Hotz egiten omen du euskal kulturan. Betidanik omen gaude neguan. Haize hotzak dantzatzen ditu gure banderak. Zifren hotzak. Liburu bat 1.500 alerekin arrakastatsua dela dioten zifrak. Diskoen salmenta eskasa salatzen duten zifrak. Edo diru-laguntzez hitz egiten dutenak.
Eta orduan iristen da Durango, abendu minean, izotz artean askotan. Eta pentsatzen dugu salbatu garela, aurkitu dugula gure sutondoa. Zifrak urtu egin direla pertsonetan, salmentetan eta eurotan. Asteburu eskas batean. Landako guneak salbatu dituela argitaletxeak, salbatu dituela idazleak eta salbatu duela transmisioa. Kanpoan hotz egiten du, ordea. Eta lau urtetik behin gure kulturan estrategikoa zer den eta zer ez den erabakitzen duten bulegoetan ere bai. Jon Irazabalek hotzaz hitz egin zigun. Euskal kontzeptu hotzak sortzen dituen eztabaida beroez. Argitaletxeen eta antolatzaileen interesen arteko talkaz. Erakundeekin egin beharreko borrokaz. Azoka horixe baita alde batetik: merkatua. Eta hor dabil euskal kultura txikia, euskal kultura defizitarioa, euskal kultura marjinala neoliberalismoaren esku ikusezinak harrapatuta. Standetako salmentak ez direlako aski sistema osoa salbatzeko. Durangok urtero betetzen du Landako, eta, beharbada, baita merkatuak eskatzen dion funtzioa ere. Sistemarentzat arnasaldi bat soilik da, ordea.
Izan ere, saltzea soilik al da Durangon egiten dena? Euskal kultura borborka dago. Sarrionandiaren behe laino arteko morooi «surik nahi?» galdetzen digu Gosek, eta Koldo Izagirrek autopsiarako frogak aurkitu arren negua joan dela aldarrikatzen du Zea Maysek. Hemen sortu egiten da, eta Durangon saldu ere bai. Sortzaileek eta hartzaileek, denek topo egiten dute Durangon. Gotzon Barandiaranek babes sozial hori baldintza politiko bihurtu behar dugula dio. Foro bat osatu behar dugula, eta foro horretan erabaki behar dugula zer den estrategiko eta zer ez. Foro horrek Durangon bildutako indarra behar duela. Ezin dugula diru-laguntzetako apurrengatik borrokan aritu. Izan ere, non hartu behar dira euskal kulturaren inguruko erabakiak? Nork hartu behar ditu? Zer da, benetan, estrategikoa euskal kulturan?
Autogestioaz hitz egin zigun Gotzonek, Literaturiaz, Literatur Eskolaz eta Ahotseneaz. Sortzaile, antolatzaile eta hartzaileek osatzen dute kulturaren sistema. Posible al da denen artean Azoka bakarra osatzea? Eta nola egituratuko gara? Nola egingo diogu aurre merkatuari? Hotzari hortzak erakusteko garaia iritsi da.
Arbelari begira
Durango
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu