Judith Jauregi. Pianista

«Ea gaur une batez elkartzen garen publikoa eta ni. Ederra litzateke»

Nazioartean ibilbide oparoa egina du Donostiako piano jotzaileak. San Telmo museoan jo zuen astelehenean, eta Senpereko elizan izango da gaur iluntzean, Musika Hamabostaldiari esker.

MUSIKA HAMABOSTALDIA.
Miren Mujika Telleria.
2023ko abuztuaren 27a
00:00
Entzun
Ibilbide luzeko piano jotzailea da Judith Jauregi (Donostia, 1985). Donostiako Goi Mailako Kontserbatorioan egin zituen lehen musika ikasketak. Salamancako Goi Mailako Kontserbatorioan (Espainia) ikasi zuen ondotik, eta Municheko Richard Strauss Kontserbatorioan (Alemania) amaitu zituen ikasketak, Vadim Sutxanov musikari errusiarra irakasle zuela. Berehala eman zuen nazioarterako saltoa, eta musika klasikoko gazte erreferenteetako bat izan da ordutik Europan. Gaur joko du Musika Hamabostaldiko Musika Aitzakia Zikloan, Senpereko elizan (Lapurdi), 21:00etan.

Senperen izango zara gaur iluntzean. Zer-nolako kontzertua espero duzu?

Zoragarria eta oso berezia den leku batean joko dudala esan didate. Ez naiz sekula egon, baina sekulako gogoa daukat lekua ezagutzeko. Primerako urtea egin dut. Beraz, gogotsu nago, oso gustuko dudan errepertorio batekin bainoa. Oso barneratuta eta landuta daukat, eta azken urteotan nire bidearen parte izan da. Zer espero dudan? Bada, espero dut gozatzea, ahalik eta areto beteenarekin. Kontzertu batek duen onena musikariaren eta publikoaren arteko harremana da; une paregabea eta errepikaezina da hori. Ez dugu jakiten elkarrekin bizitako isiltasunaren eta musikaren energia hori nola izendatu, baina magia da, nolabait.

Bada, hain justu, gaur Senperen hori gertatzea nahi dut. Finean, musikari bat eszenatokira igotzen denean, inoiz ez du jakiten zer gertatuko den, kontzertua ez baitu berak bakarrik ematen, publikoa ere kontzertuaren parte aktiboa baita. Ea gaur une batez elkartzen garen publikoa eta ni. Ederra litzateke.

Publikoa kontzertuaren parte aktiboa dela diozu. Zer aurkituko dute gaur ikus-entzuleek?

Musika zoragarria aurkituko dute, eta bereziki erromantikoa; Schumann, Schubert, Liszt, Chopin eta Debussyren musika, hain zuzen ere. Nahi dut gaur joko ditudan doinuokin gozatu, joko dudan sortak aukera dinamiko eta adierazkor askorekin egiten baitu hegan; eta nik harekin batera, noski [barreak].

XIX. mendearen bukaerako eta XX. aren hasierako lanekin osatu duzu errepertorioa. Zer iradokitzen dizu musikalki garai hark?

Piano jotzaile batentzat, ez dago erromantizismoa bezalakorik. Behar-beharrezkoa dugu instrumentua ulertzeko. Pianoa, bere aro distiratsuenean egon aurretik, alegia, Barrokoan, ez zen musika tresna gisa existitzen, klabezina zegoen orduan. Erromantizismo garaian sortu zen gaur egungo piano modernoaren antzeko bat, eta, hain zuen, gaur egungo pianoei esker, norberak bila dezake bere estiloa. Hala ere, erromantizismotik dator instrumentu hau, beraz, pentsa zer den garai hori piano jotzaileontzat. Nik, behintzat, behar-beharrezkotzat daukat pianoa, ura bezala.

Gainera, nik oso lotura estua dut Alemaniako erromantizismoarekin, Shumannekin hasi bainintzen musika irakurtzen. Horrenbestez, ume-umetatik oso errotuta daukat garai hori. Zerbaitek lotu baninduen musikarekin, garai musikal harekiko sentitzen nuen maitasunak lotu ninduen.

Aurten, Musika Hamabostaldiko ganbera zikloan ere aritu zara, abuztuaren 21ean, hain zuzen,Soyoung Yoon biolin jotzailearekin eta Nadege Rochat biolontxelo jotzailearekin batera, Donostiako San Telmo museoan.

Hori da, bai. Ausartuko nintzateke esatera aurtengo lanik ederrenetakoa izan dela niretzat. Errepertorio bikaina eskaini genuen: Arenskyren trioa, Debussyrena eta Brahmsen lehena. Asko miresten ditut nirekin batera aritu ziren bi artistak, eta lagun ditut, gainera. Oso ondo ulertzen dugu elkar oholtzan, elkarrekin hainbat lekutan jo izan dugu, eta proiektu zoragarri honekin nire sustraietara itzultzea ederra izan da niretzat. Beste artista batzuengandik elikatu ahal izateak eta gauza berri gehiago entzun ahal izateak hazten laguntzen digu muskarioi. Bikaina da hori.

Ez zara gutxitan aritu Musika Hamabostaldian. Zer da jaialdia zuretzat?

Lehen urratsak egin nituen lekura itzultzea. Horixe. Une hunkigarri bat izateaz gain, nire sustraietara itzultzea ere bada, jardun honetan aritzera bultzatu ninduten lekura itzultzea. Nik, behintzat, horrela bizi dut, Musika Hamabostaldiak babestu baininduen nire hastapenetan. Interprete Gazteen Zikloaren parte izan nintzen, eta oso proiektu eder eta berezietan parte hartzera gonbidatu izan naute harrezkero. Gainera, jaialdi horrekin hazi naizela esan dezaket. Izan ere, ondo gogoan dut Musika Hamabostaldiko kontzertu askotara joaten nintzela umetan. Beraz, ez danire bizitza musikalaren parte soilik izan, asko baitu nire bizitza pertsonaletik ere.

Gauza bera gertatzen zait Bilboko Musika-Musica jaialdiarekin. Alemanian ikasketak amaitu eta itzuli nintzenean, nire lehen kontzertu profesionala emateko aukera eman zidaten, eta aldi guztietara itzuli naiz orduz geroztik. Ez dut hutsik egin nahi izaten.

Gaurko kontzertuarekin amaituko duzu aurtengo denboraldia. «Primerakoa» izan dela diozu. Baduzu aurrera begirako proiekturik esku artean?

Urte hasieran hasi nintzen grabatzen nire hurrengo diskoa izango dena, Gaztela eta Leongo (Espainia) Orkestra Sinfonikoarekin. Pentsatzen dut 2024. urteko udaberrirako aurkeztuko dugula.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.