«Azoka berreskuratu nahi dugu, giroa berreskuratu nahi dugu, eta jaia berreskuratu nahi dugu». Leheneratze bat espero du aurten Gerediaga elkarteak Durangon (Bizkaia). Bi urteko gorabeheren eta murrizketen ostean, pandemiaren aurretik zuen itxura berreskuratuko du Durangoko Azokak abenduaren 7tik 11ra bitartean, eta Landako gunean izango den erakusmahai kopurua, nobedade zerrenda eta zuzeneko emanaldien programa aipatu dituzte horren ikurtzat. 248 erakusleku izango dira —264 izan ziren 2019an—, 930 nobedade aurkeztuko dituzte —689 liburu, 141 musika produktu, 46 aldizkari eta bestelako 54 lan—, eta 250 kultur ekitaldi antolatuko dituzte —200 izan ziren 2019an—. Eta, hain justu, horregatik hautatu dute Eztanda leloa aurtengorako, Beñat Gaztelurrutia Gerediaga elkarteko kudeatzaileak azaldu duenez. «Urte bi zailak pasatu ditugu, baina tunel ilun horren amaieran argi handi-handi bat ikusten genuen. Eta uste dugu hau izango dela pandemia aurreko azoka berreskuratzeko urtea, eta nahi dugu hau jai handi bat izatea».
Gune guztiekin eta programa osoarekin itzuliko da Durangoko Azoka aurten, beraz, eta haren nondik norako nagusiak aurkeztu dituzte. Www.durangokoazoka.eus webgunean ere kontsultatu daiteke jada egitaraua, osorik. Zehaztu dutenez, gainera, Badok atariarekin elkarlanean, indar berezia egingo dute musikaren sektorea sustatzeko.
MUSIKAREN PLAZA
Gaztelurrutiak esan duenez, Durangoko Azokan «oraindik» saldu egiten dira diskoak, biniloak eta bestelakoak, baina bihurgune handi batean murgilduta irudikatu du sektorea. Musikagintza banatzeko egungo joerek bazterrean utzi dituztelako euskarri fisikoak, eta sortzaileentzako diru iturria murriztea ekarri duelako horrek. Eta, horri erantzuteko, hiru bide zabaldu ditu azokak.
Batetik, nabarmendu egingo dute musikariei eskainitako esparrua Landako gunean. Musikaren Plaza deituko dutena ikusgarriago egingo dutela zehaztu du Gaztelurrutiak. Bestetik, Badok atariarekin batera, QR kodeak jarriko dituzte erakusmahaietan, azokan salgai jarritako disko berri bakoitzeko kanta bat entzuteko. Eta, azkenik, orain arte ez bezala, musikariek aukera izango dute, diskoak ez ezik, kamisetak, biserak eta poltsak ere saltzeko.
AHOTSENEA
Hamabost urte beteko ditu aurten Ahotsenea guneak, Miren Narbaiza musikari eta gunearen koordinatzaileak gogoratu duenez .«2007 hartan hasi ziren irudikatzen Durangoko Azoka salerosketa gune bat baino zerbait gehiago izan zitekeela». Eta pozik azaldu da urteurrena ohiko azoka batean ospatu ahal izango dutelako. «Jendea nahieran sartu eta irtengo da, eta desiotan gaude normaltasun hori bizitzeko, egunetik egunera. Uste dut denok merezi dugula, hainbeste puzzle osatzen ibili eta gero».
Plateruena kafe antzokian egingo dituzte musikariek zuzeneko aurkezpenak. 47 talde igoko dira agertokira beren lanak aurkeztera, eta izen zerrenda bat ere aipatu du Narbaizak; tartean dira Delirium Tremens, Xsakara, Merina Gris, Ines Osinaga eta Kokein. Streaming bidez ere zabalduko dituzte saio horiek. Literatur solasaldiak, berriz, Bartolome Ertzilla musika eskolan egingo dituzte.
IRUDIENEA
Guztira, 24 film luze, hamabost film labur, websail bat eta podcast bat emango ditu Irudienea guneak, Durangoko Zugaza zinema aretoan, baina, ezbairik gabe, Irati filmaren emanaldi bereziak erakarriko du arretarik handiena. Abenduaren 10ean izango da hori, 12:30ean.
Antolatzaileek zehaztu dutenez, aurrez ere Paul Urkijo zinema zuzendaria maiz izan da han bere lanak aurkezten, eta, urte horietan izandako harremanaren fruitu da emanaldi berezia. Hasieran, azoka egunak heltzerako areto komertzialetan egotekoa zen filma, baina estreinaldi komertziala otsailera atzeratu, eta, beraz, are bereziago bilakatu du horrek Durangoko emanaldia. Egunean bertan jarriko dituzte sarrerak eskuragai, Irudienean bertan, 10:30etik aurrera. Bi gonbidapen jaso ahalko ditu bakoitzak, eta ilarak sortzea ere espero izatekoa da, hortaz.
SZENATOKIA
San Agustin antzokia da Szenatokia gunearen egoitza. Han egingo dira irekiera ekitaldi ofiziala eta itxiera ekitaldia. Horrez gainera,antzerki eta dantza pieza laburrak ikusteko aukera ere izango da, abenduaren 8tik 11ra bitartean. Hamabi taldek parte hartuko dute programan, bakoitzak bi edo hiru emanaldi egingo ditu egunean, eta, beraz, 29 saio izango dira agertokian. Komedia, drama, pole dance ikuskizunak, antzerkia, dantza eta bestelakoak izango direla aurreratu dute. 12:30etik 20:00etara izango dira emanaldiak.
