Bederatzi kantako disko batean, esaterako, derrigorrez, euskaraz kantatuta egon beharko dute, gutxienez, kantetako hiruk. Eta haur eta gazteentzako ipuin bilduma batean, berriz, testu osoak egon beharko du ezinbestean euskaraz. Durangoko Azokan parte hartu ahal izateko bete beharreko baldintza zerrenda osoaren bi adibide baino ez dira. Erakusmahaiak jartzen dituztenek aspalditik ezagutzen dituzte neurri horiek, baina aurten izena eman beharrik gabe ere, Gerediaga elkarteak edonork ikusteko moduan utzi du bistara araudia, azokako webguneko atariko gune nagusian. Berez, azokako guneetako aurkezpenetan bete beharreko irizpideak zehaztu dituzte aurten lehenengoz idatziz, eta hori da benetako nobedadea. Baina lan hori erakustearekin batera, erakusmahaietan egon daitezkeen produktuei buruzko araudi osoa ere bistaratzea erabaki dute antolatzaileek. Euskara lehenesteko neurriak dira horietako asko, eta, beraz, arau horiek dira, gaurtik igandera bitarte egingo den azokaren eskaintza osoari forma ematen dioten hezurrak.
Ikusi gehiago
Lehen azoka antolatzen aritu ziren Gerediaga elkarteko kideen asmoa biltzen duen sarrerarekin abiatzen da araudiaren testua. «1965ean, Gerediaga elkarteak Durangoko Euskal Liburu eta Disko Azoka antolatu zuen lehen aldiz, euskal gaiak lantzen zituzten liburu eta disko sektoreen topaleku izateko eta gizarteak euskara eta euskal kultura bizitzeko aukera izan zezan». Eta, aldaketak aldaketa, egun ere, antzekoa da helburua: «Euskaraz egindako edo Euskal Herriari lotutako gaiak dituzten ekoizpen lanak erakusteko eta saltzeko leku izatea».
Ikusi gehiago
Araudiaren seigarren artikuluan datoz Landako guneko erakusmahaietan jar daitezkeen salgaiei buruzko zehaztapenak. Euskara hutsezko argitalpenek eta materialek «lehentasuna» izango dutela zehazten da sarreran, eta lehentasun hori bermatzeko hainbat neurri datoz gero. Argitalpenak euskarazkoak edo elebidunak izan behar direla aipatzen da alorrik gehienetan, eta, euskaraz ez izatekotan, derrigor «euskal gaia» landu beharko duela esaten du araudiak.
Gazteentzako, euskara hutsean
Literatur lanetan, adibidez, beste hizkuntza batzuetako lanak ere onartzen dira, baldin eta jatorrizko bertsioa euskarazkoa bada, edota hizkuntza edozein izanik ere, trama «nagusiki» Euskal Herriarekin lotuta badago. Eta, musikari dagokionez, kantuen herenek egon behar dute euskaraz, diskoa Durangoko Azokan saldu ahal izateko. Eta musika instrumentala izanez gero, euskal musikariek sortutako edo interpretatutako musika jaso beharko du lanak.
«Euskal lanak bistaratu nahi ditugu. Azokan aurkezten diren lanak beti euskarazko lanak izaten dira, eta aurkezpenak, euskaraz»
BEÑAT GAZTELURRUTIAGerediaga elkarteko kudeatzailea
Zorrotzagoa da irizpidea gazteentzako zein haurrentzako liburu, disko edota multimedia lanentzako. Kasu horietan, euskara hutsezko lanak bakarrik onartuko dituzte azokan. 16 urteko langarekin, adibidez, liburuetan, eta 12 urtekoarekin, musikan zein multimedia lanetan. Eta langa hori dute mahai joko, panpina edo bestelako produktuek ere.
Musikako kopuruak
Finko xamarrak izan dira erakusmahaietan zer jar daitekeen zehazten duten irizpideak, baina izan dira aldaketa batzuk ere. Duela gutxira arte, esaterako, debekatua izan dute parte hartzaileek merchandising-a saltzea, baina, euskarri fisikoen krisiak eraginda, 2022an zabaldu zieten ate hori musikariei. Horregatik, egun, talde bakoitzak erakusmahaian gisa horretako salgai bat jartzeko aukera du. Eta arautegian zehaztua dutenez, produktu horiek hitzik badute, euskara hutsean egon beharko dute mezu horiek.
Baina bada gehiago ere. Antolatzaileek zehaztu dutenez, garai batean, diskoaren %50ak egon behar zuen euskaraz Durangoko Azokan saldu ahal izateko. Azokako partaideen eskariz, kopuru hori berrikusi egin zuten, ordea, eta %30ekoa da langa duela urte batzuetatik hona.
Kopuru hori ere ez da behin betikoa, halere. Antolatzaileen hitzetan, «bihar-etzi» heldu beharko zaio kopuru horri buruzko gogoetari ere.
Guneetako irizpideak
«Euskal lanak bistaratu nahi ditugu», azaldu du Beñat Gaztelurrutia Gerediaga elkarteko kudeatzaileak. Eta, hain zuzen ere, zorrotzagoak dira horregatik azokak iraun bitartean jendaurrean egiten diren aurkezpenetako irizpideak. «Aurkezten diren lanak beti euskarazko lanak izaten dira, eta aurkezpenak euskaraz izaten dira». Hori beti izan da horrela, Gaztelurrutiak dioenez, baina orain idatziz ere zehaztu dituzte irizpide horiek. Euskarari buruzkoak ez ezik, aurrerantzean, araudiak idatziz jasoko ditu genero zein lurralde ikuspegiari lotutako neurriak ere.
Azokako guneetako egitaraua osatzeko ezarritako irizpideetan, esaterako, esplizituki aipatzen da euskarari ikusgarritasuna emateko nahia. «Horretarako, guneetan soilik euskaraz sortutako lanak eta euskaraz aurkeztuko dira». Edonola ere, «puntualki» salbuespen batzuk egiteko aukera ere egon daitekeela zehaztua dute testu horretan; «antolakuntzak beren-beregi hala erabaki badu».
Talaia gunean, esaterako, euskaraz sortutako lanek izango dute lehentasuna, eta ordutegi guztiak beteko ez balira bakarrik izango dute bertan ele bitan edo erdaraz sortutako lanak aurkezteko aukera. Baina, edonola ere, aurkezpenak euskarazkoa izan beharko luke orduan ere.
Eta, gutxi gorabehera, hori da gainerako guneetan ezarriko den irizpidea ere. Irudienean, esaterako, salbuespen modura, onartzen delako erdaraz sortutako lanak aurkezteko aukera, baina, orduan ere, derrigorrean euskaraz azpidatzita egon beharko dutelako lanek. Eta Kabia gunean ere ezinbestekoa izango da lanak euskaraz aurkeztea, bai eta aurkeztutako lanek kulturarekin lotura izatea ere.
Oreka helburu
Programazioan sei gaitan «oreka» bilatuko dela ere zehaztua dute dokumentuan. Ondorengo seietan, zehazki. Bat: sormen lanetan lantzen diren gaietan. Bi: egileen adinean. Hiru: egileen ibilbidean. Lau: egileen jatorrian. Bost: argitaletxeetan. Eta sei: egileen genero aniztasunean.
Gardentasunaren aldeko apustua izan da, Gaztelurrutiaren hitzetan. «Eskaera asko izaten ditugu, eta gero kanpoan gelditu direnei azalpenak ematen ibili behar izaten gara. Orain hor daude irizpideak zehaztuta, eta izena ematen duenak aldez aurretik ere argi du zeren arabera hartzen ditugun erabakiak».
«Azoka amaitzen denean, parte hartzaileek azoka nola joan zaien erakutsiko diote antolakuntzari, eta, azoka txarra izan badute, aukera izango dute ordaindu duten alokairuan deskontuak edukitzeko»
BEÑAT GAZTELURRUTIAGerediaga elkarteko kudeatzailea
Bada euskara lehenesten duen beste esparru bat ere. Azokak iraun bitartean, QR kode batzuk ere jartzen ditu Gerediaga elkarteak Landako gunean, eta, horiei esker, urteko musika nobedadeak entzuteko aukera izaten du bisitariak. Kanta bat entzuteko aukera ematen du horietako bakoitzak, baina bertan egon ahal izateko, kanta hori hartzen duen diskoak euskara hutsezkoak izan behar du, derrigor, edo, bestela, gutxienez, %80ko presentzia izan behar du euskarak.
Elkartasun Kutxa
Bada erakusmahaiei lotutako nobedade bat ere, aurtengoan: Elkartasun kutxa. Guztira, BEZa gehitu gabe, 824 euro ordaintzen ditu parte hartzaile bakoitzak Durangoko Azokan bi metroko erakusmahaia edukitzearen truke. Gaztelurrutiak zehaztu duenez, hamarkada bete baino gehiago darama Gerediaga elkarteak prezioa eguneratu gabe, eta aurten Elkartasun Kutxa izenekoa ere jarriko dute martxan, salmenta eskasak izan dituztenentzat.
Kutxa horri esker, parte hartzaileek aukera izango dute erakusmahaiaren truke gutxiago ordaindu ahal izateko. Gaztelurrutia: «Azoka amaitzen denean, parte hartzaileek azoka nola joan zaien erakutsiko diote antolakuntzari, eta, horren arabera, aukera edukiko dute ordaindu duten alokairuan deskontuak edukitzeko. Horretarako frogatu egin beharko dute azoka txarra izan dutela».
Durangoko Azokak gaur zabalduko ditu ateak 10:30ean, eta igandean itxi, 18:00etan. Bitartean, guztira, bisitariek 933 nobedade izango dituzte erakusmahaietan, eta berrehun kultur ekitaldi ere bai azokaren parte diren gune guztiek antolatutako egitarauan.