Azoka egunak noiz helduko zain irudikatu dute azoka. Beñat Gaztelurrutia Gerediaga elkarteko koordinatzaileak gaur aurkeztu du Durangoko 59. Azokak abenduaren 5etik 8ra izango duen eskaintza osoa, Durangoko Sanagustin kulturgunean (Bizkaia), eta azokaren parte diren gune guztietako koordinatzaileekin batera eman ditu hari buruzko azalpenak. Laburbildu duenez, «uzta ederra» izango da Landako gunean, eta datuak ere eman ditu horren frogatzat. Zehaztu duenez, aurten 153 partaide izango ditu Landako guneak, eta 274 erakusmahai jarriko dituzte —iaz baino hamazazpi gehiago—; haietan, 933 nobedade izango ditu eskuragarri bisitariak —639 liburu, musikari lotutako 216 lan, 47 aldizkari eta bestelako 31 argitalpen—. Eta, horrekin batera, guztira berrehun kultur ekitaldi bilduko dira gunez guneko egitarauan.
Horretarako, 735.000 euroko aurrekontua izango dute, eta kopuru horren zatiketaren berri ere eman dute antolatzaileek. Erakunde publikoetatik jasoko dute erdia baino gehiago —%57, zehazki—, erakusmahaia jartzen dutenek alokairuan ordaindutakotik bildutakoa da %25, eta babesle pribatuek jarritakoa da gainerako %18a.
Azoka topagune bat dela gogoratu du Gaztelurrutiak. «Bertan bilduko gara kultura bizi eta zaindu nahi dugun sortzaileak, argitaletxeetako kideak, kulturgintzako langileak eta zaleak». Eta, hain zuzen, azken horiengan jarri nahi izan du arreta. «Aurten zaleei erreparatu nahi izan diegu, kultur sistema horretan katebegi oso inportantea dira eta. Haiek ematen diote egonkortasuna kultur sistemari. Aitortzarekin batera deia egiten diegu Durangoko Azokara etor daitezen».
AHOTSENEA. Genero berdintasunerantz
Bi adar ditu gaur egun Ahotseneak. Literaturari eskainitako aurkezpenak hartzen ditu haietako batek, eta musikarien zuzeneko emanaldiak eskaintzen ditu besteak. Plateruena antzokian egingo dituzte kontzertuak, zehazki, eta 34 taldek parte hartuko dute guztira. Literatur aurkezpenak egiteko tokia aldatu egingo dute aurten, ordea. Azken urteetan musika eskolan egin izan dituzte saio horiek, baina eraikin horretan obretan ari dira aurten, eta, beraz, Landako kanpoaldean jarritako gune batean egingo dituzte. Guztira, 50 aurkezpen izango dira han, eta Behe Banda izeneko kolektiboak izango du antolakuntzaren ardura.
Genero ikuspegiari dagokionez, eskaintza inoiz baino berdinzaleagoa izango dela ere iragarri du Gotzon Barandiaran gunearen koordinatzaileak. «2007an Ahotsenea sortu genuenetik, lehenengo aldiz, liburu eta diskoen aurkezpenetan genero arrakala murriztea lortu dugu; ez desagerraraztea, baina bai murriztea». Zehaztu duenez, liburu aurkezpenen erdietan baino gehiagotan parte hartuko dute emakumeek, batetik, eta zuzeneko musika emanaldien ia erdietan ere behintzat emakume bat izango da oholtzan.
Gunearen nortasuna ere laburbildu du Barandiaranek, esaldi bakarrean: «Hemen euskaraz zeri ari gatzaizkion idazten eta zeri ari gatzaizkion kantatzen jakiteko gunea da Ahotsenea».
IRUDIENEA. Estreinaldiak eta beste
Euskal Herrian sortutako euskal ikus-entzunezkoak eta zinemagintza erakusten ditu Irudienea guneak urtero, eta Zugaza zinema izaten du gune nagusia. Irati Agorria gune horretako koordinatzaileak zehaztu duenez, aurten berrogei lan eskainiko dituzte. Genero eta estilo guztietakoak izango direla ere iragarri du: fikzioak, dokumentalak, telesailak, laburrak eta bideoklipak, kasurako, eta lan horien zuzendariak ere zuzenean entzuteko aukera izango dute bisitariek askotan.
Bi erabateko estreinaldi izango dituzte tartean. Ines Osinagak Xerra ekoiztetxearekin sortutako dokumentala izango da haietako lehena. #Itsasoadabidebakarrasessions du izena proiektuak, eta abenduaren 6an proiektatuko dute. Horrez gainera, ETB kateak ekoitzitako Irabazi arte telesailaren denboraldi berria ere estreinatuko da gune horretan, abenduaren 8an. Eta euskaraz sortutako Negu hurbilak eta Azken erromantikoak filmak ikusteko aukera ere egongo da, bai eta beste hamaika lan ikustekoa ere.
SZENATOKIA. Antzerki maratoia
Durangoko Sanagustin kulturgunea da Szenatokia izeneko gunearen bihotza, eta arte eszenikoak lantzen ditu. Maider Larrañaga da haren koordinatzailea, eta, zehaztu duenez, azken urteetan bezala, aurten ere antzerki maratoia izango da eskaintza nagusia. Gazteentzako inprobisazioari buruzko tailerrak eta hasierako ekitaldia hartuko ditu Szenatokiak abenduaren 5ean, eta hurrengo hiru egunetan egingo dute maratoia.
Guztira, hamar konpainiak aurkeztuko dituzte euren pieza laburrak han, eta txandaka egingo dituzte emanaldiak antzokian. Larrañagak zehaztu duenez, gainera, nabarmentzekoa izango da aurten emakumeen presentzia. Ikusiko diren piezetako askok sexu aniztasunarekin zerikusia duten gaiak lantzen dituztela ere esan du; Larrañagak Las Paralelas konpainiaren Odola, eta Libe Mendizabalen eta Zaloa Zamarreñoren Ontziratuak aipatu ditu horien artean.
SAGUGANBARA. Saioak eta irakurketa librea
Haurrak dira Saguganbara guneko protagonista nagusiak. Azoka haiei ere hurbiltzeko jarri zuten martxan gune hori, eta horretan dihardute orain ere, Itxasne Arabiourrutia Saguganbarako koordinatzaileak gogorarazi duenez. Haientzako 25 ekitaldi izango dituzte aurten. Eta abenduaren 6an egingo duten aurkezpena nabarmendu du horien artean. Porrotx, Marimotots, Virginia Garcia eta Leire Bilbaok pailazoen unibertsoari eskainitako azken liburua aurkeztuko dute egun horretan, eta, iragarri dutenez, 10:30ean hasiko dira gonbidapenak banatzen, gune horrek ateak irekitzean.
Ekitaldirik edo aurkezpenik ez dagoenetan, irakurketa librerako gunea izango da Saguganbara. Haur eta gazteentzako literatur nobedadeak bertatik bertara ikusteko aukera izango dute bisitariek, eta aurreko urteetan argitaratutako lan nabarmen batzuk ere izango dituzte eskura.
KABI@, AZOKA TELEBISTA ETA TALAIA
Mundu digitala da Kabi@ izeneko gunearen ardatza, eta bi eguneko programa antolatu dute aurtengo. Abenduaren 5ean eta 6an egingo dituzte topaketak, aurkezpenak eta mahai inguruak. Euskal bideojokoak eta rol jokoak izango dira, esaterako, lehen egunean, Areto Nagusian, eta abenduaren 6an Elhuyar fundazioarekin elkarlanean antolatutako mahai ingurua ere nabarmendu du Diana Franco gune horretako koordinatzaileak. Adimen artifizial sortzaileak dakartzan mehatxuak eta aukerak aztertuko dituzte saio horretan, hainbat kultur sortzaileren parte hartzearekin.
Transmisioa izango da aurten Azoka Telebista gunearen arretaguneetako bat, Aitor Agiriano gune horretako koordinatzaileak azaldu duenez. Goizero magazin bat grabatuko dute azokan, eta, Internet bidez ez ezik, tokian tokiko telebistetan eta ETB katean ere emango dute. Hala, egunez egunekoaren berri emateaz gainera, aurrez aurre jarriko dituzte diziplina bereko bi sortzaile: ibilbidea hasi berria duena izango da bata eta ibilbide luzekoa bestea.
Talaia izeneko guneak bi eremu izango ditu. Landako guneko Areto Nagusia izango da bata, eta Durangoko Arte eta Historia Museoa bestea. Dibulgazio lanen aurkezpenak egingo dituzte horietan, eta, iragarri dutenez, Euskaraldiak 2025erako sortutako kantua ere aurkeztuko dute. Euskadi saria jaso duten idazleen mahai ingurua ere hartuko du Talaiak, eta abenduaren 8an zuzeneko bideopodcast bat grabatuko dute. Horrez gainera, Europako hizkuntza gutxituetako argitaletxeetako editoreekin egingo duten topaketa ere nabarmendu dute antolatzaileek.
IRIZPIDE BATASUNA. Euskara, generoa eta lurraldetasuna
Gerediaga elkarteko koordinatzaileak zehaztu duenez, orain artean gune guztiek izan dituzte euren irizpideak programaziorako, baina aurten, lehenengoz, batu egin dituzte guztiak. Gaztelurrutia: «Kultur mahaia izenekoan batzen gara guztiok, eta pentsatu dugu egitaraua osatzeko lana irizpide bertsuekin ez, baizik eta berekin egin behar genuela». Irizpide horiek idatziz ezarri dituzte horretarako, eta bertan zehaztuta geratu da, beraz, euskarak aurkezpenetan izan behar duen presentzia ere. «Aurkezpenei dagokienez, gune batzuetan lehentasuna dute euskarazko lanek, eta, are, beste batzuetan euskarazkoak izan behar dute derrigorrez». Zehaztu duenez, hizkuntzari ez ezik, lurraldetasunari, genero ikuspegiari, estiloei eta egileen ibilbideari ere erreparatu diete. «Ez da erraza izan, baina uste dugu onerako izan dela, eta emaitzak hor daude».
IKASLE EGUNA. Gazte Eztanda
Ohiko denez, Ikasle Eguna hartuko du Durangoko Azokaren lehen egunak. Gerediaga elkarteko arduradunek zehaztu dutenez, Euskal Herri osoko berrogei ikastetxek jada eman dute izena egun horretarako espresuki prestatutako ekitaldietarako, baina badakite gehiago ere bertaratuko direla. Sarrera librea izango da gainerako bisitarientzat ere, baina, gogorarazi dutenez, egun horretako gunez guneko egitarauak arreta berezia jarriko die adin tarte horretakoei.
Gazte Eztanda izeneko programa ere hartuko dute abenduaren 5ean. Duela hiru urte inguru jarri zuten martxan, eta bereziki gazteentzat erakargarri izan daitezkeela uste duten ekitaldiak programatu dituzte horretarako. Goizetik hasi, eta 02:00ak arte iraungo du programa hori, antolatzaileek zehaztu dutenez, eta egun osoa pasatzera joateko deia egin diete gazteei.
NESTOR BASTERRETXEA. Erakusketa eta omenaldia
Aipamen berezia merezi du Nestor Basterretxea artistak ere programan. Aurten beteko dira ehun urte jaio zenetik, eta hari eskainitako hainbat ekitaldi antolatu ditu horregatik Gerediaga elkarteak. Artistak diseinu grafikoan egindako lana aztertuko duen erakusketa bat zabalduko dute, esaterako, Durangoko Arte eta Historia Museoan. Gerediaga elkarteak eta Udalak antolatu dute elkarrekin, eta, familiak utzitako jatorrizko lanez gain, ikusgai egongo da Basterretxeak 2012an Durangoko Azoka iragartzeko sortutako kartelaren originala ere.
Bestalde, esker oneko ekitaldi bat ere antolatuko dute artistaren omenez. Landako guneko Areto Nagusian izango da hori, abenduaren 7an. Ekitaldi xumea izango dela iragarri dute Gerediaga elkarteko arduradunek, eta Basterretxeak Durangaldearekin eta azokarekin izandako eskuzabaltasuna eskertzea izango da helburua.
AZOKAREN IKERKETA. Urteurren seinalatua
Datorren urtean 60. urteurrena izango du Durangoko Azokak, Gaztelurrutiak gogorarazi duenez; «urteurren seinalatua». Eta, iragarri duenez, azokaren nondik norakoei buruzko azterketa sakona aurkeztu nahi dute ordurako. Horretarako, elkarrizketak egin nahi dizkiete sortzaileei, erakusmahaia jartzen duten parte hartzaileei eta bisitariei. Siadeco etxearekin lankidetzan egingo dute azterketa aurtengo azoka egunetan, eta parte hartzeko deia egin du Gerediaga elkarteko koordinatzaileak. «Bisitariei eskatzen diegu 15 minutuko inkesta hori betetzen laguntzeko».
AZOKAZ HARAGO. 'DA! Pro' eta 'Zu non, han DA!'
Gaztelurrutiak gogoratu duenez, Durangoko Azoka ez da Durangoko Azokan ez hasten ez eta amaitzen ere. Hori da, esaterako, kultur sortzaileak eta programatzaileak harremanetan jarri asmo dituen DA! Pro izeneko egitasmoaren ideia. Azaroaren 27an eta 28an egingo dute hori. Lehen egunean, haur eta gazteentzat aritzen diren sortzaileek euren proiektuak azalduko dizkiete programatzaileei Bizenta Mogel liburutegian, eta musikarien txanda izango da 28an. Kasu horretan, Plateruenan egingo dituzte bilkurak.
Durangoko Azokaren ostean egitekoa da Zu non, han DA! izeneko programa. Durangon ikusgai izan diren nobedadeei handik kanpo ere ikusgaitasuna ematen da helburua, eta, Gerediagako kideek zehaztu dutenez, Euskal Herriko laurogei saltokik parte hartuko dute kanpainan. Azoka itxi eta hurrengo bi asteetan aurkezpenak ere egingo dituzte gune horietako 23tan.
Durangoko Azokaren antolakuntzatik kanpoko beste bi egitasmo ere nabarmendu dituzte. Euskaldunak elkarteko eskultoreek egiten duten erakusketa izan da bata. Eta hitanoa sustatzen ari diren elkarteek abenduaren 7an antolatuko duten Hikadromo proposamena izan da bestea.
PUNTU MOREAK. Gunez gune
Eraso sexisten aurkako protokoloa ere ezarriko dute aurten, lehenengoz. Azokaren eremu guztietan puntu moreak izango dira. Landako gunean, esaterako, informazio gunean egongo da haietako bat, eta gunez gune ere egongo dira puntu moreak.
ORDUTEGIA ETA GARRAIOA. Doako autobusak
Landako Gunea 10:30etik 20:00etara izango da zabalik egunero. Igandean izan ezik; zehaztu dutenez, abenduaren 8an 10:30ean ireki arren, 18:00etan itxiko da azoka, parte hartzaileek tartea izan dezaten erakusmahaiak biltzeko.
Bisitariei garraio publikoan joateko deia egin diete antolatzaileek. Edonola ere, autoz doazenentzat Landako gunea eta Iurretako aparkalekuak lotzen dituzten joan-etorriko autobusak egongo dira egun osoan, doan.