Danborraren laguntzaz, dultzainarako doinuak biltzen dituen Bikaña diskoa kaleratu du Aiko taldeak. Instrumentu horiekin sortutako errepertorioa aberasteko helburua izan dute, betiere dantzagarriak diren doinuak plazaratuta. Sabin Bikandi Aiko taldeko musikagileak esan duenez, «bi gaitero, bi palu, eta bi oin dantzan egiteko prest».
Aiko taldea sortu zenetik, dantzarako zaletasuna zabaltzeko lanean dabil Bikandi. Kaleratu duten zazpigarren diskoa da Bikaña, dultzaina soinuak grabaturik dituen bigarrena. Izan ere, 2008an, Kobreik! argitaratu zuten, dultzainaren Bizkaiko antzinako gaitaren interpretazio estiloa erakusteko asmoz.
Oraingoan ere dultzaina da musikaren ardatz, danborrarekin bikotea osatuz. Lan bilduma kaleratzeko bi «fitxaketa» egin dituzte, Jon Gaminde eta Martin Ariztimuño dultzaina jotzaileak. Asier Garcia danbor jotzaileak lagundurik aritu dira.
Rantxerak, zortzikoak, mazurkak, habanerak, balsak eta halakoak dituen diskoa kaleratu dute, euskal ukitu berriekin. Dultzaineroak zein danbor jotzailea oso gustura azaldu dira egindako lanarekin: «Euskal Herrian betidanik jo izan den musika bildu dugu, baina freskotasun handiarekin».
Dantza soinuak ahalik eta jende gehienarengana ailegatzea nahi dute, eta partiturak webgunean jarri dituzte (www.aikotaldea.com), edonork eskura ditzan. Horretaz gain, Patxi Laborda Aiko taldeko dantza maisuak diskoa ixten duen zortzi dantzaz osaturiko konposiziorako proposatutako koreografia ere jarri dute webgunean. Tradizioan oinarrituriko dantza berria da, bikoteka edo borobilean egiteko, ingurutxoaren edo Lizarrako larrain dantzaren tankerakoa.
Zapatuan, Dantzazale Eguna
Urtero ospatzen du Aiko taldeak Dantzazale Eguna. Zapaturako antolatu dute aurtengo ospakizuna, Durangoko Landako azoka gunean. Herri bazkariarenondoren, Bikaña diskoaren aurkezpen erromeria egingo dute,baita ohiko Aiko taldearen dantzaldia ere. Dantza gogoz daudenentzako tradizioko guatekea ere izango da Plateruena kafe antzokian.
Dultzainaren arrimoan
Tradizioko doinu eraberrituak jaso ditu Aiko taldeak 'Bikaña' diskoan, danborraren laguntzaz
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu