Guztien ahotan dabil hitz demoniozkoa, irrati-telebista eta mahai-buelta, zinegotzi eta kaleko paseante, tentuz ahoskatzen dute guztiek gaitz ororen iturri den hitz hori, errotik deuseztatu behar dena, erdaratik hartutakoa gainera, hain dena demoniozko ezen euskaraz ez baitakigu ondo nola esan ere: kale-zurrut, botiltzar, kale-edan...
Lazkao Txiki zenak esana da behin kamiseta batean ikusitako hura: «Ingelesa, rock-and-rolla eta hori dena drogea duk». Eta azkenaldian hedabideak eta politikari profesionalak, enpresariak eta bi-xentimoko-iritzilariak bildu dira aliantza santuan esaldi haren aldaera berrira: botiloia, trapa eta hori dena da drogea orain.
Oinarrian erdi-mailako klasearen ideologia antiproletarioa dago. Krisi ekonomiko etengabean hazi garen gazte langileoi gelditu zaigun sozializazio-modu bakarretakoa da botiloia, gure bizitzen pobretzearen eta kultura kapitalista dekadentearen ondorio zuzena. Ostalaritzako jabeek diote: gure negozioei kalte besterik ez diete egiten! Poteatzaile iritzilariek diote: zibilizatuak izaten ere ez dakite arduragabe horiek! Eta biek batera: edan dezatela, baina ezin al dute behingoagatik jende normalak bezala jokatu eta gure tabernetan edan, ondotxo jakina baita ez dagoela kutsatzerik ardoa bi euro eta berrogeita hamar pagatzen den lekuan.
Botiloiaren kriminalizazioa aspalditik dator, baina orain pandemian topatu du justifikazioa. Erdi-mailako klasearen ideologiak, iritzilarietatik ezker instituzionaleraino, etengabe kriminalizatzen du pobreziak sortutako langileon bizimodua, beren jokabide-markotik irteten den guztia. Botiloia da orain, okupazioa edo istiluak dira bestela, eta guztiek dute konponbide bera: polizia gehiago. Eta horrela zilegiztatzen dute gizarte kapitalista gero eta totalitarioagoa.
MIRA
'Drogea'
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu