteko bekarekin ari da lanean. Artearen eta literaturaren artean mugitzen da bere jarduna, eta uste du bi diziplina horiek beste batzuk iritsi ezin daitezkeen lekuetara iristeko balio dutela. «Uste dut artista dela haragizko garaiaren lekukoa: bere gorputza da garaiaren iragazki bat, eta xurgatzen duen guztia azaleratzen du gero artearen bitartez». Ideia hori azaltzeko, Xabier Laka eskultore eta irakaslearen hitz batzuk ekarri zituen atzokoan Begoñak: «Esaten zuen kalean 'triste nago' esanez gero, inori ez zaiola inportako. Garrantzitsua dela zer forma ematen diozun esaten duzun horri, nola unibertsalizatu dezakezun barruan duzun hori, nola kokatu komunitatean edo polis-ean». Alde horretatik, poesia «politikoa» dela uste du Begoñak, «komunitatean sartzen den elementua» den neurrian.

Itxaro Bordak, Eli Tolaretxipik eta Balea Zuria elkarteko kide Aritz Gorrotxategik osatu dute DK III. poesia sariaren epaimahaia, eta lehiaketara aurkeztutako zortzi lanen artean hautatu dute Begoñarena. Gorrotxategik berak aipatu zuen liburuak garrantzia ematen diola alderdi sozialari, kritika egiten diola kapitalismoari, eta teknologia berriek betetzen duten rolak ere leku handia duela poemetan. Gaiari heltzen dion olerki labur bat ere irakurri zuen Begoñak: «Txalet bateko jabego pribatuko lorategian/ katu bat hilzorian./ Oraindik arnasestuka dago,/ eta burua mugitzen du,/ 'miau' egiten du./ Pena./ Ate eta leiho guztiak itxi ditugu,/ barruan wifia dugu.».

Poema bilduma irakurri zuten momentutik «oso freskoa eta jario handikoa» iruditu zitzaien epaimahaiko kideei, Gorrotxategik adierazi zuenez, eta, gainera, kritika soziala eta lirikotasuna uztartzeko abilezia aitortu zion egileari: «Zaila da kritika soziala egitea irudi lirikoak erabilita. Batzuetan panfletoan edo mezu jakin batean erortzeko arriskua dago, baina berak oso ondo uztartzen du hori. Bere jarrera adierazten du munduaren aurrean, eta erabiltzen dituen irudiak sendoak dira. Edertasun krudel batekoak».

Imanol Larrinagaren obra

«Freskoa». Horrela definitu zuen Begoñaren liburua Pello Otxoteko Balea Zuria elkarteko kideak ere. «Freskoa eta indartsua. Kritika zuzena egiten dio gaur egungo gizarteari, sistema ekonomikoari, teknologiaren mendekotasunari, berekoitasunari eta abarri». Editorearen esanetan, hizkera «gordina eta zuzena» darabil idazleak, «iluna», baina badaki samurra izaten ere. Liburua irakurri zuenean hitz batzuk etorri zitzaizkion gogora Otxotekori, atzo azaldu zuenez: «Berritzailea iruditu zitzaidan, hauslea neurri batean, disidentea, eta, tarteka, baita pixka bat surrealista ere».

Imanol Larrinagak egin du liburuko azaleko irudia, eta, hain zuzen ere, irudi horrek oinarri duen margolana jaso zuen, atzo, Begoñak, sari gisa.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.