Drunken Barrels, The Lio, Skakeitan eta Tirri & Tery, VIII. Arizkun Rocken

Egun bateko festibala 17:00etan hasiko da, gaur, Baztango herrian. «Naturaltasun osoz» itzuliko da jaialdia aurten, «gogoz»

Skakeitan talde donostiarrak azken biraren kontzertu bat emanen du. BERRIA.
Yasmine Khris.
2022ko ekainaren 24a
00:00
Entzun

Euskal musikak hartuko du bertze behin lekua gaur Baztanen (Nafarroa), Arizkun Rock jaialdiaren zortzigarren aldian. Antolatzaileek iragarri dute urtero bezala Euskal Herriko taldeei lekua egin nahi dien ospakizuna izanen dela. Egungo eszena musikaleko lau talde arituko dira Arizkungo plazan,

 

Drunken Barrels taldea igoko da oholtzara lehenbiziko emanaldia ematera. Irlandar musikaz girotuko du arratsaldea, antolatzaileen esanetan. Iñigo Beltzunegi, Kepa Lazaro, Endika Beltran, Xabier Durruti, Iban Durrufena, Mikel Fagoaga eta Izargi Zumarraga baztandarrek lehen aldiz izanen dute jaialdian jotzeko aukera.

The Lio punk-rock laukoteak hartuko du erreleboa, 23:00etan. Iruñeko Txantrea auzoan sortua da taldea, eta bigarren diskoa aurkeztuko dute: Iraganaren preso. Haien ondoren, Skakeitan ska talde donostiarrak joko du, eta azken agurra emanen du Nafarroa Garaian. Izan ere, Zuekin azkena agur biraren kontzertu bat izanen da gaurkoa.

Jaialdia hesteko, Tirri & Tery DJ bikote baztandarra arituko da, Arizkun Rocken klasiko bihurtu den taldea. Baina azken aldia izango da, jaialdiaren webgunean iragarri dutenez, azken birarekin baitabiltza haiek ere.

Jateko aukerak eta doako kanpalekua ere izanen dira bertan.

«Arras kontent eta urduri»

Herriko plazan eginen dute musika jaialdia, «naturaltasun osoz», antolatzaileen hitzetan: «Gogoz aurreikusten dugu aurtengo edizioa, baina sentimendu nahaste bat da; erranen nuke momentuz arras kontent gaudela, baina urduri ere bai», aitortu du Alvaro Soule antolatzaile taldeko kideak. Izan ere, aurtengo jaialdia «lehen bezala» antolatu dute, pandemiak ez baitie «oztoporik jarri» oraingoan.

2015ean lehengo aldiz antolatu zutenetik, Arizkun Rocken nortasunaren ezaugarri bat auzolana izan da. Eta autogestioa izanen du ardatz aurten ere. Parte hartzen duten taldeei herriaren, antolaketaren, ingurunearen egoera sozioekonomikoaren eta besteren berri ematen saiatzen dira antolatzaileak. Formatu «txikiko» jaialdia izaten segitzeko nahia agertu dute: «600 biztanleko herri batean bizi gara, eta ez dugu nahi bihurtu makrojaialdi. Jaialdi txikia da, eta horrela mantendu nahi dugu».

Urtero bezala, herriko bestekin batera emango dituzte entzunaldiak Baztango herrian. Aurtengo osasun neurrien desagertzearekin, jaia ospatzeko aitzakia «hirukoitza» dutela sinisten dute antolatzaileek: «Ahalegin handia egin dugu egitaraua ateratzeko, beti sarrerak dohainik eskainiz; horrela ulertzen baitugu musika». Txikitik baina zabalera, alegia.

Zortzigarren aldi honetan BERRIA izanen da berriz Arizkun Rock jaialdiaren babesleetako bat. Zortzigarrena, nahiz eta 2020an ez zen ospatu ohiko moduan. «Koronabirusa zela eta, ezin genuen normalki antolatu festibala. Dena dela, edizio digitala eskaini genien ikusleei, eta bideo bat publikatu genuen sare sozialetan, eskerrak emateko». Jon Maia bertsolariaren ahotsa aditzen zen bideoan: «Musikaren aitzakia hartuz, Arizkun Rock sortuz: herri bizi, eraikitzaile eta zoriontsu baten alde apustu egin genuen». Soulek goxo ekarri du gogora 2020ko jaialdia, «kariñoz, nahiz eta bitxia izan zen».

Gaurko egunerako ere grabatu dute bideo bat, musika talde guzien mezu batekin. «Etorri zaitez, eta gustura pasako duzu», iragarri dute Drunken Barrels taldekoek, eta «gogor» ekinen diotela erran dute The Liokoek.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.