Durangoko Azoka jada ez da Landako Gunearen sinonimo, hori baino askoz gehiago da; hainbeste, ezen egitaraua dakarren liburuxkan mapa bat jarri behar izan duten, kulturazaleak bere gune guztietan zehar gal ez daitezen. Zazpi gune ditu: Ahotsenea Solasaldiak, Saguganbara, Irudienea, Ahotsenea Zuzenekoak, Talaia eta Kabi@. Horiez gain, Durangaldeko Museoak eta Bizenta Mogel Bibliotekak ere hartuko dute parte egitarauan.
Ahotsenea
Azokako gunerik handiena da Ahotsenea, musika eta berbaldiak, biak batzen dituena. Bi espaziotan banatuta dago, hain zuzen ere, bakoitzak bere bi funtzioetako bat beteko baitu: solasaldiak Bartolome Ertzilla Musika Eskolan izango dira, eta zuzenekoak Plateruenan. Aurten beteko ditu hamabost urte guneak, hamabost urte azokak salerosketa hutseko gune izatetik «kulturaren plaza» izatera salto egin zuenetik. Miren Narbaiza gunearen koordinatzaileak aurkezpenean zera esan zuen: «2007 hartan hasi ziren Durangoko Azoka salerosketa gune bat baino zerbait gehiago izan zitekeela irudikatzen».
Azokako apusturik handienetakoa da gune hau, musikak presentzia handia baitu azokan. Kontzertuak Plateruena antzokian izango dira, ateak bereziki irekiko baititu aurtengo azokarako. Egitarau aldetik ere, oparoena duen gunea izango da, 120tik gora lotu baitituzte, solasaldi eta zuzeneko kontzertuen artean. Zuzeneko musikari dagokionez, Delirium Tremens, Xsakara, Merina Gris, Ines Osinaga eta Kokein egongo dira, besteak beste. Streaming bidez ere zabalduko dituzte saio horiek.
Bartolome Ertzillan egingo dituzten literatur solasaldietan liburu aurkezpenak izango dira. Horien artean daude: Harkaitz Canoren Pozaren erdia, Ekaitz Goikoetxearen Balio erantzia, Elena Olaberen Keinura itzuli edota Katixa Agirreren Berriz Zentauro.
Irudienea
Durangoko Zugaza zinema da zinemaren plaza, hain zuzen, azoka egunetan. Aurten gora egin du egitarauak, 41 emanaldi egongo baitira, iazko 35ekin alderatuta. Formatu askotarikoak eskainiko dituzte: 24 film luze, hamabost film labur, websail bat eta podcast bat. Dokumentalak, familiarentzako zinema erakustaldiak eta lehiaketak egingo dituzte, esate baterako: Euskarazko websailen emanaldia, DemaSA sortzaile amateurren arteko lehiaketa edota Oltxiak familiarentzako zinema emanaldia.
Hala ere, egitarauan atentziorik handien eman duena Irati filmaren emanaldi berezia izan da. Larunbatean egingo dute emanaldia, 12:30ean. Filmak, berez, kalean behar zuen azokaren sasoirako, eta emanaldi normala izango litzateke azokakoa; baina estreinaldia atzeratu egin dute datorren urtera, eta, beraz, azokako emanaldia berezia izango da, estreinaldiaren aurrekoa. Egunean bertan jarriko dituzte sarrerak eskuragai, Irudienean bertan, 10:30etik aurrera. Bi gonbidapen jaso ahalko ditu bakoitzak, eta ilarak sortzea ere espero izatekoa da, hortaz.
Szenatokia
Aste eszenikoen plaza da Szenatokia, San Agustin kulturgunean. Azokaren antolakuntzak gunearen garrantzia azpimarratu nahi izan du, eta bertan hitzartu du aurtengo azokaren irekiera ekitaldi ofiziala. Gaurko 19:00etan emango diote irekiera azokari, DrunDA! inaugurazio ekitaldiarekin. Horrez gain, beste 28 saio izango dira kulturguneko oholtza gainean: hamabi talde izango dira, eta bakoitzak bi edo hiru saio eskainiko ditu. Komedia, drama, pole dantza ikuskizunak, antzerkia, dantza eta bestelakoak izango dira. Antzerki sorkuntza tailerra; Luze edo motz Mirari Martiarena eta Idoia Torregarairen antzerki laburra; edota Kilimaterioa Kaitin Allende, Oihane Perea, Iratxe Ibarra eta Irati Andaren bakarrizketa eta bertsolaritza emanaldia egongo dira, besteak beste.
Saguganbara
Landakoko Elkartegian,Usue Egia ilustratzailearen dekorazioa izango du aurten guneak. Haur eta nerabeen plaza bada ere, haur, gazte zein helduentzako pentsatutako proiektuak hartzen ditu guneak, eta, aurkezpenez gainera, eguerdietan irakurketa librerako txokoa ere izango du bisitarientzat. 26 emanaldi izango dira, tailer, liburu aurkezpen eta pailazoen ikuskizunen artean. Horietako batzuk dira: Literakzioa tailerra, Usue Egiarekin ilustrazioa lantzeko tailerra, Din Dilin Dan Pello Añorga eta Saroa Bikandiren liburu aurkezpena eta Potx eta Lotx, aireportuan pailazoen ikuskizuna.
Talaia
Landako gunean bertan dago Talaia, Areto Nagusian. Solasaldirako eta hausnarketarako gunea izango da, ordu eta erdiko formatuan. Abenduaren 8an, 10ean eta 11n izango dute egitaraua. Liburu aurkezpenak dira gehienak, ertz anitzetakoak: dibulgazio liburuak, historia liburuak eta bestelako jakintza arloetakoak. Guztira, 44 ekitaldi antolatu dituzte: besteak beste, azoka ixteko ekitaldi ofiziala, hilaren 11n, 19:30ean, Idoia Torregarai eta Mirari Martiarenarekin. Bestalde, bertan izango dira Ekaiak badu garrantzia Jose Ramon Etxebarriaren liburu aurkezpena, Emakume digitalak euskal komunitate digitalean Hamaika Telebistaren egitasmoaren aurkezpena edota Hik Hasiren Hazi Hezi aldizkariaren liburu aurkezpena.
Kabi@
Gune hau ere, Talaiarekin batera, Areto Nagusian egongo da. Horregatik, gaurko eta ostiralerako antolatu dituzte ekitaldiak. Multimedia gaiei buruzko saioak izango dira bertan: guztira, 11. Gamer Gela, Barraka 2021eko Sormen Beka irabazlearen aurkezpena, eta hezitzaileentzako hezkuntza baliabide digital libreen inguruko hitzaldi sorta egongo dira, besteak beste.
Liburutegia eta museoa
Bizenta Mogel liburutegiko eta Durangoko Museoko jardunak osatuko du gainerako guneetakoa. Museorako hamaika ekitaldi antolatu dituzte; hala, erakusketak eta liburu aurkezpenak izango dira bertan, baita tailerrak ere; esaterako, Dadaismoa ezagutzen lantegia, Ramon Zubiaurreren Sorterriaren kolorea (1882-1969) erakusketa eta Haizea Barcenilla eta Garazi Ansa BERRIAko arte adituen Bagara saila egitasmoaren aurkezpena. Liburutegirako, berriz, ekitaldi bakarra antolatu dute: Collage tailerra.
Durangoko Azoka. Guneak
Durangon dena ez da Landako
Zazpi espaziok osatzen dute Durangoko 56. Azoka: Ahotsenea, Irudienea, Talaia, Kabi@, Saguganbara, Azoka TB eta Szenatokia. Ahotsenean egiten diren aurkezpenak zuzenean emango ditu Azoka TBk.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu