Eredu baten beheraldia irudikatzen zuelako izan zen albiste Durangoko Plateruena kafe antzokiaren itxiera 2020an, eta eredu berri bat proposatzen duelako da notizia berriz ere haren irekiera orain. Kudeaketa publiko eta komunitarioa izango du Plateruena berriak. Udalarena izango da, baina herritar talde batekin batera kultur mahai antolatu batek gidatuko du haren jarduna. 313.000 euroko aurrekontua izango du lehen urterako, eta martxoaren 3an hasiko du martxa berria, nahiz eta, aurrez, Durangoko Azoka egunetan lehenik, eta Gabonetan, ondoren, kultur ekitaldi batzuk ere antolatuko dituen.
Maider Larrañaga izango da gunearen koordinatzailea, baina, zehaztu duenez, kudeaketa hori «taldean» egingo du. Plateruena bultzatuko duen kultur mahaia aipatu du horren bermetzat, eta argitu du mahai hori ez dela sortu «kontsultarako» tresna izan dadin, «parte hartzeko gune bat» baizik. Udaleko teknikariez gainera, kulturgintzan dabiltzan herritarrak ere hartuko ditu mahai horrek, eta talde motor bat izango du gidari. Larrañaga: «Zenbat eta kultur mahai sendoagoa, orduan eta etorkizun oparoagoa izango du herrian».
Euskara ardatzean
Hiru ardatz nagusi izango ditu Plateruenaren jardunak aurrerantzean. Durango euskalduntzen laguntzeko espazio bat izango da, lehenik. Herriko elkarte eta eragileei aterpe emango die, bigarrenik. Eta euskal sortzaileentzako plaza bat ere izango da, hirugarrenik. Eta horretan «erreferente» izatea da arduradunen asmoa.
Plateruena sorkuntza gunea, esperimentazio gunea eta erakusleihoa ere izango dela esan du Larrañagak. Haren kultur programa «nagusiki euskaraz» izango dela ere zehaztu du, eta, era berean, Plateruena «euskarara gerturatzeko tresna bat» ere izan behar duela. Ostalaritzaren eta kultur programazioaren arteko oreka bilatzea izango da beste helburuetako bat. «Argi daukagu lehentasuna kulturgintzak izango duela, eta ostalaritza izango da sekundarioa», azaldu du koordinatzaileak. Hori egiteko formulari buruz hausnartzen ari dira orain.
Ondare «oso baliotsua»
Ane Abanzabalegi Durangoko Udaleko kultur zinegotziak eta Patxi Lakuntza Durangoko udaleko zinegotziak hartu dute parte Plateruenarako proiektu berriaren aurkezpenean. Plateruenaren itxierak utzitako «hutsunea» nabarmendu du Abanzabalegik, esaterako, eta proiektuak Durangorentzat suposatu duen guztia nabarmendu du Lakuntzak. «Arrasto handia utzi du Euskal Herrian». Kafe antzoki izandakoa jasotzean, bertan metatutako esperientzia guztia ere jaso du udalak, haren hitzetan. «Durangoko Udalak ez du soilik eraikin huts bat jasotzen, ondare kultural oso baliotsu bat jaso du».
Koordinatzaileak ere atzerantz begira egin nahi du aurrerantz. Larrañaga: «Errauts horiek berpiztea da gure helburua, eta apur bat harago joatea».
Abenduko lagina
Abenduan hasiko du programa Plateruenak. AEK euskaltegiak mintzodromoa antolatuko du, udaleko musika bandak emanaldia eskainiko du, eta Alerta taldeak ere zuzenekoa eskainiko du. Gero, otsailean, Euskaltzaleen topaguneak ere beste hitzordu bat izango du bertan, baina martxoaren 3an hasiko dira indar betean lanean. Horretarako aurrekontua «mardula» dutela iritzi dio Larrañagak, eta, horrekin, herriko eta inguruko elkarteentzako aterpe eta zerbitzua emateko moduan izango direla esan du.
Bi diagnosi, ondorio antzekoekin
900 kideko kooperatiba batek jarri zuen martxan Plateruena, 2004an, Berbaro euskara elkartearen bultzadarekin. Eta, hain zuzen ere, kulturgintza eta euskara izan ditu ardatz gerora ere 17 urteko jardunean; guztira, 2.000 kultur ekitaldi inguru antolatu zituzten. Azkenean, ordea, arrazoi ekonomikoek behartu zuten itxiera, 2020ko abenduan. Eraikina udalaren esku geratu zen orduan, baina atea itxi bezain pronto jarri zuten abian herritarrek Plateruena eta gero, zer? izeneko dinamika. Eta, paraleloan, beste prozesu parte hartzaile bat ere abiatu zuen udalak.
Bakoitzak bere aldetik jardunda ere, antzeko ondorioetara heldu dira biak: kudeaketa publiko eta komunitarioa behar du Plateruenak. Izan ere, eredu pribatuaren alde eginez gero, prozesu parte hartzaileetan jasotakoak ez betetzeko arriskua dagoela uste du udalak. Eta erronka dela onartuta ere, horregatik egin du kudeaketaren kargu egiteko apustua.
Adibideak aztertuta
Guztira, 22 elkarte eta erakunderen, 34 kulturgileren eta saio irekietan parte hartu zuten 82 lagunen ekarpenekin heldu dira ondorio horretara Plateruena eta gero, zer? plataformakoak. Eta Euskal Herriko zein atzerriko hainbat proiekturen kudeaketak aztertu dituzte udal ordezkariek: Azpeitiko San Agustin kulturgunea (Gipuzkoa) eta Madrilgo Matadero, kasu.
Udalak, berriz, irailaren 28ko udalbatzarrean jakinarazi zuen urtea amaitu aurretik Plateruena berriz irekitzeko asmoa zuela. Iker Urkiza zinegotziak orduan azaldu zuen eredu publiko komunitarioa zela prozesu parte hartzaileetan jasotakoak ondoen islatzen zituena: «Udalak bere baliabideak jarriko ditu, eta komunitarioa izango da Durangoko elkarteak, eragileak eta sortzaileak kontuan hartuko dituen heinean. Hortik kultur mahaia irtengo da, eta mahai hori izango da Plateruenako kultur arloko motorra», azaldu zuen.