«Ea dena ondo bukatzen den, eta zenbat eta lehenago, hobe»

Eliseo Gil Iruña-Veleiako aztarnategiko zuzendaria bota zutenetik zortzi urte bete dira. Oraindik ez daki epaitua izango den

Gasteiz
2016ko azaroaren 19a
00:00
Entzun
Duela zortzi urte hasi zen Iruña-Veleiako instrukzio fasea. Egun, oraindik ez dago garbi kasua artxibatuko duten edo ahozko epaiketa hasiko den. Irailean luzatu zuten instrukzioa, fiskaltzaren eskariz. Baina, Prozedura Kriminalaren Legearen arabera, 2017ko maiatzaren 29rako erabakia hartu beharko litzateke. «Espero dezagun dena ondoko bukatuko dela», adierazi zuen Eliseo Gil arkeologoak, atzo, prentsaren aurrean eginiko agerraldian. Indusketen burua zen aurkikuntzak egin zirenean. «Zenbat eta lehenago bukatu, hobe».

«Ez zitzaigun inoiz bururatuko aurkikuntza arkeologiko batzuek hainbeste oinaze ekar zezaketenik» adierazi du Gilek. Indusketetako aurkikuntzen egiazkotasuna zalantzan jarri zuten 2009an. Tartean, ustezko erromatar garaiko euskarazko idatziak. Urte berean jarri zion salaketa Arabako Foru Aldundiak Eliseo Gil Lurmen enpresako kide eta aztarnategiko buru izandakoari. Iruzurra eta ondarearen aurkako kalteak egotzi zizkion. Oscar Escribano geologoa eta Ruben Cerdan fisikaria ere sartu zituzten auzian.

Salaketa oraindik ikerketa fasean dago. Nahiz eta galdeketak, laborategi probak eta Ertzaintzaren txostena bukatuta egon. «Ezagutu den auzirik luzeenetarikoa da», nabarmendu du arkeologoak. Euskal Herriko auzitegietan irekita dagoen prozesurik zaharrena izatearen «hala-nolako pribilegioa» duela zehaztu du.

Aurkikuntzek sor ditzaketen ondorioekin lotu du kasua luzatu izana. «Pitzatu egin zezaketen mundu akademikoan hain errotuta dagoen statu quo-a». Euskarazko agerpenak izan dira duda hori sorrarazi dutenak. Aurkikuntzen kronologiaren arabera, erromatarren garaian kokatuko luke Arabako euskalduntzea: «Euskalduntze berantiarra defendatzen duten historiografoek aldarrikatzen dutena baino mende batzuk lehenago da».

Ondorio pertsonalak

Auziak ekarri dizkion ondorio pertsonalak nabarmendu ditu Eliseo Gilek. Besteak beste, bere etorkizuna hipotekatu izana eta de facto kondenatua izatea iritzi publikoaren aurrean. «Ez didate arkeologo gisa jardutea debekatu. Baina, lehen kontratatzen ninduten enpresek ez dute kontakturik nahi nirekin». Eskerrak emandizkie era desinteresatuan laguntza eskaini dioten pertsona eta kolektiboei. Baita defentsan epaitegietarako txostenak idatzi dituzten ikertzaileei ere.

Hainbat gatazka izan ditu auziak zortzi urteotan. Madrilgo Kultur Ondarearen Institutuak idazkiak gaur egungoak zirela ebatzi zuen. Iragarri eta hurrengo egunean, Gil eta SOS Iruña-Veleiak elkartearen ikerketa ez zela balekoa salatu zuten. Materialen zaintza katea etenda zegoela, eta piezetan aldaketak egon izana posible zela argudiatu zuten.

Egun aztarnategia zuzentzen duen taldearen kontra kereila jarri zuen SOS Iruña-Veleiak. Aztarnategian hondeamakina batekin egindako lanetan ondareari kalte larriak eragin eta justizia oztopatu izana egotzi zieten. Patxi Zabaleta SOS Veleiako abokatuaren hitzetan, ostrakak agertutako gunean erabili zituzten induskatzeko makinak. «Ostraka gehiago atera zitezkeen toki batean sartu zuten makina». Ostraka gehiago aurkitzeak indartu egingo luke Gilen eta haren kideen posizioa.

Ruben Cerdan fisikariaren analisien kasua izan da beste gatazka puntu bat. 66 pieza zalantzazkoenei buruzko ikerketa egin zuen. Fisikari nuklear gisa aurkeztu zuen bere burua, eta hainbat laborategiren emaitzak aurkeztu zizkien arkeologoei eta adituei. Hala ere, zalantzak sortu ditu haren lanak. Egun, Cerdanek ez du frogatzerik izan proba horiek nola egin zituen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.