Durangoko berriena: 'Berria'

Kolore biziko egutegi handia eta agenda modernoa izango dira haurrentzako ipuin bildumarekin batera Berria

Ainara Gorostitzu.
DONOSTIA
2003ko abenduaren 4a
00:00
Entzun
Euskaldunon Egunkaria-ren hamahirugarren urtemugaren ospakizunak behar luke Durangoko azokaren 38. ekitaldi honetan. Baina ezin. Ez dok amairu! Euskal kulturaren topagune gorenean gogoan izango dira aurten euskalgintzak jasan dituen kolpeak, nola Egunkaria-ren itxiera, hala Zabaltzen-en aurkako erasoa. Egunkaria-ren erakusmahaiaren hutsunea izango da Durangon nabarmenenetakoa.

Euskarazko egunkariak ez du, ordea, hutsik egingo. Lehen aldikotz, Berria berripaper berria izango da Durangoko azokan. Barrenkaleko 73 eta 74an. Koloretsu. Bizi. Gazte. Berri. Hori. Horia baita kolorez Berriak eginiko egutegi handia. Mattin, Martintxo, Montxo, Olariaga, Peli eta Zaldi eroa marrazkilariek ilustraturik edonork bere burua aurkituko du egutegian, gazte kirolari, artzain Internet zale, mairu panderista, pilotari gizen eta beste hamaikaren artean. Lau euroan dago salgai egutegia. Neurri txikiagoan,arkatz ontzian ere bildu dituzte beren marrazkiak Berriako ilustratzaileek.Beltzak izango dira Berriaren stand-ean orbanak. Beltzak baitira agendak. Beltzak zipriztin hori-laranjekin. Karratu-karratuak, diseinu berri eta gaztea du 12 euro balio duen 2004ko egunerokoak. Argia, garbia eta erabilgarria da.Punta-puntako euskal idazle eta ilustratzaileen lanak biltzen dituen haur literaturako bilduma ere eramango du Berriak Durangora, 35 euroan saltzeko. Pako Aristi, Bernardo Atxaga, Patxi Zubizarreta, Arantxa Iturbe, Joxemari Iturralde, Mariasun Landa, Anjel Lertxundi, Jesus Mari Olaizola Txiliku eta Harkaitz Cano dira bederatzi ipuin horien egileak. Hamargarren liburua Txori kantariak poeta hegalariak izenekoa, hainbat idazlek eginiko poemez osatua dago. Marrazkigileak, berriz, Jokin Larrea, Mikel Valverde, Jokin Mitxelena, Elena Odriozola, Mattin, Asun Balzola, Antton Olariaga eta Jon Zabaleta dira. Jose Luis Zumetak diseinatu du liburu guztiak gordetzeko kutxa koloretsua.

Berria kanpoan eta barruan

Durangoko eraikin berrian lekua izateaz gain, azokaren ondoan karpa bat izango du euskarazko egunkariak bihartik aurrera. Ekainaren 21ean kaleratu zen kazetaren sorrera argazkien bidez sei afitxatan azalduko da bertan. Pausoz pauso, ahaleginez ahalegin, eginez egina. Eta prozesu hori bera bideo batean ikusteko aukera egongo da erakustokian. Akzioak eta zuri-beltz-laranja-berde-urdin koloreko kamisetak ere salgai egongo dira karpan. Nahi duen guztiak harpidetzak egiteko aukera izango du karpan.

Etzi, larunbata, Berriaren sorreran lagundu zuten herritar guztiei beren lana eskertu asmoz herri batzordeen bazkari goxo-goxoa egingo da 14:30ean Durango frontoian (aurrez sarrerak eskuratu behar dira). Ondoren Alaitz eta Maiderrek kontzertua eskainiko dute.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.