Musika

Dum, dum, dum, dumbai

Ca7triel & Paco Amoroso bikote argentinarrak sareak irauli ditu Tiny Desk Concert emanaldi sortarako egindako saioarekin.

Ca7triel & Paco Amoroso musikari argentinarrak. BERRIA
Ca7triel & Paco Amoroso musikari argentinarrak. BERRIA
Inigo Astiz
2024ko azaroaren 10a
05:00
Entzun

Ez dira hitzak —gehien-gehienak amodio eta sexu grina heterosexualari buruzkoak—, ez eta musika —bere jazz, funk, dembow, R&B, rap, rhythm'n'bass, erritmo latino, balada, soul eta auskalo zer gehiagoren nahasketa ezinezko eta, era berean, harrigarriki orekatuarekin— edota irudia bera ere —sonbreiru turkesa iletsu, peluxezko milaka bihotz daramatzan jaka eta sei kristal beltz dituen eguzkitako betaurrekoekin—, baizik eta, seguruenik, horren guztiaren arteko nahas-mahas lotsagabe eta eraginkorra. Baina arrazoia edozein dela ere, kontua da Ca7riel eta Paco Amoroso bikote argentinarraren proposamenak sarean marka utzi duela. Hilabete da NPR irrati kate estatubatuarraren Tiny Desk Concert programarako zuzenekoa ikusgai dela eta 11 milioi ikustalditik gora jaso dituztela. Bost kanta dira, guztira. Hamazazpi minutu baino ez, denera. Eta, halere, nahikoa egungo musika jario digital etengabearen itsasoaren gainetik nabarmentzeko.

Bikote argentinarra NPR irrati kate estatubatuarrak antolatutako zuzeneko emanaldian.

Catriel Guerreirok eta Ulises Guerrierok osatzen dute bikotea. 6 urte zituztenetik ezagutzen dute elkar eta, aurrez ere, hainbat proiektutan egin dute lan elkarrekin. Rocketik hasi eta traperainoko mapa bitxia osatzen du haien joan-etorriak, baina aurten eman dute argitara euren lehen estudioko diskoa elkarrekin: Baño María.

Lan horretako bost hit nagusiak biltzen ditu sareko zuzeneko emanaldiak —Dumbai, El único, Mi deseo/Bad Bitch, Baby Gangsta eta La que puede, puede— , eta, hain zuzen ere, diskoan esparru elektronikoan eta autotunea nabarmen erabiliz aurkeztutako kantak esparru analogikora eramateko aukeratu duten modua da euren Tiny Desk-eko saioa berezi egiten duen ezaugarrietako bat.

Nazioarteko birarekin jarraitzen dute orain, eta abenduan diskoa Bilbon ere aurkeztekoak ziren arren, bertan behera geratu da emanaldia.

CA7RIEL & PACO AMOROSO

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.