Ederra izango da beste behin

Milaka lagun batuko dira gaur Zeinen Ederra Izango Den festan, Barakaldoko BEC erakustazokan

Zeinen Ederra Izango Den jaialdia, iaz, Barakaldoko BEC erakustazokan (Bizkaia). RAUL BOGAJO /FOKU.
Miren Mujika Telleria.
2023ko apirilaren 1a
00:00
Entzun
«Zeinen ederra izango den/ eguzki izpiak zure itzala belarretan marrazten,/ muxu bat Larhunen,/ garagardo bat zerura eroritakoen omenez». Pello Reparaz musikariak sortu zuen Zeinen ederra izango den kantua, eta koronabirusak eragindako krisiaren amaiera hartu zuen abiapuntu, artean Euskal Herria itxialdi betean zegoenean. Kantu horri tiraka, iaz egin zuten lehenengoz Zeinen Ederra Izango Den jaialdia. Arrakastatsua izan zen emaitza, eta, beraz, lehen bultzada horrek eraman du jaialdia egungo neurrietaraino. Gaur izango da festibalaren bigarren aldia, eta «gogo handiz» daude antolatzaileak. Izan ere, milaka ikusle bilduko dira Barakaldoko BEC erakustazokan (Bizkaia). Muntatze lanetan murgilduta eman dituzte azken egunak antolatzaileek; azken orduko kontuak fintzen. «Benetan ederra» izango dela uste dute antolatzaileek.BERRIA da festibalaren babesleetako bat.

Zetak taldeak eta Panda enpresak antolatu zuten iaz festibala, eta eguerditik hasi eta gaueko ordu bata arterainoko egun-pasa prestatzea izan zen erronka. COVID-19aren aurkako neurrien gainean antolatu zuten iazkoa, baina. Beraz, jaialdiako komunikazio arduradun Julen Hernandezen arabera, gaur ospatuko den bigarren aldiak ez du iazkoaren antzik izango. «Egun osoko jaialdia izango da, eta denona eta denontzat izango den jaialdi bat izan dadila nahi dugu».

Bi agertoki nagusi izango ditu jaialdiak: Gaztea agertokia eta Basque Wine agertokia. Besteak beste, Nogen, Esne Beltza, Kerobia, Eñaut Elorrieta, Samantha Hudson, Olaia Inziarte, Mirua eta Zetak taldeak izango dira oholtzan. Horiez gain, musikaz bestelako diziplinetako artistek hartuko dute parte —Hondarribiako (Gipuzkoa) Jaizkibel konpainiak, Kukai dantza taldeak eta euskal trabestiek, besteak beste—, eta euskal sortzaileen azoka ere antolatu dute. «Denetatik egongo da, eta gainera, une oro. Ez da atseden hartzeko tarterik izango kasik, etengabe gozatzeko eguna izango da».

Jaizkibel konpainiak zabalduko du jaialdia, desfile labur batekin. Iazko irailean, Zetak-ekHondarribian eskaini zuen kontzertu batean, oholtzara igo ziren konpainiako kideak, eta, hain zuzen ere, hori da jaialdiak eurekin kontatu izanaren arrazoietako bat. «Pozik jaso genuen gonbidapena, beti delako pozgarria Jaizkibelek espazioak hartzeko aukera izatea», adierazi du konpainiako kide Ane Garciak. «Gero eta espazio gehiagotara iristen da gure aldarria, baina guk benetan nahi duguna da gure herrian benetako elkarrizketa bat hastea, eta irailaren 8an alarde publiko eta parekide batean parte hartu ahal izatea, herri osoarena den alarde batean».

Euskal trabestiak ere izango dira jaialdian, eta hamar minutuko hiru show eskainiko dizkiote publikoari. Hala azaldu du Albina Stardust trabestiak: «Drag-a egiteko modu desberdinak ikusiko ditu publikoak, eta baita mezu eta aldarrikapen asko ere». Trabesti gehiago izango da Albina Stardustekin batera: Aurah Sin, Celeste Poliester, Divina Comedia, Donatella Mani, Maruxak, Sussie Pussie, Xarma Leone eta Yogurinha Borova. «Lagunak gara denak, eta ongi pasatzeko gogoz gaude». Albina Stardustek gaineratu du ondo pasatzeko jaialdi bat izateaz gain, euren artea erakusteko espazio garrantzitsu bat ere badela: «Erakutsi nahi dugu Euskal Herriak ere baduela drag artisten eszena. Guretzat oso garrantzitsua da halako espazio batean parte hartu ahal izatea, jendeak ezagut dezan zer egiten dugun, eta balio eman diezaion horri».

Hemendik At taldeari omenaldia

Izango da omenaldietarako tartea ere. Hain zuzen, Euskal Herrian hain ezagun izan den Hemendik At dance musika-taldea omenduko dute gaueko 21:40ean, nahiz eta taldeak ez duen jaialdian kontzerturik eskainiko. «Nork ez du ezagutzen Hemendik At taldea?Bere garaian eragin handia izan zuen euskal musikan, jende askok entzuten zuen egiten zutena, eta pentsatu genuen omenaldi bat merezi zutela jaialdian».

Hernandezen arabera, agortu dira, kasik, sarrerak. Nolanahi ere, jakinarazi du gaur ere izango dela bertan erosterik. Eskuragarri jarri dute, gainera, «kuadrilla tiketa» ere. Txartel horrekin, bederatzi sarrera ordainduta, hamargarrena doan eskuratu dezakete lagun taldeek.

Gaineratu du, halaber, azpiegitura eta esperientzia handirik gabeko enpresa bat izanagatik ere, ekarpena egin dezaketela ideietan zein balioetan. «Horrek egiten gaitu berezi».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.