Durango itxurako Durango

Murrizketarik gabeko azoka baten aukerari atea zabalduz aurkeztu dute Durangoko 56. Azokaren kartela. Abenduaren 3tik 8ra egingo da, eta erdi digitala eta erdi presentziala izango da

Nerea Mujika Gerediaga elkarteko lehendakaria eta Leire Urbeltz ilustratzailea, Durangoko 56. Azokako kartelarekin. MONIKA DEL VALLE / FOKU.
Inigo Astiz
Durango
2021eko urriaren 7a
00:00
Entzun
Sarbide mugarik eta bisitarientzako txandarik gabeko Durangoko Azoka bati atea irekiz aurkeztu dute 56. aldiaren kartela, Landako gunean. Eusko Jaurlaritzak bertan behera utzi zituen asteartean osasun larrialdiari aurre egiteko hartutako muga gehien-gehienak, eta horrek ehuneko ehunean hasteko aukera emango lioke azokari, baldin eta bihar hasiko balitz. Abenduaren 3tik 8ra irekiko ditu ateak, ordea, eta, bi hilabeteren faltan, zuhur jokatu nahi izan du Nerea Mujika Gerediaga elkarteko lehendakariak, antolakuntzan dabilen talde osoaren izenean: «Orduan ikusiko dugu zer neurri dauden bizirik egun horretarako. Erantzun zehatza ezin dugu bota». Edonola ere, azken urteetako korridore jendetsuak berreskuratzeko aukera izanik ere, berezia izango da aurtengo azoka ere, haren historian lehen aldiz eredu hibridoa izango baitu: erdi digitala eta erdi presentziala.

Guztira, 152 partaidek eman dute izena aurrez aurreko azokarako, eta 220 erakusmahai izango dira Landako gunean. Mujikak eskerrak eman dizkie guztiei, «azokan sinisteagatik». «Datozen hilabeteak erantzunik gabeko galderaz beteta daude, eta, hala ere, azokan egoteko ahalegina egitea erabaki dute». Gerediaga elkarteko lehendakariak jakinarazi du saltzaileekin eta kulturazaleekin batera azokaren azken urteetako antolakuntzaren eta egitasmoaren eskeletoaren parte diren guneak ere itzuliko direla.

Mujikak zehaztu duenez, gainera, sortzaileei bihar zabalduko zaie epea beren lanak azokako gune horietan aurkeztu ahal izateko eskaria egiteko. 09:00etan irekiko dute aukera Ahotsenean izan nahi duten sortzaileentzat, esate baterako; interesa dutenek www.ahotsenea.eus webgunean sartuta agertuko den formularioa bete beharko dute, eta eskaerak iritsi ahala beteko dira tokiak. Edonola ere, proposamenek 2021. urtean argitaratuak izan beharko dute, euskarazkoak, eta antolatzaileek kontuan hartuko dute lurralde eta genero oreka ere.

Denda digitalari eutsiz

Salbuespenezko azoka izan zen iazkoa. Indarrean ziren osasun neurriek ez zieten antolatzaileei aukerarik utzi erakusmahaiak jarri eta bisitariei harrera egiteko, eta azokak iraun bitartean denda digitala antolatu zuten horregatik. Landako gunea biltoki bilakatu, eta jendeak Internet bidez egin zituen erosketak. Ia 28.000 produktu saldu zituzten modu horretara, eta aurten ere denda digitalari eustea erabaki dute antolatzaileek, baina aldaketa gutxi batzuk eginda. Saltzaileen erakusmahaiek egingo dituzte biltoki lanak oraingo honetan, esaterako. «Iazko irudiak eta aurtengoak ez dute zerikusirik izango», esan du Mujikak. Zehaztu du azokako guneetan egingo diren hainbat kultur emanaldi streaming bidez ere zabalduko dituztela.

Durangoko Azokaren datei ere eragingo die bikoiztasun horrek. Abenduaren 3tik 8ra izango da zabalik online denda, eta 4tik 8ra fisikoa.

Azoka egin egingo dela gogoratzeko, gainera, moldatu egin dute azken urteetan baliatu izan duten leloa ere: «DA» izan beharrean, «baDA» izango da aurtengoa.

Leire Urbeltz ilustratzaile iruindarrak egin du aurtengo azokaren kartela, eta azokak izango duen hibridotasun hori txertatu du irudian, Kili eta Kuir izeneko pertsonaiak sortuta. Artistak azkenaldian ohikoak dituen kolore bizi eta irudi fantastikoekin osatu du irudia, eta, aitortu duenez, garai bateko Kili-kili aldizkariko pertsonaia nagusia izan du gogoan pertsonaia haren bi bertsio eguneratu sortzeko. Lehen azoketako kartelak izan ditu gogoan irudiak sortzeko, eta Rikardo Arregik 1967an idatzitako testu bat izan du oinarri: «Ikonoklastak omen gara. Eta egia da. Sustraitik hasi nahi omen dugu. Eta horrela da. Lehendabizi desegin, gero jasotzeko. Estruktura, moldea, muina ukitu nahi, azalekoarentzat mesfidantzarik handiena izanik. Folklorekeria, baserritasun hutsa, kapitalismoa, burgesia, kontserbakorra, etab. gure esan eta idatzietan behin eta berriro kondenatuak izan dira. Hitz batean esateko, mitoa, ipuina eta besteratzea desegin nahian, desipuitze go-gorrenean sartuak gara».

Testu horretatik hartu du irudia izendatzeko titulua: Desipuindegia. Lana sortzea «ohore handia» izan dela esan du Urbeltzek.

Guneetako ordezkariekin batera eta azoka sostengatzen duten hainbat erakunde publiko eta eragile pribaturekin batera egin dute kartelaren aurkezpena Gerediaga elkarteko ordezkariek. Han izan dira Bizkaiko, Arabako eta Gipuzkoako foru aldundietako, Eusko Jaurlaritzako, Nafarroako Gobernuko, Durangoko Udaleko eta BBK, Euskaltel eta Eroskiko ordezkariak.

Kultur kudeatzaileak

Inma Garrastatxu Durangoko alkateak presentzialtasuna berreskuratzeak sortutako «ilusioa» aipatu du aurkezpenean, eta Begoña Ibarra Bizkaiko Foru Aldundiko Kultura zuzendariak, «poza». Azokaren erreferentzialtasuna izan dute gogoan biek, eta hura babesteko beharra. Andoni Iturbe Eusko Jaurlaritzako Kultura sailburuordeak gogoan hartu du Labik hartutako azken erabakia, eta bera izan da azokak bete-betean irekitzeko aukera izango duela zehaztu duena. «Kulturak ere sufritu du koronabirusaren eragina, eta errekonozitu nahi ditut kultur kudeatzaileak. Eredu izan dira». Txalotu egin du azokaren eredu hibridoa, eta esan du Eusko Jaurlaritzak «beti» laguntza berezia eskainiko diola.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.