SAGUGANBARA
Pozik azaldu dira Saguganbara guneko antolatzaileak ere, bi urteren ondoren azkenik aretoa berriz ere osorik eta mugarik gabe baliatu ahalko dutelako. Haur, gazte eta helduentzat pentsatutako proiektuak hartzen ditu gune horrek, eta, aurkezpenez gainera, eguerdietan irakurketa librerako txokoa ere izango du bisitarientzat. Usue Egia ilustratzaileak diseinatuko du aurten gunearen dekorazioa.
TALAIA ETA KABI#BARRA_ABILDUA#
Ordu erdiko aurkezpenak antolatzen ditu Gerediagak Talaia izeneko aterkipean. Zabalkunde lanetarako gune bat da, eta Landako guneko Areto Nagusia izan ohi du egoitza. Aurten, Kabi@ guneak ere erabiliko du, ordea, gune hori, eta txandaka baliatu beharko dute. Abenduaren 8an, 10ean eta 11n egingo dituzte Talaiako aurkezpenak eta mahai inguruak, eta abenduaren 7an eta 9an hartuko du aretoa Kabi@ multimedia gaiei buruzko guneak.
Kabi@ gunearen programazioa, beraz, 7an eta 9an izango da Areto Nagusian. Irakasleentzako eta ikasleentzako tailer eta aurkezpenak egingo dituzte lehen egunean, eta «gamer villa» bat bilakatuko dute aretoa ostiralean. Bideojokoetan aritzeko eta rol jokoetan aritzeko aukera izango dute bisitariek goizean, eta bi alor horiei buruzko mahai ingurua antolatu dute arratsalderako.
TRANSMISIOA
Ikasle Eguna ere berreskuratuko du azokak, abenduaren 7an. 1.500 ikasle hartuko ditu goizean azokak, eta haientzako tailer sorta bat antolatu du Gerediaga elkarteak, azoka osatzen duten guneekin elkarlanean. Horrez gainera, abenduaren 9an Gazte Eztanda egingo dutela iragarri du Gerediaga elkarteko kudeatzaileak. Gaztelurrutia: «Mundu aldrebes honetan euskal kultura ez transmititzeak kezkatu egiten gaitu, eta gazteei dei berezia egin diegu, azoka honetara etorri eta azokak dauzkan ertz guztietan arakatu dezaten». Horregatik, ahalegin berezia egin dute egun horretako programan gazteak kontuan hartzeko.
'DA! PRO'
Landako guneak abenduaren 7an zabalduko ditu ateak, baina izango da bestelako ekitaldirik ere lehenago. Abenduaren 5ean egingo dute DA! Pro, esaterako. Duela lau urte abiarazi zuten proiektua, eta sortzaileek eta programatzaileek elkar ezagutu ahal izateko gune bat sortzea izan zuten buruan. Aurten, familientzako hamabi ikuskizun aurkeztuko dituzte, batetik, eta musikari lotutako hamahiru proiektu ere bai, bestetik.
AZOKA DIGITALA
Aurrez aurrekoa egiteko ezintasunak bultzatu zituen Gerediaga elkartekoak 2020an, lehenengoz, azoka digitala sortzera. Eutsi egin diote proiektuari geroztik, eta, aurten, abenduaren 7tik 10era eskainiko dute aukera nobedadeak azoka digitalean erosteko. Aurten behintzat proba egin nahi dutela iradoki dute Gerediaga elkarteko ordezkariek. Gaztelurrutia: «Aurrez aurreko azoka oso-oso-osoa izango dugu, baina eutsi egin diogu online azokari ere, ikusi nahi baitugu ohiko azoka batean zer funtzio bete dezakeen».
'ZU NON, HAN DA!'
Pandemiak behartu zituen Zu non, han DA! izeneko programa abiatzera, baina «oso arrakastatsua» izan da esperientzia, antolatzaileen hitzetan. Azoka egunak amaitu ostean, Euskal Herriko ehun liburu dendatik gora hartuko ditu azokaren oihartzunak. Nobedadeak jarriko dituzte erakusleihoetan, eta, aurten, lehenengoz, hainbat liburu eta disko aurkezpen ere egingo dituzte denda horietako batzuetan.
AURREKONTUA
Guztira, 670.000 euroko aurrekontua du azokak aurten—675.450 eurokoa izan zen2019. urtean—. Erakunde publikoen laguntzak, babesle pribatuenak eta azokan erakusmahaia jartzen duten partaideen ekarpena kontuan hartuta ateratzen da kopuru hori. Horiek dira Durangoko Azokaren diru iturri nagusiak, eta guztiei eman dizkiete eskerrak Gerediaga elkarteko ordezkariek.
APARKALEKUAK
Azokan, Landako gunetik urrunen dauden aparkalekuetarako autobus zerbitzua ere jarriko du Gerediaga elkarteak. Hogei minutuan behin egingo dute joan-etorria, hain zuzen. Edonola ere, garraio publikoan joateko deia egin dute.
Durangoko 57. Azoka
Durangoko Azokak 930 nobedaderekin berreskuratuko du ohiko itxura
Abenduaren 7tik 11ra, 248 erakusmahai izango dira Landako gunean, eta 250 kultur ekitaldi antolatuko dituzte. Gune guztiekin eta murriketarik gabe, ohiko azoka bat espero dute antolatzaileek
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu