Musika

Haur eta gaztetxoen abesbatzei eusteko bideak sortzeko beharra nabarmendu dute txosten batean

Nuria Fernandez-Herranzek eta Marta Garciak EAEko haur eta gaztetxoen abesbatzen egoera aztertu dute ikerketa batean. 134 abesbatzen inguruko informazioa bildu dute zuzeneko inkesten bitartez.

Ezkerretik eskuinera, Andoni Iturbe, David Azurza, Eva Ugalde eta Marta Garcia. IDOIA ZABALETA / FOKU
Ezkerretik eskuinera, Andoni Iturbe, David Azurza, Eva Ugalde eta Marta Garcia. IDOIA ZABALETA / FOKU
Amaia Jimenez Larrea.
Donostia
2024ko urriaren 22a
15:45
Entzun

Araba, Bizkai eta Gipuzkoako haur eta gazteen abesbatzen egoera zer-nolakoa den eta nolako bilakaera duten ikusi ahal izateko, txosten bat prestatu du Euskal Herriko Abesbatzen Elkarteak. Eusko Jaurlaritzako Kultura sailaren ekimenez egin dute ikerketa, haur abesbatzak aktibatzeko eta sortzeko planari jarraituz. Marta Garcia eta Nuria Fernandez-Herranz izan dira egileak. Gaur aurkeztu dute azterlana, Donostiako Tabakaleran.

2022. urteko amaiera aldean hasi ziren Fernandez-Herranz eta Garcia ikerketarekin. Ordutik, 6 eta 23 urte bitarteko haur eta gaztetxoz osatutako 134 abesbatzen inguruko informazioa jaso ahal izan dute, zuzeneko inkesten bitartez. Guztira, 4.719 abeslari zenbatu dituzte: 3.547 kantari, 6 eta 12 urte artekoak; eta 150, soilik, 19 eta 23 urte artekoak. Honako hauek izan dira aztertu dituzten abesbatzak: irakaskuntza publikoko eta itunpeko ikastetxeetako abesbatzak, kontserbatorio eta musika eskola publiko eta pribatuetako abesbatzak, eta elkarteetako abesbatzak. Eva Ugalde abesbatzen elkarteko presidenteak ikerketaren seriotasuna azpimarratu nahi izan du: «Datuak biltzeko orduan oso serioak izan gara, eta ikerketa oso zehatza egitea lortu dugu».

Ikerketaren ondorioen artean, garrantzitsuenak zerrendatu ditu Garciak. Hasteko, Gipuzkoan daude ikerketan jaso dituzten abesbatzen erdiak baino gehiago: %52. Bizkaikoak dira %37, eta Arabakoak, %11. Generoari dagokionez agertzen da, haren ustez, «desorekarik nabarmenena». Emakumeen ehunekoa da handiena, eta kopuru hori handiagoa da 12 urtetik gorakoen taldeetan. «Arlo hori bereziki landu beharko litzateke», gehitu du txostenaren egileak. Ikastetxe publikoetan zein itunpekoetan dagoen jarduera koralari dagokionez, datu «apalei» egin die erreferentzia; izan ere, publikoetako %5etan daude abesbatzak, eta itunpekoetako %16tan.

Bide «konpartitua»

Emaitzak ikusita, «autokritikarako» garaia da, Garciarentzat. Hala ere, ez da bakarrik egin beharreko bidea, eta abesbatzen munduko eragileek argi dute hori: «Ikusi dugu bideak konpartitua izan behar duelako kontzientzia baduela jendeak. Bide berriak pizteko gogoa dago». Hori dela eta, azterlanean etorkizunean jarraitu beharreko ibilbide orri bat prestatu dute egileek.

Ibilbide orriko elementu estrategikoei segika, hasiak dira zenbait egitasmo antolatzen. Esaterako, haur eta gazte abesbatzetako zuzendariak trebatzeko Zuzendaria programa; ikastaro pedagogikoak; haur kantata bat... Egitasmo horiek, gaur egun egiten diren beste jarduera batzuei batuko zaizkie. Ugaldek azpimarratu nahi izan du ekintza horiek lurralde historikoetako foru aldundien laguntzari esker ere aurrera eramaten direla.

David Azurza Euskal Herriko Abesbatzen Elkarteko idazkari teknikoaren esanetan, txosten «berezi» eta «aitzindaria» da gaur plazaratutakoa. Izan ere, lehen aldia da elkartearen 42 urteko historian horrelako lan bat egiten dena. Gainera, «irismenari eta sakontasunari dagokienez», koruen sektorean —jakin ahal izan dutenez behintzat— ez da horrelako ikerketarik kaleratu, ez Espainian, ezta Europan ere.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.