Duela hogei urte baino irekiagoa

Bihar hasiko da Azkena Rock jaialdiaren 21. aldia. Inoiz baino emakume gehiagok joko dute aurten. Iggy Pop, Lucinda Williams eta The Pretenders dira izen handiak

Berriak antolatu zuen Pasadenaren kontzertua, Altsasun (Nafarroa), 2022an; ezkerrean, Libe Garcia. JAIZKI FONTANEDA / FOKU.
iraia vieira gil
2023ko ekainaren 14a
00:00
Entzun
Duela astebete gozatu ahal izan zituzten zaleek aurtengo Azkena Rock jaialdiaren lehenengo apurrak. Moonshine Wagon, Micky and the Buzz, Dr. Lawson, Xuorum eta Los Brazos taldeek doako kontzertuak egin zituzten Artziniegan eta Laudion (Araba), Araba ARF Tour ekitaldiaren barruan. Giroa ezin hobea izan bazen ere, rockzaleek oraindik badute burua astintzeko gogoa, eta horretarako aukera izango dute hiru egunez, bihar hasita, Mendizabalan (Gasteiz). Azkena Rocken 21. aldiak larunbatera arte iraungo du, eta «inoiz baino pluralagoa» izango dela adierazi dute arduradunek.

Lucinda Williams eta Iggy Pop dira aurtengo izen handiak, eta larunbatean emango dute biek kontzertua, God agertokian; 21:30ean joko du Williamsek, eta 00:20an Iggy Popek. Country eta blues erritmoek elikatzen dute Williamsen musika, eta azken hamarkadetako musikagilerik onenetako bat dela ziurtatu dute hainbatetan musika kritikariek. Aitortza handia jaso du, oro har, Grammy sarietan, eta Emmylou Harris abeslariaren babesa ere badu. Hamar disko baino gehiago kaleratu ditu 20 urterekin jotzen hasi zenetik; eta hilaren 30ean publikatuko du horietako azkena: Stories from a Rock n Roll Heart.

Iggy Pop, berriz, punk musikaren ikonoa da. 70eko hamarkadatik, izugarrizko eragina izan du rock musikaren arloan, eta punkaren, post-punkaren eta new wave estiloaren sortzailetzat hartzen dute askok. Duela hamar urte izan zen lehen aldiz Azkena Rock jaialdian, eta The Stooges taldearekin bueltatu zen, 2004an. Bere ibilbide musikalaren errepasoa egingo du aurten emango duen kontzertuan: haren abestirik zaharrenek bat egingo dute urte hasieran kaleratu zuen Every Loser albumeko kantekin.

The Pretenders da 21. aldiko beste izarretako bat. New wave mugimenduaren barruan sortu zuen taldea Chrissie Hyndek, 1978. urtean, eta, geroztik taldean hamaika aldaketa izanda ere, Hyndek berak gidatzen du taldea oraindik. Duela hiru urte kaleratu zuten Hate for Sale azken diskoa, eta ostiralean emango dute kontzertua, 21:40an, God agertokian. Euskal Herrian emango duten kontzertu bakarra izango da.

The Soundtrack of Our Lives taldeak hartuko du oholtza haien ostean, Respect agertokian, goizeko ordu bietan. Suediako taldea 2012. urtean banandu zen, eta ikuskizun berriak egiteko helburuarekin elkartu da berriro aurten.

Oholtza, emakumeena

Duela hogei urte egin zuten Azkena Rock jaialdiaren lehenengo aldia, eta 23 artistak eman zituzten orduan kontzertuak. Horietatik, ordea, hiru besterik ez ziren emakumeak. Urteak igaro ahala, gauzak aldatuz joan dira, eta emakumeek inoiz baino presentzia handiagoa lortu dute aurten. Lucinda Williamsek ez ezik, Lydia Lunch, Cherie Currie, Ana Popovic, Amanda Shires eta Bones of Minervak ere beteko dituzte Mendizabalako bazterrak rock melodiaz. Eta Euskal Herriko emakumeek ere izango dute lekua: Pasadena eta Liher taldeek kontzertuak emango dituzte.

Libe Garcia de Kortazar Pasadenako kideak hogei urte baino gehiago daramatza musika egiten, baina Azkena Rocken jotzen duen lehen aldia izango da aurtengoa. Love agertokiko lehen kontzertua emango du, Jon Basaguren taldekidearekin batera, ostiralean, 18:00etan, eta bidea irekiko die haren ostean joko duten taldeei: Matchbox, The Guapos, The Undertones eta Gwar. Hori bai, Garcia de Kortazarrek nahi luke Euskal Herriko rock musikan berebiziko garrantzia duten emakume gehiago egotea jaialdian. Anari, Miren Narbaiza eta Sorkun, esaterako.

Liher taldea izango da Euskal Herriko rockaren beste ordezkarietako bat. Lide Hernando abeslariak azaldu duenez, oso emanaldi bizia izango da ostegunekoa. Respect agertokian joko dute, 18:15ean, eta 45 minutu iraungo du kontzertuak. Orain arte kaleratutako diskoetako kantuak joko dituzte, Eta hutsa zen helmuga (2021) azken lanekoak barne.

Rock irekia

Festibalaren ardatz nagusia rocka da, eta aurten, beste behin, estilo hori iturburu duten beste adar asko ere ordezkatuta egongo dira Azkena Rocken. 90eko hamarkadako punkak irekiko du, hain zuzen, jaialdia ostegunean, Rancid taldearen bidez. Berkeleyn (Kalifornia, AEB) sortu zuten talde hori, duela 30 urte baino gehiago, eta punkaren hirugarren olatuaren parte dira. Iggy Popek bezala, haiek ere aurten kaleratu dute azkenengo albuma: Tomorrow Never Comes.

Rock-and-roll instrumentalak, 1960ko hamarkadako rockak eta garage-rockak bat egingo dute Azkena Rocken bigarren egunean. The Fuzillis taldeak emango dio hasiera egunari, Gasteizko Andre Maria Zuriaren plazan, 13:30ean. Frankie Fuzillik, William J. Oakek, T-Mag Maguirek eta Dan Martinek eratu zuten taldea, Londresen, 2014. urtean. Ordutik, hainbat jaialditan jo dute, eta Amsterdamgo Rock and Roll Circus festibaleko buruak ere izan ziren haren 10. urteurrenean. Erritmo dantzagarri eta basatiak eramango dituzte Azkena Rockera.

Euskal Herriko taldeek rock gogorra eramango dute oholtzara larunbatean. 17:30ean, Brigade Locokemango du kontzertua, Mendizabalako God agertokian, eta, gero, Ezpalak taldea arituko da, Love agertokian, 18:00etan hasita. Talde horiek azken urteetan sortutakoak dira, eta haien abestiek punkaren aztarnak dituzte. Brigade Locok bi disko kaleratu ditu: Ekintzek dute hitza (2017) eta Amets bati lotuta (2021). Ezpalak taldeak, berriz, Hortz aina hots disko berria aurkeztuko du jaialdian.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.