Abenduaren 5etik 8ra egingo dute aurtengo Durangoko Azoka. Gaur jakinarazi dute zein musikarik hartuko duten parte Ahotsenea gunean. Programa osoa aurkezten dutenean zehaztuko dute noiz joko duen haietako bakoitzak, baina, oraingoz, azoka egunetan Durangon Plateruenako oholtzan arituko diren 34 talde eta bakarlarien izenak jakinarazi dituzte.
Ondorengo taldeak daude zerrendan: Aho zakil konexion; Ainke; Albina Stardust; Ameba; Birkit; Durundi; Ekhi Lambert eta Haize Carricaburu; Eneritz Furyak; Ezpalak; Kai Nakai; Kaskezur; Keia; Kokein; Kuartz; Mikel Artieda eta Leire Berasaluze; Maskak; Mice eta Moxal/ Odei Barroso eta Benizze; Mikel Urdangarin; Miriam Lujua; Nize; Neu Troia; Orhi; Mirari; Hok Ttuk Hamalau; Postal Kolekzionistak; Saji; Toc; Tu-K; Txopet; Ur; Xabaltx; Xabier Badiola; Xsakara eta Zinkha.
Aurten aldatu egin dute hautaketa sistema. Orain arte, izena emateko ordenaren arabera osatzen zuten egitaraua, eta, oraingoan, berriz, ezarritako epe barruan aurkeztutako eskari guztiak jaso ondoren egin dute aukeraketa. Antolakuntzak kontuan hartutako hainbat irizpideren araberako galbahea egin, eta hala erabaki dute nork hartuko duen parte, azkenean. Edonola ere, euskarazko eta 2024an argitaratutako ekoizpenek izango dute lekua.
Ahotsenea «erakusleiho indartsua» dela adierazi dute Durangoko Azokako antolatzaileek, eta, hain zuzen ere, bertan parte hartzeko jasotako proposamen kopurua aipatu duten horren frogatzat. Guztira, 108 talde edo bakarlarik eman dute izena euren lan berria bertan zuzenean aurkezteko, eta haien artetik aukeratu dituzte Ahotsenean izango diren 34 proposamenak.
Genero eta lurralde oreka
Aurreko edizioekin alderatuta, emakumeen presentzia handitu egingo dela jakinarazi dute, esaterako. Oraindik ere musikarien artean gizonak gehiengoa diren arren, Ahotsenean arituko diren taldeen erdiek izango dute, gutxienez, emakumezko kide bat. Eta belaunaldiartekotasuna ere nabarmendu dute antolatzaileek. Zehaztu dutenez, oholtza berean izango direlako hala Txopet, Xsakara eta Toc taldeak zein Mikel Urdangarin eta Kokein ere. Eta, antolatzaileen hitzetan, «belaunaldi arteko kultur transmisioaren eta hartu-emanaren erakusle» izango da egitaraua, horregatik.
Bestalde, Arabako, Nafarroako eta Ipar Euskal Herriko musikarien partaidetza ere haziko dela nabarmendu dute antolatzaileek. «Lurraldetasunaren ikuspuntutik oreka lortzea izan da helburua».